Skip to main content

[Eduardo Malagon] Mendiko eskualdeen etorkizuna

Herrialde garatuetan, mendiko eskualdeak errealitate sozioekonomiko periferikoak bezala bilakatu dira. Aspaldidanik (eta are gehiago azken mendean), beraien ezaugarri geografikoek (orografia, altuera, klima, e.a.) mugatu dituzte erabat bere konexioak garapen ekonomikoaren zentro eta ardatz nagusiekin. Hori dela eta, garapen ekonomiko dinamika nagusietatik kanpo geratu izan diren eskualdeak dira, gainbeherakada mantso baina geldiezin batean murgildu direlarik. Beherakada hau gauzatu da, alde batetik, populazioaren murrizketan eta zaharkitzean, elementu gazteenak eta dinamikoenak alde eginez; bestetik, bere jarduera ekonomiko tradizionalen (abeltzaintza, basogintza eta beraiei lotutako industria txikia) atzerakadan, jarduera alternatiboek (turismoa, adibidez) aurrekoen pisu galera ordezkatzeko ahalmen mugatua aurkeztuz. Guzti honek ekarri du espazio hauen hustuketa demografiko eta sozioekonomikoa.

Hori guztia dela eta, mendiko eskualdeen atzerapenak botere publikoen interesa eta atentzioa deitu zuen, horren hastapenak Europa mailan Mendiko Eskualdeen inguruko 268/75 Direktiban topatzen ditugularik. Direktiba hau Europar Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) txertatu arren, mendiko politika bat garatzeko egindako esfortzuak nahiko apalak izan dira bai Europar Batasunaren aldetik eta baita estatu zein erregioetako administrazioetatik, esku hartze horiek beti egon direlarik landa garapen politiken marko orokorrean integratuak.

Bestalde, aipatu behar da ere, tradizionalki, landa garapen politika Nekazaritza Administrazioen eskutan egon dela, eta hauen ikuspegia izan dela nagusi planak eta egitasmoak martxan jartzeko orduan. Bitartean, administrazioaren beste esparru batzuk (hezkuntza, osasuna edo gizarte zerbitzuak, adibidez), irizpide urbano soilak jarraituz, ez diete behar bezala erantzun izan mendiko eskualdeen behar bereziei. Zerbitzu publikoen hornidura baldintza eskasek mezu garbia bidaltzen zieten bertako haur eta gazteei: "hemen aukera gutxi dago". Guzti honek agerian utzi izan du eskualde hauen garapenari aurre egiteko beharrezkoa den ikuspegia integral baten falta. Beraz, etorkizunari aurre egiteko mendiko eskualdeak dauzkaten erronkak ez dira eskasak.

Erronka guzti horiei aurre egiteko eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza derrigorrezkoa da, elkarlanean oinarritutako gobernantza marko berritzaileak bere eraginkortasuna frogatu dutelarik, bertan eta Europako hainbat mendiko eskualdetan ere. Esperientzia horiek ere aukeren itxaropen izpiak erakusten dizkigute. Alde batetik, mendiko eskualdeen aktiboen ugaritasuna eta beraien aprobetxamendu jasangarria: mendiko eremutan topa ditzakegu herrialde garatuetako natur baliabideen gehiengoa. Baliabide horiei atxikituta agertzen dira ondasun publiko oso garrantzitsuak: bioaniztasuna, karbonoaren finkatzea, paisaia, ur arroen kudeaketa, kultura eta ohiturak, etab. Sozialki hobezina den hauen hornidura maila mantentzeko derrigorrezkoa da esku- hartze publikoa, eta horren inguruan martxan jartzen diren politiken eta tresnen onuradunak mendiko eskualdetako biztanleak izan behar dira, sortzen diren enplegu eta errenta aukerak beraiei zuzenduz. Bestetik, informazio eta komunikabideen teknologia (IKT) berriek aukerak handiak ematen dituzte jarduera eta profesional berriak mendiko guneetan kokatzeko, jarduera ekonomikoak indartuz, errentak erakarriz, lanpostu berriak sortuz eta populazioa finkatuz. Azkenik, IKT teknologiek ere mendiko eskualdeen konexioak gizarte urbanoarekin estutzen dituzte, fluxuak areagotuz. Konexio horiek mendiko eskualdeetako ondasunen eta zerbitzuen merkaturatze eraginkorragoa egiteko aukerak dakarte. Honela, mendiko aktiboen eta produkzioen balorizazioak agerian utzi beharko lieke mendiko biztanle beroiei beraien bizimoduak etorkizuna duela, eta ez soilik hiritarren aisiarako parke bat bezala.