Skip to main content

Hegoaldeko udalen %30,2k ez du zorrik

Beste %13,9ak biztanleko mila eurotik gorako zorra du

Hegoalde osotik barreiatuta dauden 526 udalerrietatik hauek duten zor biziaren argazki orokorrak errealitate desberdinak uzten ditu agerian: 2011ko abenduaren 31erako zorrik gabeko udalerriak %30,2 izan ziren. Hegoalde osoan, mila biztanletik beherako udalerriak %54,9 dira, eta zorrik gabekoen artean, beraz, %69,8a osatzen dute.

Hegoaldeko udalerrien zor bizia biztanleko 2011. Ikusi ranking-a hemen.

Biztanleko mila eurotik gorako zorra duten udalerrietan ere mila biztanletik beherako udalen kopuruen proportzioa ere altua da kasu honetan. Izan ere, Hegoaldeko udalerrien %13,9k du mila eurotik gorako zorra eta horietatik %65,8 mila biztanletik beherako udalak dira. Biztanleko zor biziaren ratioa neurtzen badugu mila biztanletik beherako udalerriak dira inbertsioak eginez gero zor bizia per capita sortu eta honi aurre egiteko zailtasun handienak dituztenak.

1.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerri gutxi dira zero zor dutenak. Hegoaldean tamaina horretako udalerriak %27,8 dira (146) eta zor mota horretako guztizkoaren %17,6a osatzen dute.

Zorraren kokaleku geografikoari erreparatuz, nabarmentzekoa da 2.000€ baino altuagoa den biztanleko zor bizia duten udalerri guztiak Nafarroa Garaian daudela, 5.000 biztanleko edo gutxiagoko udalerrietan (Nafarroa Garaian tamaina txikiko udalerriak dira gehiengoak).

50.000 biztanletik gorako udalerrietan, herrialdeetako hiriburuez gain Getxo eta Irun ere badira, baina Bilbao da zero zorretik gertu dagoen udalerri bakarra. Beste muturrean Irun dago biztanleko 687€ko zor biziarekin 2011 bukaeran. Jarraian daude Gasteiz 562€ zorrarekin biztanleko, Iruñea (450€), Donostia (448€) eta Getxo (438€). Azken hauek dira zor bizi gordin altuena duten Hegoaldeko udalerriak.

Zor biziaren eboluzioak aipamen batzuk egiteko aukera eskaintzen du. 2011 ekinaldian Hegoaldeko udalerrien %57,4k (302) aurreko jardunaldiarekiko euren zorra murriztu zuten eta %12,7k (67) areagotu. Honek zorrarekiko joera murriztailea azaltzen du, izan ere, 2008-2011 epealdian urtez urte haien zorra txikitu zuten udalerriak %46,8 izan ziren eta handitu zituztenak, aldiz, %27,8.

Hegoaldeko udalerrien zor bizia biztanleko, 2011