Euskal Herrian uda zein negu bada zer egin eta zer gozatu. Baliabide turistikoen informazioa, ordea, lurraldeka zatikatuta jaso ohi dugu euskal herritarrok. Argitalpen honek Euskal Herriko baliabide turistiko gehienak iturri bakarrean eskura jarri nahi ditu, lurralde bereizketarik egin gabe. Aurtengo udan COVID19ak eragindako larrialdi egoeran bertatik bertara dabilen euskal herritarrak gune bakarrean eta klika gutxirekin bilatzen duena topatzeko aukera erraza du.
Euskal Herriko baliabide turistikoen mapa interaktiboak euskal lurraldean zehar ibiltzeko informazio osoa eta eguneratua eskaintzen dio erabiltzaileari. Bisorearen bitartez sakelakotik zein ordenagailutik bizkor eta erraz eskura daiteke Euskal Herrian luze-zabalean diren azpiegitura turistikoei buruzko informazioa: turismo bulegoak, museoak, lotarako lekuak (autokarabana guneak, aterpetxeak, hotelak, nekazalturismoak, ...) eta larrialdi zerbitzuak, besteak beste. Azpiegitura bakoitzaren kokalekua eta informazioaz gain horietara iristeko Google maps zerbitzu bidezko irisbidea ere eskaintzen du.
www.euskalherrikomapa.eus gunean aurkitu daitekeen mapa interaktiboak 7.500 elementutik gora biltzen ditu. Informazio guztia datu biltegi publikoekin lotuta dagoen aldetik, une oro eguneraturik eskaintzen du. Egitasmo hau Gaindegiak, Euskalgeok eta Gislan kooperatibak elkarlanean abiatu zuten 2018ko udan.