Skip to main content

[IRITZIA] Zerk huts egin du Fagorren?

Fagor Etxetresnak azken urteotan bizi duen egoera larriak eta bere etorkizun ezak bazterrak astintzen ditu. Bertan bere onenak eman dituzten lagun eta langileak nahiz hornitzaile dituzten euskal enpresa txikiak izan ditugu gogoan lehen unean. Segidan, Fagorren geroak egungo euskal ekoizpen sarearen etorkizuna izan dezakeen eraginaz gogoeta egiten hasi gara. Ohikoak ez diren kalifikazioak entzun ditugu aditu eta arduradun politikoen ahotan. Azken albisteek susmatzen zena baieztatu dute. Gure bihotzak sentiberago (dardarka) jarri zaizkigu.

Geure buruari Fagorren desagertzeak zein beste kalte ekar dezakeen galdetzen jarraituko dugu eta ez da faltako aukera on bat delakoan asmo berriak eraikiko dituenik. Zorionak azken honi, badu zer egin Fagorrek gizarte ekonomian oinarrituz lortu duen guztia lortzen eta akatsak ez errepikatzen.

Zerk huts egin du Fagorren? Burbuila inmobiliarioa lehentzearen eragina ote da? Bere tamaina handiak egokitzea eragotzi ote dio? Finantza entitateek bizi duten krisiak ito ote du? Ziur asko faktore askoren batura da horrenbesteko gaitasunak metatzen dituen organizazio batek datorkeenari aurre hartzea eragotzi diona. Salmenta jaitsiera eraikuntzaren gainbehera eta lehiakideen presiotik etor liteke, finantza entitateek ekonomia produktiboarekin izan dezaketen interes eskasak beharbada, jarraitzeko behar lukeen finantzazioa eskuratzea eragotzi dio.

Gaindegiak eskaintzen duen lehio txiki honetatik, ordea, denon ahotan dabiltzan galderez gain, beste batzuk ere badatozkigu. Nazioarteko korporazio handien joerak ikusita, geure buruari galdetu behar genioke atzetik estatu bat ez izatearen eragina zenbatekoa izan ote den. Beste era batera esanda, eragin nazionaleko enpresek bere estatuaren babesa izan ohi dute. Fagorrek, ordea, aski laido eta bazterketa nozitu du lehen eta orain Espainian agintean dauden alderdien aldetik (ikusi besterik ez preferenteen gaiarekin euskal sozialisten toxikazio kanpaina edo lehenagotik estatuan izan diren kanpainak). Auskalo nolakoak izan diren finantzazioa eskuratzeko negoziazioak eta bertan egon diren entitate finantzarioen asmo ezkutuak.

Gauzak honela, nire buruari esaten diot Euskal Herria bere buruaren jabe balitz transzendentzia nazionala luketen jarduerak babestuko lituzkeela, Fagor Etxetresnak indarrean legokeela horri esker. Hau da, euskaldunok geure buruari esan behar diogu ez dagoela munduko merkatuan jardungo den euskal korporaziorik, txikienak ere ez, babestuko duen euskal banku eta agregatu komertzial indartsurik gabe. Ezinezkoa dela nazioartekotzea edo berme finantzarioak Santander Bankua edo Espainiako agregatu komertzialen eskuetatik pasatzen diren bitartean. Fagorren akatsek eta arerioen bultzadek erorarazi dutela esango nuke, zein izango da hurrengoa? Noiz arte nozituko dute euskal enpresek Espainiaren galga?

Amaitzeko, kontuan izan behar dugu Fagorren gertatutakoak mahai gainean jarri digula egiturako hainbat auzi, besteak beste, euskal enpresek nazioartekotzeko behar dituzten baliabideak, gizarte ekonomiak etorkizunean Euskal Herrian izango duen eginkizuna, enpresa handi eta hornitzaile txikietan oinarritutako egitura produktiboaren bideragarritasuna edo tokian tokiko estrategia ekonomikoaren nolakoa.

Gai ugari, denbora, adostasuna eta denon herri konpromisoa beharko erantzun egokiak aurkitzeko. 

ETB1eko DEBATEA saioan Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea