Skip to main content

Baleren Bakaikoa: “Langabezia ez dute konponduko ohiko enpresek (…) lanpostuak sortzeko Gizarte Ekonomia daukagu”

Baleren Bakaikoa, Ekonomialaria eta EHUko Irakasleari elkarrizketa Image removed.

Azken hamarkadetan dedikazio profesional handia eskaini diozu euskal Gizarte Ekonomia ikertzeari. Ekonomialaria zaren aldetik, gaur egun Gizarte Ekonomia zer den eta bere eragin ekonomiko eta soziala zein den azalduko al zeniguke?

Hego Euskal Herrian Gizarte Ekonomiak garrantzi handia dauka,batik bat, ekonomia mota horretan Mondragon Korporazioa ere sartzen delako.Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ekonomia ezagutzeko Behategia bat daukagu (OVES-GEEB) eta bertan azaltzen denez euskal Barne Produktu gordinari eta enpleguari ekarpen polita egiten dio Gizarte Ekonomiak eta krisialdi honek ere gutxiago kaltetu du..

Beraz, zein dira Gizarte Ekonomiak dakartzan onurak euskal testuinguruan? Behar bezala ezagutzen al dira?

Gizarte Ekonomiak enpresa izaera berri bat eskaintzen du. Enpresa mota hauen helburua ez da izaten mozkinak ahal den garaienak erdiestea,baizik enplegua ziurtatzea ahalik eta baldintza hoberenetan.Noski, mozkinak ere lortu behar ditu,enpresa bideragarria izan behar baitu,baina gizarteari begiratuta, ez pertsona gutxi batzuen interes ekonomikoetara zuzenduta.

Euskal Gizarte Ekonomiari zein egiteko ikusten diozu ingurumari ekonomiko globalean?

Gizarte Ekonomiako enpresen ezaugarri nagusietako bat tokiko enpresa izatea da.Ez dira deslokalizatzen, erabakiguneak sortutako lekuari txertatuta daude eta hor diraute

Eginkizun horiek betetzeko zer falta zaio? Zer behar du euskal Gizarte Ekonomiak?

Euskal hiritarrek gehiago ezagutu behar dute. Pentsatu behar da gure baitan daukagun langabezia ez dutela konponduko ohiko enpresek. Are gutxiago kanpotik etor daitezkeen multinazionalek, horiek herrialde txiroagoetan baitituzte beren interesak.

Beraz, lanpostuak sortzeko Gizarte Ekonomia daukagu. Jendea elkartu, konbentzitu eta enpresa proiektua sustatzen hasi. Laguntzeko badaude erakundeak: Elkar-Lan, ASLE, Saiolan, unibertsitateak berak, eta abar.

Pena da ikustea, gazte jendeak izugarrizko gaitasuna eduki eta kanpora joan beharra izatea lan postua aurkitzeko. Are gehiago,ikerketarako gaitasuna izan eta beste herrialde batek onurak lortzea hemen prestatua izan ondoren. Gastu publikoa guk egin eta beste batzuk abantailatu.

Gizarte Ekonomiak ekintzaile gazteentzat erreferentzia izaten jarraitzeko behar besteko sustapena duela uste al duzu?

Ez dut uste Gizarte ekonomia behar adina ezagutzen denik. Irakaskuntza ohiko enpresetara zuzenduta dago. Prestakuntza diru publikoarekin egiten da, hein handi batean, eta enpresa kapitalistak abantailatzen ; subentzio mota bat da eta hala ere kexatu egiten dira. Bien bitartean, autokudeatzen ez diegu erakusten gazteei. Hots, hezkuntza sistema enpresa kapitalisten zerbitzuan dago, ez gizartearen zerbitzuan, nahiz horrek ordaindu.

Gai honen inguruan besterik esan nahi al zenuke?

Bai, gazte jendea bere erabakiak hartzen hasi eta ikasi behar du. Autokudeatzen ikasi behar du, besteen menpe egon beharrean. Horretarako Gizarte Ekonomia erreferentzia dateke.