Gure enpleguak, beraz, mediterraneoko herrialdeen antzeko bilakaera negatiboa du; Kroazia (-3,8), Grezia (-3,8) eta Txipreren (-3,6) atzetik gaude, baina Espainiak (-3,1) baino enplegu gehiago galdu dugu.
Euskal Herriko biztanleria okupatuak %3,5 murriztu zen 2013 urtean, INE eta INSEEko datuen arabera. Zifra absolutuetan, okupatutako 40.000 pertsona gutxiagorekin itxi da 2013 urtea. Hiru urte dira dagoeneko Euskal Herriak pertsona enplegatuen kopurua murrizten ari dela.
Okupatutako biztanleriaren galera erakunde estatistiko guztiek konfirmatzen duten arren, emaitzak oso bestelakoak dira. Esaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako EUSTATek emandako datuetan oinarritzen bagara, enplegu galera Euskal Herrian -%0,8 da, alegia, 10.000 enplegu gutxiago.
Europarekin alderatuta, azken urtean Euskal Herrian gertatzen ari den okupatutako biztanleria galera Europako bataz bestekoaren gainetik dago (-%0,4), eta enplegu tasa ere 5 puntu baxuagoa da gurean. Enplegu galeran, beraz, Euskal Herria mediterraneo inguruko herrialdeen parean ageri da, Kroazia (-3,8), Grezia (-3,8) eta Txipreren (-3,6) atzetik, baina Espainiaren (-3,1) aurretik.
Egindako lehen estimazioen arabera, Euskal Herriko BPGa -%0,1 jaitsi da 2013an; kontra, produktibitatea langile bakoitzeko %0,8 igo da. Azken datu honi erreparatuta, Euskal Herriaren produktibitate maila Europako herrialde erreferenteen parekoa da, Belgika edo Suitza kasu. Hala ere, produktibitatearen edota BPGren bilakaerek ez dute enpleguaren bilakaera mailarekin zer ikusirik.
Enpleguaren joera orokorra negatiboa bada ere, badira salbuespenak; esaterako, 55 urtetik gorakoen biztanleria okupatuan eman den gorakada (+%2,5), edota lehenengo sektorean eman dena (+%31,9).
Horiek eta beste hainbat datu eta analisi Gaindegiak apirila amaieran argitara emango duen txostenean jasoko dira. Txostenak lan merkatuaren analisia egingo du, eta datuez gain, hainbat adituren analisiak ere jasoko ditu, hala nola, José Miguel Ayerza (ADEGIko idazkari nagusia), Mari Luz De la Cal ekonomialaria, Gorka Moreno ekonomialaria edota hainbat sindikatu.