Skip to main content

Zor subiranoa, Ander Aizpurua, KUTXABANKeko Handikazko Negozio Sailaren Zuzendaria

Bakar bat izango bagina bezala funtzionatzeak dakartzan onurak

 

Artikulu bat idatzi bat behar nuela esan zidatenean zalantza izpiren bat izan nuen idatzitakoak kaleratzen zenerako baliorik izango ote zuen edo neurri edo egoeraren batek zaharkitua utziko ote zuen. Merkatu oso hegazkorretan bizi gara eta berri eta neurriak ditugu eguneroko janari.

1999an euroa indarrean sartu eta moneta politika bakarraren gerizpean Euro gunea osatzeko ibilbidea hasi genuen. Hazkunde ekonomikoaren laguntzarekin zentzu horretan eman beharreko pausuak eta zehazki, pausu horiek ematearen beharra atzeratzea ekarri zuten. Hala ere, bide horretan, Europako biztanleek eta herrialde ezberdinek gune hori sortzeko zuten kontzientziazio eta sentsibilizazio maila ez zela behar bezainbestekoa ohartarazten zuen egoeraren bat ere izan genuen: Europako konstituzioaren aprobazio eza, adibide. Baina momentuko hazkundeak sistemak zituen eraginkortasun gabeziak bertan jarraitzea ekarri zuten.

Image removed.

Ordutik hona egoera zeharo aldatu da. Italiak, Europako 3.garren ekonomiak eta G7ko kideak, Europaren laguntza jaso behar izan du. Portugal, Grezia eta Irlandarekin bat egin eta Euro gunea kolokan dagoela ohartarazi dute. Baina zergatik horrelako egoera bat? Moneta politika bakarrak, ekonomia eta zerga politika bakarra behar dituelako bidaide eta bere garaian Euro guneko kide izateko baldintza bezala jarritako neurriek ez zutelako aurreikusi herrialde batek arazoak dituen momentuan eman beharreko pausuak eta erabakiak zeintzuk diren. Gaur egun euro-bonoak, aurrekontu bakarra... ez ditugu arrotz eguneroko jardunean baina herrialde guztiak ados jarri eta erabakiak hartzeak denbora asko behar du, merkatuek nahi baino gehiago.

Eta zer eragin dauka aurretik aipatutakoak zor subiranoan? Zuzena eta erabakigarria! Herrialde batek bere inbertsio eta gastuei aurre egiteko behar adina bilketa ez duenean finantziazio bila joan beharra dauka eta hori bi modutan egin dezake: mailegu edo finantziazio bat eskatuaz entitate finantzarioari edo jaulkipenak eginez. Jaulkipen horiek inbertitzaile mota ezberdinek harpidetzen dituzte: pentsio planek, inbertsio fondoek, entitate finantzarioek, partikularrek... Euroa indarrean sartzeak herrialde ezberdinen zorraren interes tasak maila berdinera hurbiltzea ekarri zuen, hau da, finantziazio kostuak parekatzera. Honek merkatu zabal bat sortu zuen Europan, jatorri ezberdinetako inbertitzaileek herrialde bateko zorra erostea ohiko bihurtuz.

Baina lehen aipatutako gabeziek krisi egoera honetan zorraren interes tasen artean diferentzia handitzea ekarri du, arrisku ordaina gehitzea nolabait, aurrekontu, arau eta politika ezberdinak tarteko. Nola jasan liteke Europa bezalako gune batean herrialde batek % 7ko kostua izatea jaulkipen batean eta beste batek % 1,8a? Neurriak hartzea ezinbesteko bihurtu da baina gero eta denbora gutxiago geratzen zaio ondorioak larriagoak ez izateko.

Eta askok galdetzen duten bezala zein irtenbide dauka egoera honek? Ekonomialari eta politikari bakoitzak proposamen ezberdinak egingo lituzke nahiz eta politika ekonomiko eta fiskal bakarraren beharra inork ere ezin alboratu. Europak erabaki ahalmen handiagoa behar du, euro-bonoen jaulkipena, aurrekontu bakarra, fiskalitate zentralizatua eta lidergotza argia izanik aurrera eraman gaitzaketen giltzarriak. Herrialdeek beraien soberaniari uko egin eta neurri handi batean bakar bat izango bagina bezala funtzionatzeak dakartzan onurak (finantziazio kostua berdintzea...) Europari etorkizuneko atea zabalduko diolakoan nago.