Skip to main content

Zor subiranoa. Ez dago irtenbiderik oraingo EBn. Joseba Felix Tobar Arbulu

Joseba Felix Tobar-Arbulu, Doktorea Ingeniaritzan

Noizean behin irakurtzen dugu Euroguneko arazoek azkenean irtenbidea izan dutela. Baina irtenbide emaileek ez dute onartzen Euroguneko arazorik funtsezkoena finantza-arkitektura akatsez beteta dagoela.

Banku-sistemaren “arazoak” eta, ondorioz, premiazko birkapitalizazioaren “beharra” soilik arazo horren sintomak dira. Birkapitalizazioa ez da inolako irtenbidea solbentzia nazionalaren afera baterako, banku-sistemaren krisia solbentzia horren sintoma delako.

Portugal, Irlanda, Italia, Grezia eta Espainiari buruzko kezka, eta, izatez, euro herrialde guztiei buruzkoa, arrazoizkoa da. Afera da EBko estatu kideak ez direla AEB bezalako estatua. Monetari dagokionez, lehenak subirautzarik gabeko estatuak dira, AEB estatu subiranoa den bitartean. Grezia, Italia, Frantzia, baita Alemania ere, euroaren erabiltzaileak dira, ez jaulkitzaileak. Estatu horiek Kalifornia, Massachusetts edo AEBtako beste edozein estatu bezalakoak dira, guztiak dolar-erabiltzaileak izanik. Soilik AEB, bere osotasunean, dolar jaulkitzailea da, FEDen bitartez.

Baina Euroguneko politikariek funtsezko puntu hori enoratzen segitzen dute, eta, hortaz, ez dute zuzenki erabiltzen mugagabeko euroak sortzeko ahalmena daukan erakunde bakarra, EBZ.

Alderantziz, herrialdeko gobernuek EFSF (European Financial Stability Fund) finantzatzen dutenean, azkenik Frantziaren eta Alemaniaren kreditu baloratzeak mehatxatzen dituzte, merkatuak galdetzen hasten direnean zenbateraino dauden prest EFSF delakoa sustengatzeko. Herrialde horiek guztiak ez dira subiranoak beren monetarekiko (euroa erabiltzen dute, baina ez dute euroa jaulkitzen), beraz, beraien solbentzia ezaren arazoa sakontzen da.

Merkatu presioak gaur egun Greziaren aurka ari dira, baina kezkarik nagusiena da espekulatzaileek azkenean EBko herrialde kide handien kontra joko dutela, Italia edo eta Espainiaren aurka. Eta hemen EFSF-ren ahultasun estrukturala azaltzen da.

Eman ditzagun zifra batzuk. EFSFk eduki ditzake 440 x 109 euro, bilioi bat, 2 bilioi, are 10 bilioi, baina dena itzultzen da finantza iturburuetara. Ez dauka inolako zentzurik EFSF programa hori martxan jartzea EBZren laguntzarik gabe, berme sinesgarria egin dezakeen erakunde bakarra EBZ delako, mugagabeko euroa sortzeko ahalmena daukalako.

Hala Euroguneko politikariek nola merkatu parte hartzaileek ondoko bi puntu desberdin baina lotuta nahasten segitzen dute: solbentzia nazionalarena eta eskaria agregatuaren eskasiarena. Politikariek nahi dute EBZk biak egin ditzan, baina izatez EBZk soilik solbentzia afera konpon dezake. Afera hori bide sinesgarri batean egiten denean, orduan kapital merkatuak berrirekiko dira eta herrialdeek aukera hobea izango dute berriz finantzatzeko kapital merkatuen bitartez. Horrek esan nahi du ez direla behar bilioi dolar batzuk, zeren martxan erreminta sinesgarri bat baitago, hots, teklatu kolpe batez literalki bilioika euro sortu ditzakeen banku zentral bat eta, beraz, solbentzia nazionalari buruzko merkatuen kezkei aurre egitea. Puntu honetan, estatu desberdinen bonoak atsekabe gutxiagokoak bilakatuko dira eta banku birkapitalizazioaren beharra desagertuko da.

Baldin eta Alemania eta Frantzia sartzen badira zor subiranoaren bermeko aferan EFSFren bidez (hauxe gertatzen baita EBZk rolik ez baldin badu), horrek azkenean beren balantze nazionalak kutsatuko ditu. Ondorioz, merkatuek bi horien solbentzia zalantzan jarriko dute eta PIIGS harago kutsatze efektuak hedatuz. Horrelako ondorioak ikusten ari gara dagoeneko. Ondorioa: ez da inolako irtenbiderik topatuko harik eta EBko politikariek solbentzia arazoari soluzioa eman arte.

Austeritate neoliberaletik at, badago beste aukera bat. Horretarako, baina, merkataritza-bankuen eginkizuna, banku zentralaren zeregina, finantza-sistemaren eta diru-teoriaren funtzionamenduak ulertu behar dira: funtsean subiranotasun monetarioa da afera eta, ondorioz, praktika fiskal sendoa. Ikus http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia, batez ere 2010/01/03tik aurrera egindako lantxoak.