Skip to main content

[IRITZIA] Laborantza Ganbararen eraginaz, Imanol Esnaola

Laborantza Ganbarak 9 urte bete ditu joandako asteburuan. Efemeride pozgarria zinez, eta dagokionak ospatu beharrekoa. Ez da, ordea, gogoeta honen helburua zorion mezuetan urtzea. Laborantza Ganbararen ibilbideak bere baitan ikasgai sakon bat eskaintzen digu Euskal Herria herri gisa egituratu beharrean sinistuta gaundenoi, laborariak izan zein ez.

ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren sorrera (1982) urrats erabakiorra izan zen bere garaian. Besteak beste, aitortza kultural-folklorikotik haratago beste aitorpenik ez zuen lurralde batean (Ipar Euskala Herria) bere gihar nagusietakoa antolatzen hasi zelako, laborariak, alegia (ikus hemen errentaren banaketa kostaldea-barnealdea eta Solange Mariluzen balorazioa. Iparraldeko laborariek bere berezitasunez jabeturik euren eskubide eta interesak defendatzeko lanari ekin zioten. Eta horrekin lurralde eremua markatzeaz gain, koherentzia propioa lukeen lurralde proiektua edukiz hornitu zuten.

Gero etorri zen Laborantza Ganbara (2005) zerbitzu-erakunde gisa (ikus hemen bere koordinatzailearen azalpenak). Sindikatuak sektorearen interesak defendatzeko tresna eskaini zuen, Laborantza Ganbarak nekazaritza eredu propio eta lokalari oinarri bideragarriak eskaintzeko bidea abiatu zuen. Berriro, Laborantzaren mundutik zetorren proiektuak Ipar Euskal Herrian eremua markatu eta bertako interesak gauzatzeko tresna berria abian jartzen asmatu zuen.

Laborantza Ganbararentzat ez dira urte errazak izan. Zailtasunek, ordea, euskal nekazal sindikatuen arteko lankidetza bideratzen laguntzeaz gain (oraindik badago zer ibili eta zer gainditu) nazio mailako elkartasuna (sindikatu eta eragile sozialena)  eta lankidetza instituzionala (Itsamendikoi eta Gipuzkoako Foru Aldundia) bideratzeko balio izan zuten. Halaber, Euskal Herritik kanpo hemen herri bat badela erakutsi du. Ekonomikoki eta lurralde ikuspegitik, egitasmo kohesionatzailea izaten ari da, inondik ere.

Zerbait azpimarratzekotan esango nuke asmatu egin dutela eredu propio baten aldeko lan baikorra lurralde baten aldarrikapenekin uztartzen eta Euskal eredua arrakastaz formulatzen jakobinismoak inolako lotsarik gabe zanpatzen duen lurraldean. Euskaldun sentitzen ez denak ere Laborantza Ganbaran adiskideak aurkitzen ditu eta atxikimenduak piztea lortzen du identitateaz haratago, (euskal) laborantza jasangarriaren inguruan. Zorionak Laborantza Ganbararen sustatzaileei, eta batez ere, kuraia on, bidean aurrera egiteak Euskal Herri osoari egingo baitio on!

Gainerakook jabetuko al gara bere garrantziaz eta bideratuko al diogu herri gisa dagokigun babesa, Errepublikak ez baitio halakorik eskainiko.