Skip to main content

Egungo lan merkatuaz

Iritzi hau eta beste hainbat Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian txostenaren harira eginak izan dira

Janire Landaluze eta Mikel Noval, ELA sindikatua

Inoiz baino gehiago herritarrok abagunearen ondorioak pairatzen gabiltza. Ingurura begi-kolpe bat eman eta enplegu eza nabarmena da. Lana, jarduera, enplegua, saritutako jarduera profesionala, aintzat hartutakoa. Lana, enplegu duina, gizartearen begiradan presente dago, ardura, nahia, desioa, norberarentzat, bikotearentzat, semea edo alabarentzat...

Gizartea eta arduradun politikoak honetan ere urrun. Ezjakintasuna ez da arrazoia, datuak ezagunak dira. Langabezia, Hego Euskal Herrian otsailean (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak -SEPE- datuen arabera) 229.118 langabe langabezian izena emanik zeuden, langabezia-tasa %17,7 izanik, Europear Batasunean (EB) baino %6,9 gehiago. Langabeen %48ak (104.971, 2013ko abendukoa da argira emandako azken datua) ez dute inolako langabezia-sarrerrarik jasotzen.

Enplegua, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2013an 18.400 enplegu suntsitu ziren, hots enpleguaren %1,7 eta dagoen enplegua urrun dago duintasunetik, behin-behinekotasuna azken urtean puntu bat igo da, %20,9an dagoelarik, EBan baino 6,7 puntu altuago. Aldi baterako kontratazio inoizko mailarik altuenetan da, 2013an %93,8, 2009tik 1,5 puntutan igo da, eta lanaldi partzialeko kontratue %36,6 dira dagoeneko, azken urtean %6,6 gora egin dutelarik. Gero eta lan gutxiago eta dagoen lana gero eta lan-baldintza kaskarragoekin beraz.

Hori bai, ez dezagun ahaztu “lan-erreforma eta enplegu politika guztiak egoera hobetzeko egin dira”, eskerrak!. Azken proposamena Euskal Gobernuak aurkeztutako 2014-2016 urtetarako Enplegu Plana, gaitzak sendatzeko osagai berdinekin egindako edabea. Lausoa, hitz hutsez betetakoa eta zehaztasunik gabekoa. Agortua, aurretik erabilitako eta porrot egindako neurrietan oinarritua, emaitza esanguratsurik gabekoak eta prekarietatea areagotu dutenak. Irreala eta sinestezina, lana sortzeko eta mantentzeko helburuak proiekzio eta estimazioetan dute oinarri. Aurrekontu eskasekoa, gehiegi konfidatu da ekimen pribatuaren parte-hartzean eta EAEko aurrekontu jeitiserak aurreikuspenean eragina izan du. Enplegu-emaile gisa desagertua, sektore publikoan martxan jarritako politikek enpleguan duten eraginaz ezer ez. Itxia, gizarte eragileen parte-hartzerik gabe egindakoa, bost axola gaiak duen garrantzia, lehentasuna beraien itxura eta erabakiak aurrera eramatea direnean.

Baina benetan gaixotasuna larritzat ulertzen bada, kezkaren itxura handia agertzen asko saiatzen baitira, gaitza kronikoa egiteko ardura benetakoa bada zergatik etxeko erremedioekin jarraitu? Edo are txarragoa kanpokoen errezetak magikoak izango direlakoan goitik behera aplikatu eta hoietan sinetzi zalantzarik gabe? Sendagaiak ustelak, batere eragingarritasunik, konpromezurik, berehalakotasunik eta berritasunik gabekoak badira, hau da, gaitza sortu duten politika berdinekin oinarritzen badira, ardura ez dela benetakoa argi dago. Gizarte ereduan eta noski enpleguan zuzeneko eragina duten politikak aldatzeko benetako borondaterik ez dago, aurrekontu eta zerga politika, prestakuntzaren gaian eta elkarrizketa sozialean adibidez. Eta guzti hau gutxi balitz banakako pentsamoldea indartzen duten neurriak, autoenplegua edo banakako ekimen pribatua. Neurri berriak, gaitza sendatzeko botika milagrosoak, errezeta magikoak bailitzan saltzen dira baina noski, interes zehatzekin lotutakoak, kolektiboa eta gizarte kohesioa ahultzearenak.

Baina hau guztia garrantzitsua bada ere, enplegu politikak ez dira honetan bakarrik oinarritzen, lanpostuak sortzeko beharrezkoak diren politika estrukturaleei buruz hitzegin beharra dago. Horretarako nahieztakoa da gizartea eta gizarte eragileak entzutea, alternatibak egon badaudelako eta badituztelako, ELAk baditu. Benetan gaixotasuna sendatzeko nahia badago, ausartak izan eta tratamendu berriei aukera eman behar zaie, honetan ere gizartearen alde jarri, beharrei erantzun eta egoerari irtenbidea eman.

