Skip to main content

[IRITZIA] Hegalaburraren salneurria, IMANOL ESNAOLA

Harri eta zur utzi nau hegalaburra arrantzatzeko baimena beste lurralde bateko enpresa bati saldu izana. Ukaezina da armadoreek prezio bikaina lortu dutela kiloko itsasora joan beharrik gabe, baina hor amaitzen ote dira auzi honekikoak?

Nire ezjakintasuna aitortu behar dut. Izan ere 11 euro jasotzea pagotxa baldin bada, besteren batek askoz garestiago saltzen duelako izango da. Beraz, non dago pagotxa? Irakurri Gaindegiaren lana euskal arrantzaren inguruan.

Aspaldian entzuten dugu hemengo arrain eta itsaski gozoenak Madrilen saltzen direla prezio hobea egiten duelakoan. Gauzak horrela, nire buruari galdetzen diot zergatik ez ote den saltzen euskal hegalaburra Tokion edo dirua egiten duen beste ezein lurraldetan. Beste modu batera ere pentsa daiteke, alegia, hegalaburrak horren harrera ona baldin badu merkaturen batean bertako produktua haraino eramango duen enpresa edo elkarteren bat sortu beharko da. Nazioartekotzeak euskal enpresentzat erronka bihurtu den honetan, hor jarri behar genuke gure hurrengo helburua. Merkaturatzeko enpresa bat sortu, "basque tuna"marka sortu, arrantza molde jasangarrien gainean, euskal kostaldea sustatu, Euskal Herria... Hegalaburraren merkaturatzeari bide luzeagoa eman behar genioke herri ikuspegi batetik. Jokaldi bikaina litzateke Lapurdiko armadoreek ere parte hartuko balute elkarte horretan.

Gainera, arrantza bertako enpresek egiteak bertako hornitzaileak, untziolak, tailer mekanikoak... animatuko lituzke. Enplegua, salerosketa, errekaudazio fiskala... Ez dirudi gutxiesteko erronka denik.

Baimena saltzen jarraitzeak, halaber, Europan euskal arrantzaren aitortza instituzionala lortzeko borroka apaltzea lekarke. Esan bezala, baimena saltzea da albiste, ez irabazitakoagatik, irabazteari utzitakoagatik baizik.

Imanol Esnaola