Skip to main content

Zer da EuskalGeo

euskalgeo irudiaEuskalgeo.net atariak ohiko Datu Espazialen Azpiegiturek (Spatial Data Warehouse) berezko dituzten tresnak eskaintzen ditu, hala nola, lekutzeko tresna, mapa bisualizatzailea, deskargarako atala eta OGC zerbitzua. Honela, erabiltzaileak Euskal Herriko egitura ekonomiko, sozial, instituzional edo espazialarekin lotutako kontsultak egiteaz gain, azpiegitura espaziala bere gisara baliatzeko aukera izango du.

Egun eskaintzen duen katalogoa oinarrizkoa da eta hurrengo urtetan hedatzen eta zabaltzen joango da. Eskuragarri dauden elementuen artean ditugu: udalerrien katalogoa, eskualdeena, portu eta aireportuena… Azpimarratzekoa da bertan erabiltzaileak Euskaltzaindiak euskaraz finkatu duen udal eta eskualdeen izendegiak eskuragarri dituela, besteak beste.

euskalgeo.net atariak eskaintzen duen azpiegitura espazialaren zati handi bat gaur egun instituzioek eskaintzen dituzten datu espazialak bateratuz osatuak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren GEOEUSKADI edo Nafarroako Gobernuaren IDENA, baina baita Euskal Herri mailan datu espazialak sortzen ari diren entitateenak ere, besteak beste, Euskaltzaindiak toponimiarako, EuskalNaturak (UEU) ingurunerako edo Gaindegiak ekonomia eta gizarterako.

Datu espazialak, gero eta beharrezkoagoak
Gizarte eta ekonomia alorreko analisiak burutzeko analisi espaziala ezinbesteko diziplina bihurtu da, aski da GIS teknologia ekonomia, gizartea edo ingurumen arloan nola aplikatzen ari den ikustea. Are gehiago, analisi espaziala eta datu espazialak ezinbestekoak bihurtu dira ingurumenaren babeserako, garapen ekonomikorako edo gizarte kohesiorako behar den ezagumendua sortzeko.

Gaurdaino Euskal Herriak ez du datu espazialak  zerbitzatzeko plataformarik izan, eta hutsune hori betetzeko asmoz sortu du Gaindegiak ataria.

www.euskalgeo.net