Skip to main content

[LANGABEZIA] Populazio aktiboaren eta bere langabezia-tasaren neurketa: iturrien arteko aldea

Euskal Herriak %15,3 eta %15,6 arteko langabezia-tasaz itxi zuen 2013 urteko azken hiruhilekoa. Portzentajea desberdina da Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herrialdeetarako kontuan hartzen dugun iturriaren arabera.

Euskal Herri osoaren langabezia-tasaren kalkulua hainbat iturrietan du jatorria. Batetik, Iparralderako Frantziako estatistika eta ekonomia ikerketarako nazio institutua dugu iturri, alegia, Institut National de la Statistique et des Études Économiques (INSEE); Nafarroa Garaian, aldiz, Espainiako Estatistika Institutua (INE) da iturri bakarra, datuak Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestaren (gaztelaniaz EPA) bitartez sortzen dituena. INE-k, halaber, Hegoalde osorako eskaintzen ditu datuak, baina EAEn EUSTAT da populazio aktiboa eta bere jarduera tasa neurtzen duen entitatea, Biztanleriaren jardueraren arabera sailkatzeko inkestan (gaztelaniaz PRA) oinarriturik.

Gauzak horrela, Gaindegiak bi iturriak kontuan hartu izan ditu beti EAEko langabezia-tasa kalkulatzeko garaian, alegia, EUSTAT eta INE. Hala, ez dago indize bakarra, bi baizik. Azken aldian sekula baino gertuago dabiltza biak (0,3ko aldea), baina oraindik ere nabariak dira ezberdintasunak.

Esaterako, populazio aktiboari dagokionean, EUSTATen azken datuen arabera, EAEn 1.080 mila pertsona aktibo leudeke, EPAk ematen dituenak baino 75 mila gehiago. EUSTATek azken lau hiruhilekotan azpimarratu du gorakada hau, eta azken hiruhilekoan ere INEk goranzko joera hori adierazi du.

Langabezian dagoen biztanleriaren kasuan, 2013ko bigarren hiruhilekoak kontraesanez beteriko emaitza uzten digu: INEk 10.000 langabetu gutxiago zenbatu zituen, ordura arteko eta baita gerorako goranzko joerari amaiera emanez. EUSTATek, aldiz, langabetuen etengabeko gorakada azpimarratu du azken bost hilabeteetan. 

2013ko azken hiruhilekoan ere bi iturriek emaitza desberdinak ematen dizkigute langabetu bolumenaren eta bere bilakaeraren inguruan, zehazki Gipuzkoarako eta Arabako datuetan. Hala, EUSTATek Gipuzkoan langabetu kopurua igo dela adierazten duen bitartean, INEk kontrakoa dio: bi emaitzen arteko aldea 4.800 langabetu dira.

Gaindegiatik uste dugu PRA (EUSTAT) dela iturri fidagarriena, besterik ez bada gure ekonomia eta gizartearen ezagutza hobea duelako. Hala ere, paradoxa bati aurre egin behar izaten diogu, EPAk Hegoalde osorako datu homogeneoak eskaintzen baitizkigu. Hori dela eta, Gaindegiak bi iturriek eskaintzen dizkiguten datuak emateko apustua egiten du. Jakin badakigu, baina, bi iturrien emaitzen arteko aldea kontraesankorra suerta daitekeela, eta ez dela erraza hori azaltzea.