Skip to main content

[ANALISIA] Euskal Herriko lan-merkatua krisiaren eraginpean, AITOR BENGOETXEA

Aitor Bengoetxea AITOR BENGOETXEA
UPV/EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Irakasle Agregatua

Gaindegiak egindako azterketa estatistikoak mahai gainean jartzen digu  Euskal Herriko lan-merkatuaren panorama. 2007-2008an leherturiko krisi finantzarioak ekonomia produktiboan eragin nabarmena izan du eta, aktibitate ekonomikoaren moteltzeak, kalte latzak ekarri dizkie lan-merkatuko langile nahiz langabetuei.

Biztanleria aktiboak, 2008az geroztik, beherakada bizi du, langabezia orokorrak eraginda. Biztanleria aktiboan zeuden hainbat pertsonak beste herrialde batzuetara jo du enplegu bila, eta lanik gabe dauden beste hainbatek, langabezia altuaren egoerak desanimatuta, enplegua bilatzeari utzi diote, lan-merkatu eta biztanleria aktibotik irten eginez modu horretan.

Itzalen artean, biztanleria aktiboaren adin-egiturak erakusten duen zahartze-tasa bezalakoa, badago datu oso positibo bat: formazioa. Euskal Herrian biztanleriaren formazio maila oso altua da (%43.7ak ditu goi ikasketak), EB-27koa baino askoz ere altuagoa (%27.7).

Krisia hasi zenetik, enplegu suntsiketa oso nabarmena da. Une honetan, enplegu-tasa (16 eta 64 urte arteko biztanlerian zenbatek lan egiten duten), %60koa da Euskal Herrian, eta %64koa EB-27an. Joera beheranzkoa da azken lau urteotan, EHn eta EBn (2011ko salbuespenarekin). Datu horiek zein urruti dauden Europa 2020 plan estrategikoan 2020rako helburu bezala jartzen den %75tik! Dena den, Europako Batasunak eta bereziki Europako Batzordeak sarritan frogatu digu egia dela “paperak dena eusten du” dioen esaera, Lisboako estrategian 2010erako helburutzat enplegu osoa jarri zuenean bezala.

Genero ikuspegitik, enplegu-tasan hurbiltze prozesu bat ekarri du krisiak emakume (%57.6) eta gizonen (%63.2) artean, baina, guztion tasa jaisten  denean, ezin ospatu berez albiste ona den hori.

Enplegua sektoreka aztertuta, enplegu galera sakonagoa da industrian zerbitzuetan baino. Industriak tradizio luzea du gure herrian, eskualdeka desberdintasun handiak egonda ere, ekonomiako traktore gisa, eta normalean industria arloko enpleguek kalitate hobeagokoak  (lan-baldintzak) izaten dira zerbitzuen sektorekoak baino. Horregatik, ez da notizia ona industria sektorearen pisua ekonomian jaisten ari zaigula ikustea (une honetan industrian %21, zerbitzuetan %70.5 eta gainerako %8.5a lehen sektorea eta eraikuntzaren artean).

Landunen kopurua jaitsi denez, gizarte segurantzari kotizatzen diotenen kopurua ere jaisten ari da, etengabe, 2009az geroztik. Horrek erraztu egiten ditu pentsio-sistemaren jasangarritasunari buruzko aurreikuspen alarmistak. Kalkulu horiek epe luzera egin behar dira, eta zaila da aldagai batzuen bilakaera aurreikustea (produktibitatea, immigrazioa, emakumeen jarduera-tasa, etab.). Gainera, zuloa dagoenean, aukera desberdinak daude: ekarpenak egin aurrekontu publikoetatik, kotizazioak igo (enpresen irabazien arabera izan liteke), edo prestazioak jaitsi. Azken aldian hirugarren aukera hautatzen da. Eta pentsio-sistemaren jasanezintasuna aldarrikatzen den hainbatetan, dirua finantza entitate pribatuetara bideratzeko asmo ezkutua dago.

Interesgarria da ikustea, krisi garai honetan, jende askok autoenpleguaren aldeko hautua egiten duela, enpresa batean soldatapeko izan gabe. Soldatapekoen tasa behera doa, eta autoenpleguarena gora. Bereziki azpimarratu behar da, autonomoen autoenplegu indibiduala alde batera utzita, autoenplegu kolektiboa: kooperatibak eta lan-elkarteak. Modu nabarmenean indartzen ari da aukera hori, bereziki 2011-2012 tartean, agian hainbatek ikusirik krisia luzerako doala, eta aukera baliagarriena norberak enplegua lortzea dela: autoenplegua.

