Skip to main content

Internazionalizazioa: aukera ez ezik, beharra

Prointer, Moderna, Gauzatu… internazionalizazioa bultzatzeko programa ugari dituzte martxan euskal administrazioek. Krisiaren ondorioz, nazioartekotzea beharrezkoa jotzen dutelako adituek. Euskal enpresak ere hasi dira, pixkanaka-pixkanaka, pausoak ematen.

Jon Azuak, Enovatinglab-eko Presidenteak, euskal enpresen internazionalizazioaz azterketa sakona (Jon Azua, Euskal enpresen internazionalizazioaz, lan osoa, gaztelaniaz) egin du Gaindegiarentzat. Prozesuan sakontzeaz gain, adibide praktikoetan dihardu, esaterako, GUASCOR-DRESSER RAND, Gamesa, Iberdrola, Aernnova, CAF, eta Guggenheim. (Jon Azua, euskal enpresen internazionalizazioaz, laburpena, EUSKARAZ.)

“Aukera ez ezik, beharra ere bada internazionalizazioa”. Mezu hori etengabe entzun da agintari, aditu eta ekonomia sustatzaileen artean. Beharrezkoa da nazioartekotzea, zorraren krisiaren ondorioz Euskal Herriko eta Europako merkatua geldituta daudelako, eta bezero potentzialak atzerrian daudelako. Eta aukera bat ere bada, enpresen hazkundea eta indartzea ekar dezakeelako.

Baina euskal enpresek oraindik ere bide asko dute egiteko. Nazioartekotzearen kontzeptua esportazioetara mugatzen dute gehienek, eta oraindik oso gutxi dira atzerrian inplantantu eta ekoizpen zentroak zabaltzen dituztenak. Baina hori ari da aldatzen. Hala ondorioztatu zuten, behintzat, iaz, Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako internazionalizazioaren inguruko kongresuan. “Euskal enpresek, lehen, nazioartekotzea aukera bezala ikusten zuten: orain, ordea, behar bezala ere bai”, jaso zuten ondorioetan.

Enpresa handiak izan dira aitzindari nazioarteko merkatuen konkistan, baina azken urteotan enpresa txiki eta ertainak ere hasi dira saltoa ematen. Horren adierazle dira, esaterako, SPRI EAE-ko Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak eta Cofides Espaniako Gobernuaren ekintzak 2011n nazioartekotzea sustatzeko egindako programaren emaitzak: hamarka proiektu jarri dira abian, ekoizpena atzerrira eramateko. Gehienak automoziorako osagarrien, etxeko tresnen osagarrien eraikuntzarako ekipamenduen egiten dituzten eta ekipo-ondasunen sektoreetan aritzen diren enpresak izan dira, eta honako herrialdeetan jarri dituzte martxan proiektuak: Brasil, Txina, India eta Europa ekialdea.

Saltoa egiteko, sustapen programak erabili dituzte enpresa gehienek. Izan ere, bai gobernuek, bai merkataritza ganberek, internazionalizazioa bultzatzeko ekimen asko jarri dituzte martxan. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 8.000.000 euro bideratu zituen iaz horretara, programa eta laguntzen bidez. Enpresei zuzendutako laguntzak ematen ditu, batetik, Prointer eta Gauzatu programen eta SPRI sarearen bidez. Elkarte, ganbera eta clusterrentzat ere baditu laguntzak; Elkartzen programa eta bestelako hitzarmenak; eta gazteentzat, internazionalizazio bekak eskaintzen ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, Moderna plana jarri du abian 2008-2011 artean hango enpresen internazionalizazioa sustatzeko, eta 9.757.000 euro inguru bideratu ditu horretara. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Akitaniako erregio zuzendaritzak ere ere badu nazioartekotzea indartzeko sail propioa, eta nabarmen indartu du horretarako laguntza.

Internazionalizazioan eskarmentu handiko enpresak daude Euskal Herrian. Mondragon taldea, Irizar, Viscofan… asko dira jada urtean daramatzatenak. CAFek, esaterako, iaz Zeelanda Berrian, Brasilen, AEBetan eta Txilen lortu zituen kontratuak. Guascor, berriz, Dresser Rand konpainiarekin batu da, nazioarteko merkatura salto handia emanez. Anboto enpresak, berriz, Bostonen ordezkaritza zabaldu du Arianek Panamarako bideari ekin dio…

Beharrak bazterrak mugiarazten dituela esaten da. Nazioartekotzearekin ere hala gertatuko delakoan daude asko. Mugimendu apur bat sumatzen da behintzat.

Estitxu Elduaien