Skip to main content

[ANALISIA] Tokiko ekintzailetasunaz, Iñaki Peña

Azken urteotan krisiak astindu aurretik, Euskal Herrian maiz entzun izan dugu gure gizarte eta ekonomiak “bigarren transformazioa” ekin behar duela. Izan ere, euskal aditu eta agintari askoren hitzetan, fase lehiakor berri bateruntz abiatzeko urrats sendoak emateko garaia jada iritsi zen. Honen harira, erronkarik nagusienetako bat ezagutzan oinarritutako euskal ekonomi berri bat eraikitzea zen (Sociedad del Conocimiento), eta horretarako, lurraldearen eraldakuntza estrategikoki kudeatu beharra zegoen.

Egun, enpresek frente askotan lehiatzeko presioa jasan ohi dute. Ez da nahikoa atal batean lehiatu eta nagusi izatea; atal guztietan merkatuan ahalik eta mailarik gorenena eskaini beharra dago: kostu (eta prezio) baxuena, kalitate eta zerbitzu altuena, berrikuntza, eta agilitate estrategikoa. Simultaneoki faktore guztiotan (gutxienez), merkatuan lehiatzen duten konpetidoreak baino hobe egin beharra dago. Enpresak frente guztiotan aldi berean lehiakorrak izan daitezen, barne baliabide egokiak eta bikainak eduki eta garatu behar dituzte; baliabide intangible bereziak, konpentidoreen bistara geratzen ez direnak, abantail konpetitiboa denboran zehar mantendu (eta hobetu) ahal izateko. Enpresaren emaitzak eta posizionamendu konpetitiboa, baliabide intangibleetan oinarritutatko enpresaren barne eraldakuntza etengabe baten ondoriak izango dira.

Eskualdeen eraldakuntza, enpresak baliabide intangibleei esker eraldatzen diren bezala bilakatu daitekela pentsa dezakegu. Ez da kasualitatea Google, Facebook, Amazon, Yahoo, Apple, Intel, HP, etab. bezalako enpresak eskualde berean garatu izana (Silicon Valley, EEBB). Eskualde honek, zenbait hamarkadetan zehar, bertako ekintzaileak globalki lehiakorrak izan daitezen ekosistema egokia garatu du. Sektore espezifikoetan ezagutza eta berrikuntzarako gaitasuna, arriskua duten inbertsiorako ausardia, ekintzailetasunerako kultura, pertsonen arteko negozio harremanen ulermena… eskualdeari ongizatea ekarri dioten lurraldeko baliabide intangible garrantzitsuak dira. Herrialde askoko agintariek, “Silicon Valley” bat eduki nahi dute; baina antzeko ekosistema bat lortzea zaila da. Ez dago errezetarik. Eta balego ere, emaitza zein litzetekeen, ikusteko legoke…

Silicon Valley-ko ekintzailetasun maila lortzeko, euskal ekosistema hobetu beharra dago. Zentzu honetan, Euskal Herriko agintariek egindako saiakera nabarmena izan da. Azpiegitura eta baliabide fisiko eta tangibleetan oinarritutakoa, alegia. Ekintzaile berritzaileak, gutxiengo bat badira ere, garrantzitsuak dira. “Bigarren transformazio”-rako diskurtso horretan, bere garrantzia eduki dezakete, batez ere epe luzera begira.

Baina egungo krisiaren aurrean, globalki lehiatzeko eta gure enpresa multzoa eraldatzeko baino, ekintzaileak langabeziari aurre egiteko behar direla esan ohi da. Adinduak, gazteak, etorkinak, emakumezkoak, etab. lan merkatuan sartzeko oztopo nabariak dituzte. Bestalde, gizarteak orohar “auto-enplegurako” aptitude eta aktitude falta du.

Labubilduz, geroa eta orainari aurre egiteko ekintzaileak behar dira. Ekintzailetasun berritzailea (Silicon Valley-koa bezala) eta ekintzailetasun inklusiboa (exklusioan erortzeko arriskuan dauden kolektiboak integratzeko modukoa) orekaz kudeatu behar dira. Gure eskualdeak, bere baliabide intangibleak balioan ipini beharko ditu ongizate hobeago eta ekidistribuituago bat lortu ahal izateko.