Skip to main content

[IRITZIA] Sistema aldaketa eta herri burujabetza, Jose M. Zendoia

Ezkerreko zenbait ekonomialariri entzun izan diot aspaldion sistema ekonomikoaren aldaketa ez dela etorriko iraultza handien bidez. Aldaketak mundu mailakoa izan beharko duela nahiko argi dago, egungo menpekotasun eta eragin harremanak globalak baitira eta ez dago naziorik bere kasa eta modu isolatuan bide berrietara abiatuko denik. Baina aldaketa, globala izanik ere, ez omen da gure imajinarioan gordeta ditugun “iraultza” zaharren ereduetatik etorriko, gizatalde txikiek sortutako ekimen xume baina indartsuen metaketa eta saretzearen ondorio baizik.

Lanpostuen kopurua urritzen, eta geratzen diren haien baldintzak okertzen ari diren honetan, energia iturrien agortze hurbilak bere kontsumoaren murriztea eta garestitzea eragiten duenean edo neurriz kanpoko kontsumismo aseezinak bizitzaren iraunkortasuna mugatu dezakeenean, euskal herritarrak ere auzo eta herri mailako iniziatiba txiki eta berritzaileak sortzen ari dira hainbat txokotan: kontsumo-kooperatibak, auzolanak, konpostaje komunitateak, moneta autonomoen ekimenak, eta abar. Besteak beste, pertsonen eta taldeen burujabetasuna (ekologikoa, ekonomikoa…) sustatzen duten ekimenak dira.

Hurrengo pausu batean honelako ekintzen saretzea indartu beharko litzateke, herri gisa ere, mundutik at ez baina bai modu autonomoan, gure burujabetasuna egikaritzen joateko. Nola egin honelako saretze eta koordinaketa? Lehen urrats moduan, auzo eta herrietan sortutako dinamika desberdinek ez lukete nazio-ikuspegia alde batera utzi beharko, eta era berean, Euskal Herri mailan garatzen diren ekimenek maila baxuagoetan hedatzen ari diren esperientzia anitzak kontutan eduki beharko lituzkete. Eta horri guztiari erantsi beste nazioetan gertatzen ari denarekiko begirada eta elkarlanerako jarrera, Orwellek irudikatu zuen begi erraldoiak irentsi ez gaitzan.