Skip to main content

[ANALISIA] Euskal Herriko ekonomiaren begirada orokorra, MIKEL ZURBANO

Image removed. Mikel Zurbano, EHUko irakaslea

Nabarmena da gaur egungo krisialdian eta Europan denbora eta espazioaren kontestuak lurralde bateko ekonomiaren abaguneari egindako eragina. Euskal Herriko ekonomia oso irekia den neurrian bistakoa da eragin hau eta honen isla argia Euskal Herriko ekonomiaren zenbait adierazle 2013 txosteneko zenbakietan ikus daiteke.

Dagoeneko bost urte pasa dira Amerikako Estatu Batuetan finantza krisia lehertu zenetik. Jakina da ondoren finantza arlotik ekonomia produktiborako bidea egin zuela krisiak eta mendebaleko herrialde eta lurralde gehienak, gutxi asko, motelaldia eta ekonomi krisia -Atzeraldi Handia- ezagutu dutena. Europako hainbat herrialdetan krisiak produktuaren eta errentaren atzerakada ekarri du eta horrekin enpleguaren galera eta disparekotasun sozialen igoera. Errealitate atzerakor hau Euskal Herriko ekonomian ezarri da 2012 urtean ere. Ez da 2009ko urteko murritzaldiaren tamainakoa izan baina larritasuna motelaldiaren luzapenak erakusten du batez ere, izan ere enplegu galera areagotu egiten da eta ez du atzerako bueltarik erakusten.

Euskal Herriko egitura ekonomikoan industriak duen pisua oso esanguratsua da Europako Batasunaren ingurumarian ere. Egitura hori medio Espainiako Estatuko higiezinen burbuila lehertu zeneko garaian honen eragina ez zen berehalakoa izan Hegoaldean. Nolanahi ere, euskal industriak ere gogor pairatu du krisia azkenaldian batik bat 2009an, orduan industriako balio erantsiak eta industri enpleguak indarrez egin baitzuten behera. Ondoren balio erantsiaren igoera xumeak izan dira baina industri enpresetako landunen kopuruak gutxitzen jarraitu du. Industriako bi aldagai horien bilakaerek eragin dute lanaren produktibitatea orokorra positiboa izatea 2010 eta 2011 urtetan. Haatik, Espainiako Estatuan baino produktibitate igoera ahulagoak izan dira Euskal Herrian, enplegu galera apalagoa izan baita hemen bi urte hauetan.

Euskal Herriko BPGaren bilakaeraren motelaldiaren oinarrian bere osagai gehienen jokabide uzkurra aurkitzen da. Horien artean inbertsoaren bilakaera da azpimarragarria, izan ere inbertsioak behera egin du 2008 urtetik aurrera, oso bizkor 2009an, eta 2011 urteko zeinu aldaketa oso xumea da eta ez du joera aldaketarik aurreratzen. Beraz, inbertsioak oso indartsu eragiten du zikloaren atzeraldian murgiltzeko garaian Euskal Herrian, inguruko lurraldeetan baino bizkorrago eragin ere.

BPGaren bilakaera kaskarrean eragin dute hala kontsumoak nola gastu publikoak. Lehenaren zantzua Euskal Herriko errenta erabilgarriak nozitu duen geldialdiak erakusten du, zeinak zergak kendu ondoren euskal herritarrek gasturako duten errenta eta eros ahalmen urriagoa bistara ekartzen duen. Ez da harrigarria, beraz, kontsumoaren murrizketa aurrezkiaren jaitsierarekin ematen dela baieztea. Ezaguna da ere, batik bat 2010etik troikak ezarritako baldintzen haritik gastu publikoaren murrizketak gogorrak izan direla eta zikloaren zentzu bereko neurri honek BPG are gehiago uzkurtu duela. Honen ondorio da ere, Euskal Herriko I + G gastuaren beherakada nabarmena zeinak bertako enpleguan eragin duen.

Haatik, kanpo sektoreak izandako jokaera oro har positiboa izan da 2009an eta 20112an euskal salkarien esportazioek jaitsiera esanguratsuak izan arren. Esan liteke kanpoko merkatuetara egindako ahaleginak leundu egin duela produktuaren eta errentaren jaitsierarako joera. Ahalegin hau dibertsifikazioaren bidetik egin den ikusi beharko litzateke jokabidea iraunkorra izateko dituen aukerak egiaztatze aldera.

Mikel Zurbano, EHUko irakaslea.