Skip to main content

[ANALISIA] Ekitatez egindako elkarlana enpresetan, nazio erronka (Peio Egaña)

EKITATEZ EGINDAKO ELKARLANA ENPRESETAN, NAZIO ERRONKA Peio Egaña Sarobe, kudeatzailea Mundua bizkor aldatzen ari dela diogu. Aldaketa horietako bat enpresen antolaketan ari da gertatzen eta Euskal Herriak bere gizarteari ongi datorkion formula aurkitu behar duelakoan nago. Lanaren antolaketa eta gizarte ereduak elkar uztartzen dute. Nazio mailako erronka da. Oraindik lan handia dago egiteko (lege berriak, konponbide organizatiboak eta teknologikoak...) baina esan daiteke baditugula erreferentziazko esperientzia batzuk. Nire lan esperientziari begira, gure enpresetan elkarlana eta ekitatea uztartzea ezinbestekoa dela esango nuke, baldin eta lan giro egoki eta eraginkorra sortu nahi badugu. [pullquote align="left|center|right" textalign="left|center|right" width="30%"] Iruditzen zait Euskal Herrian dagoen sare produktiboa zenbat eta koopetibistagoa izan, kanpo eraginen aurrean babestuagoak egongo ginatekeela [/pullquote] Iruditzen zait oso zaila dela enpresa eta langileen arteko elkarlana egokia izatea, ez bada errespetuzkoa, konfidantzazkoa eta gardena. Zenbat eta bertikalagoa izan aginduen norabidea, orduan eta zailagoa izango da langileen gogobetetzea ona izatea. Eta langileen gogobetetzea ez bada egokia oso zaila izango da une txarretan ahal egin bereziak eskatzea. Erabaki estrategikoak, beraz, zenbat eta kolektiboagoak izan, orduan eta konpromiso eraginkorragoak. Horrekin dator, derrigorrez, garai onetan sortutako etekinak langileekin banatzea. Uneotan, teorian behintzat, kudeaketa mota hori aintzat hartzen duen eredu bakarra kooperatibena da. Horrek ez du esan nahi kooperatiba guztiak elkarlan ekitatibo batean lan egiten dutenik, baina bai aukera ematen duela, beste enpresa ereduak ez bezala, horrela izan dadin. Gainera azken urteotako krisi ekonomikoak demostratu digu, kooperatibetan lanpostu oso gutxi galdu direla eta haien artean ere elkartasun handia egon dela toki batean galdutako lanpostuak beste batean kokatzeko, edo denen arteko lanarekin ahuldutako enpresak bide onean jartzeko. Iruditzen zait Euskal Herrian dagoen sare produktiboa zenbat eta koopetibistagoa izan, kanpo eraginen aurrean babestuagoak egongo ginatekeela, eta ondorioz, gure lanpostuak, lanaren eraginkortasuna eta lan baldintzak hobeak izango liratekeela. Gustora ikusiko nuke gogoeta serio bat etorkizunean euskal enpresak nola antolatu behar diren hausnartuz, eta aldaketa hori errazteko eman beharreko pausoak zehaztuz (legediak, formazioa, fiskalitatea, barne antolaketa...).