Langabeziaren eragile nagusia aktibitate ekonomikoaren apaltzea da, dudarik gabe. Baina oso esanguratsua da autoenpleguak hobeto eusten diola enpleguari besteren konturako enpleguak baino. Zergatik? Lan-zuzenbideak aukera ematen die enpresei langileak erraz kaleratzeko, eta sarritan enplegua enpresaren kostu huts bezala tratatzen dute, enpresako kapitalaren aldagai gisa. Auto-enpleguan, normalean kontrakoa gertatzen da; lehentasuna enplegua mantentzea da, eta aldagaia kapitala.

Bestalde, ez dira harrigarriak soldata jaitsieraren datuak, EHn, 2010ean 25.410 euro batez beste, eta 2011n 25.364 €. Izan ere, Espainiako Gobernuak bultzaturiko lan-erreformaren asmo nagusia lan-kostuak jaitsiz ekonomiak lehiakortasuna irabaztea da. Eta lan-kostuak dagoeneko jaitsi dira: soldatak murrizteaz gain, kaleratua izanez gero kalte-ordaina baxuagoa da, hitzarmen kolektiborik gabe gelditu dira langile asko, etab.

Denbora partzialeko kontratuak gora doaz. Zuzenbideak erabateko askatasuna aitortzen die enpresei denbora osoko nahiz partzialeko kontratua egiteko. Batzuetan langileak nahiago izaten du denbora partzialekoa, egoera pertsonalaren arabera. Baina une honetan denbora partzialeko kontratuak %20ra heldu direnean, horietako kasu askotan ezinbestekoa zaie onartzea, lanaldi osokoa eskaintzen ez dietelako.

Bestelakoa da egoera kontratu mugagabea/aldi baterakoa binomioaren kasuan: Lan-zuzenbideak hautu argia egiten du mugagabearen alde (kontratu arrunta da), eta aldi baterakoak egin daitezke bakarrik  hori justifikatzen duen arrazoiren bat dagoenean (obra jakin bat, beste langile baten ordez aritzea, etab.). Azken datuak dio EHn %22.4 aldi baterako kontratuak direla. Eta horrek ez dio errealitateari erantzuten, dezenteko iruzurra dago eta, krisi garaietan, lan-ikuskaritzak baditu beste lehentasunak. Are gehiago, %22 EHko argazki finkoa eginez gero, baina hilero egiten diren lan-kontratu berriei erreparatzen badiegu, Hego Euskal Herrian azken urteotan aldi batekoak %90etik gora dira.

Espainiar Estatuak EB-27ko aldi bateko kontratuen bigarren tasa altuena du (EB-k %13.7, Espainiar Estatuak %23.6, Poloniak, %26.9).  Espainiar Estatuko legedi eta dinamikak bultzatzen dute egoera hori, eta horregatik nabarmena da Hego Euskal Herrian pairatzen dugula aldi baterakotasunaren arazoa (%23.5), Ipar Euskal Herrian baino askoz gehiago (%14.7).

Langabeziari dagokionez, EHn %16.4ko tasa dugu, Espainiar Estatuko %27.2 horren oso azpitik, baina Frantziako Estatuaren %10.8 edo EB-27ko %10.9tik oso gainetik. Hego Euskal Herrian Espainiar Estatu mailan baino egitura ekonomiko sendoagoa dugu, produktibitate altuagoa, errenta altuago etab., eta langabezia tasa ez da hain altua, altuegia izanda ere. Ezaugarri positiboak, Hego Euskal Herrian, Gipuzkoan nabarmentzen dira, aspaldi luze honetan Estatu osoko langabezia tasa apalena duen lurraldea izanik, besteak beste bere industria eta kooperatibismo maila altuengatik.

Oso kezkagarria da, ezbairik gabe, langabetuen %58.5 15-34 urte tarteko gazteak izatea. Formazio maila oso altuarekin, eta lanik ez, hainbat gazte beste herrialdeetara joatera bultzatzen ari den egoera.

Iraupen luzeko langabezia gora doa etengabe 2007az geroztik (%6.1, 89.083 pertsona). Horrekin batera, prestazio ekonomikorik jasotzen ez duten langabetuen tasa eta kopurua ere gora doaz (%17.4, 92.535 pertsona). Datu hauek erakusten dute segurtasun-malgua izeneko planteamenduaren porrota.

