Skip to main content

Euskal Herriko udalerrien %69,9k Europako Batasuneko menpekotasun tasa gainditzen dute

Udalerri horietatik 81ek EBk 2050erako aurreikusita duen zahartzaroaren menpekotasun tasa gainditzen dute Ranking-a: Euskal Herrik udalerrien menpekotasun tasa.

Euskal Herriko menpekotasun tasa demografikoa 0,8 hamartar altuagoa da EB-27koa baino (%49,3). Aldiz, Euskal Herriko udalerrien bataz besteko tasa 7,8 puntu altuagoa da Europan baino. Hau da, Euskal Herriko udalerri askotan 15 urtetik beherakoen eta 64 urtez gorakoen arteko proportzioa oso altua da potentzialki aktiboa den biztanleriarekin alderatuz gero.

Aintzat hartuz gero Euskal Herriko argazki demografikoa gizarte heldu batena dela, udalerri askotan menpekotasun tasa altuaren oinarria zahartzaroaren menpekotasun tasa oso altua da. Tamainaren arabera, mila biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bataz besteko menpekotasun tasa %61,1ekoa da (%40,4 biztanleri zahartuarekiko). Jarraian, tasarik altuena 25.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerriek dute (%52,4), eta hauen artean, nabarmentzekoa da Bilbao Handia eskualdeko udalerrien kopurua eta BAB ingurukoak. Mila eta bost mila biztanle arteko udalerriak ere Euskal Herriko (%52,3) bataz besteko tasaren gainetik daude.

Menpekotasun tasa orokorra eta zahartzaroaren menpekotasun tasarekiko desberdintasunak handiak dira udalerrien artean. Honek erakusten digu Euskal Herriko egoera orokorra errealitate desberdinek osatzen dutela. Muturreko datuak Nafarroa Garaiko udalerrietan kokatzen dira (Estellerria eta Nafarroa Erdialdeko Ekialdeko eskualdeetan kasurik gehienetan) eta maila apalagoan Iparraldeko eskualde batzuetan (Basabürüa edo Arbela). Menpekotasun tasa oso altua duten udalerrien artean ere badaude biztanle kopuru altuak dituzten udalerriak, Lapurdiko kostakoak, esaterako (Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu edo Ziburu).

Komenigarria da menpekotasun demografikoaren tasa eta menpekotasun ekonomikoaren tasa bereiztea, desberdinak baitira estatuaren ongizatearen finantziazioari begira. Menpekotasun tasak oinarrizko azpiegiturekiko tokiko beharren ideia bat ematen digu non lurraldearen planifikazio egoki bat beharrezkoa den.