Skip to main content

Artatzeko berme funtsa. Imanol Esnaola

Errioxako Autonomia Erkidegoak Nafarroa Garaia eta EAErekin osasun zerbitzuen inguruan daraman kalapitan Espainiako Gobernuaren erabakiak Euskal Herrian behar dugunari buruzko argibide interesgarriak ematen ditu.

Labur esanda, Alderdi Popularrak, Gobernu zentralaren kudeaketan dituen arduretatik, auzi hau lurralde eta komunitateen arteko kohesioa zainduz ebatzi behar dela erabaki du. Estatuak erabaki ohi duen neurri harmonizatzaile bat gehiago besterik ez da, baina esanguratsua bizi ditugun garaiotan. Jatorriagatik bereizketarik egiten ez duen osasun zerbitzuaren alde egitearena beste era batera esan daiteke, hots, Ebro ibaia ez dadila berez dena baino hesi handiagoa bihur, ez ditzala mugako euskal herritarrak are gehiago urrundu. Elkarbizitza asimilatzailearen alde egin eta bereizkeria baztertzea esan nahi du.

Eman dezagun Euskal Herriko instituzio eta orotariko organizazioek Errioxako herritarrek duten bezainbesteko parte hartze aukerak eskaintzen dizkietela euskal herritarrei, edonongoak direla ere. Egun pentsaezina da Lapurdiko ikasle euskaldunak UPV/EHUn ikasteko Jaurlaritzak eskaintzen dituen aukerez baliatzea. Gauza bertsua gertatzen zaio bazkide bila dabilen ekintzaileari, kalitatezko ekoizpena saltzeko merkatu bila dabilen baserritarrari, edo bere mozkinak bertan uzten dituen finantza entitate baten bila dabilenari… Auzia ez da mugak gainditze hutsa, Euskal Herriko edozein herritar edo organizaziok edozein euskal lurraldetan ateak zabalik izatea baizik. Pentsa dezagun zer egin dezakegun gure etxean hori bideragarri izan dadin. Espainiako Erreinuak egiten duen bezala.

Imanol Esnaola