Izan ere, Europar Batasunak planteatzen du,  segurtasun-malguaren ereduan, kaleratze erraza orekatzeko langabetuak lehenbailehen lanera bueltatuko direla (enpleguko politika aktiboen bidez), eta bitarte horretan soldataren ordezko prestazio ekonomikoak jasoko dituztela (enpleguko politika pasiboen bidez). Eta aipaturiko datuek adierazten digute kaleratze errazak funtzionatzen duela, gorago ikusi dugun moduan, baina beste bi atalak, enpleguko politika aktiboak eta pasiboak, oso emaitza eskasak ematen ari direla, iraupen luzeko langabezia gora doalako, eta gauza bera gertatzen delako prestaziorik jasotzen ez duten langabetuen kopuruarekin. Gurean segurtasun-malgua aplikatzekotan, jatorrizko eredu eskandinaviarrari jarraitu behar genioke.

GOGOETA OROKORRA

                Espainiar Estatuako gobernuak azken aldian (batez ere 2012an) indarrean jarri dituen lan-erreformek lan-kostua merkatzea bultzatu dute, lehiakortasuna hobetzeko asmoz. Indarrean dagoen eredua gehiago saltzearena da, merkeago sal daitekeelako, soldata eta lan-baldintzak merkatuz. Hainbat neurri daude helburu horrekin: kaleratzea erraztu eta merkatzea, hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasuna mugatzea, enpresek aukera edukitzea alde-bakartasunez soldata jaisteko, etab.

Hego Euskal Herriko lan-merkatuko datu negatiboen arrazoi nagusia krisia eta horrek dakarren jarduera ekonomikoa moteltzea dira. Baina legezko lan-erreformek ere badute eragina, enpresen esku jarri baitute, azken hamarkadetan gertatu ez bezala, lan-kostua jaisteko hainbat tresna.

Planteatu beharrekoa da, krisiarekin eta krisirik gabe, ea zein ereduren aldeko apustua egiten den. Espainiako gobernuak egin du berea: lan-kostuak jaitsi. Baina Euskal Herrian badakigu, neurri batean gure errealitatea delako, badagoela beste bide bat ekonomikoki lehiakorrak izateko, apustu eginez ikerketa, garapena, berrikuntza, langileen formazioa, eta balio erantsi altuko ekoizpenaren alde.

Formazioaren kasuan, gorago ikusi dugu EHko biztanleriaren %43.7ak goi ikasketak dituela, EB-27n baino askoz ere tasa altuagoa (%27.7).

Eta emaitzak lan-kostuak jaistearenak baino askoz hobeak dira. Lan-kostuak altuak izan daitezke produktibitatea ere altua denean. Soldata altuek eta lan-baldintza duinek gizarte osoa aberasten dute; lan-kostuak jaitsiz gero, gizarte osoa pobretzen da, lan horren etekina bereganatzen duten gutxi batzuk ezik.

Gainera, lan-erreformari aurre egitea eta bertako eredu bat adostu eta garatzea borondate arazoa da. Lan-Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparrua borondate kontua da. Azken aldian Euskal Herriko enpresaburuen ordezkariren batek esan du legedi fiskala edo banderen legea aplikatu behar badira, ea zergatik ez legezko lan-erreforma. Ba erantzuna erraza da; lan zuzenbidean autonomia kolektiboa dagoelako, eta ez beste kasuetan, lan zuzenbidea bete beharrekoa da “marra gorriak” ezartzen dituenean (gutxieneko soldata, lan egiteko gutxieneko  adina, etab.), baina lan-baldintzak oro har enpresen eta langileen ordezkarien artean hitzartzen dituzte (soldataren zenbatekoa, lanordu kopurua, etab.).

Hori da sistema. Lan-erreformak bultzatzen duen ereduari aurre egitea ez da intsumisioa. Autonomia kolektiboa baliatzea da, naturaltasun osoz. Legedi penalak, fiskalak, eta zuzenbideko beste arlo guztiek ez dute gordetzen lekurik autonomia kolektiboarentzat, baina lan arloak bai.

Horregatik, krisiak lan-merkatuko egoera baldintzatzen du neurri handi batean, baina Euskal Herriko lan-harremanen eredua autonomia kolektiboaren esku dago: langileen eta enpresen ordezkarien esku.

AITOR BENGOETXEA

UPV/EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Irakasle Agregatua