Skip to main content

[IRITZIA] Ezin ibaia pasa

Image removed. EZIN IBAIA PASA Imanol Esnaola Gaindegiako koordinadorea Hendaiako udalak ibaiaren beste aldeko ikasleak (espainolak?) aurrerantzean herriko eskoletan matrikula ez daitezen hartu duen erabakiak alderdi asko ditu jorratzeko, besteak beste, Europar Batasunaren baitan mugak erauzi eta herritarren mugimendu askea nahiz eskubideen bermea nola ulertzen dituzten Euskal Herriko administrazioek (edo nola ulertarazi dieten). Erabaki honek egun garrantzitsuak diren auzi bi azalerazi ditu. Batetik, euskal herritarrek, enpresek, elkarteek bere lurraldean harremanak normaltasunez bizitzeko duten eskubidea administratiboki nola bermatuko den. Beste era batera, nola ezabatu dauden eragozpenak. Eta, bestetik, Ipar Euskal Herrian bizitzeko hautua egiten duten euskal herritarrak uxatzeko zein oztopo berri jarriko duten. Auzi beraren bi alderdi dira. Muga inguruko eremuen integrazioa edo mugak gainditzea izanik Europako Batasunak sustatzen duen joera Gipuzkoa eta Lapurdiren artean, (berdin Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea zein Lapurdiren artean) interakzio indartsua behar luke egon. Bide horretan doa Baionako Merkatariza Ganbarak egin duen lanaren gogoeta. Ikusi lana Lan mugikortasuna, langileen etengabeko formakuntza, garraio publikoa, enpresen arteko kooperazioa… mugaren alde batean edo bestean gauzatzeko aukera oparoak ditugu, baina bereizketa bete-betean bizi gara, esan daiteke apartheid sozio-ekonomikoa dela. Tokian tokiko laguntza politikek, araudi fiskalek eta gainerako ordenamenduek ez lukete oztopo izan behar integrazio sozial eta ekonomikorako politikak abiatzeko. Hala direnean aldatu egin beharko lirateke. Gauza bera esan dezakegu ikastetxeetan matrikulatzeari dagokionez, lanpostu bat eskuratzeko politika aktiboei dagokionez, eta abar. Jatorria edozein euskal herrialdetan egonda ere, bertako instituzioek ez lukete atzerritar gisa hartu behar beste euskal herrialde batetik datorrena, aitzitik, erraztu eta lagundu egin behar liokete. Elkarrekin bizi ez bagara, nola osatuko dugu herri bera? Interakzio hori modu positiboan formulatu eta bideratzen lan handia dago egiteko, besteak beste, indar politiko abertzaleen aldetik agintea duten instituzioetan, eta eragile sozioekomikoen aldetik horren beharra sortzen. Agerikoa da, zailtasunak ez direla faltako, baina horrek ez luke oztopo izan behar nork bere esku duena egiten hasteko. Neure buruari galdetzen diot Hegoaldeko ikasleek Hendaiako Ikastolan ikasi ahal izateko Eusko Jaurlaritzak ez ote liokeen ekarpen ekonomiko bat ahalbidetu behar balizko galera hori arintzeko, aurretik egiten dituen ekarpenak osatuz. Gauza bera egin lezake hainbat arlotan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Batere landu ez dugun problematika honetan lehen aurrerapausoak pentsatzen hasi behar genuke.