Doikuntza politikek eta aurrekontu murrizteak langabezia zeharo gehitzen ari dira. Horregatik aurrekontu eta zerga politika errotik aldatu beharra dago, hor dago gakoa. Arlo publikoa garatu beharra dago, enplegu berriak sortuz eta dagoeneko dauden lanpostuen lan baldintzak hobetuz batik bat ongizate estatutarekin zerikusia duten zerbitzuetan, enplegu publikoan, osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuaetan, garraioan etab.

Gero eta iritzia erabatekoagoa da, produkzio, banaketa eta kontsumo eredua aldatzeko premia dago. Enplegu berdea deritzona sustatu daiteke, energia berriztagarriak, hondakinen kudeaketa eta tratamendua, lurzoru erregenerazioa, nekazaritza ekologikoa, kutsaduraren kontrola etab.etan, zergatik ez? Berdin industri politikari dagokionez. Finantziazioa bermatu behar da (inbertsioetarako, I+G+Brako edota zirkulanterako), proiektua eta etorkizuneko produktua duten enpresentzat. Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikoak definitu beharko lituzke, eta horrekin batera, hauek bultzatzeko plan konkretuak. Produktu osagarriak eskaintzen dituzten enpresen artean sinergiak bultzatzeko proiektu eta planak ezinbestekoak dira.

Asko eztabaidatzen da azkenaldian soldaten inguruan. Ozenago esan daiteke baina ez argiago, soldatak jeisteak ez du enplegua sortzen! Batetik, lanaldia 35 ordura jeistea soldata murrizketarik gabe, enplegua sortzeko politika bat da, aberastasunaren banaketa justuago baten alde. Bestetik, soldatak KPItik gora igo eta gizarte-babeserako maila duinak ezarri daitezke. Enplegua sortzeko aukera ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko ahalmenarekin lotuta dago. Enplegurik ez badago eta lan-baldintzak gero eta okerragoak badira, ezinezkoa da ondasun eta zerbitzuak eskuratzea. Egiaztatuta dago soldaten erosteko ahalmena eta gizarte-babesa hobetzeak enplegua sortzen duela eta errentaren banaketa justuagoa ahalbidetzen duela. Azkenik, gutxieneko soldata lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko tresna izan beharko litzateke horretarako gutxieneko soldata duina eta gehienezko errenta ezarriz, hau gauzatzeko hainbat bide badago, esaterako diru-sarrera edo etekin maila jakin batetik gora %100eko tasa marjinala.

Proposamen hauek hankamotz geratzen dira azkenaldian hartutako zenbait erabaki atzera bota eta indargabetzen ez badira, enpleguaren egoeran zuzenean eragin izan dutelako. Lan eta negoziazio kolektiboko erreformek enplegua suntsitu eta lan baldintzak kaltetu dituzte, pentsio erreformak, adina atzeratuz, pentsioa jasotzeko betekizunak gogortuz, pentsiodun izateko eskubidea murriztu dute, gazte langabetuengan eta emakumeengan batez ere eragin zuzena izanik.

Hankamotz ere egiturarik gabe, enplegurako prestakuntzan gure lurraldearen beharrizan sozial eta ekonomikoen araberakoa eta lanbide heziketako zentru homologatuetan oinarritua behar du izan eta ez Espainiar Estatuko ereduaren kopia sutsua, bitartekaritza laborala ere benetakoa eta erreala izan dadin, enplegu zerbitzu publikoek eskeini behar dute eta ez diru-laguntzetan oinarritutako erakunde pribatuek, hau da, enplegu eta formazioko eskumenaren transferentzia osotasunean, erabakitzeko benetako ahalmenarekin gauzatu behar da, politika aktibo zein pasiboei dagokionez.

ELAn honetan sinisten dugu eta aukera hauen defentsan gaude. Benetako aukerak direla argi dago. Hauek publikoki zein pribatuan plazaratzen ditugunean ez dizkigute eztabaidatzen, zergatik izango ote da? Galdera eta erantzuna. Eztabaida ez dago diagnosian, datuetan, proposamenetan baizik. Neurriak badaude, posibleak dira eta eraginkorrak lirateke gainera. Eredu kontua da. Hauetako asko gauzatzeak botere ekonomiko, politiko eta mediatikoarekin konfrontazioa dakar. Batzuk ez daude prest. Erosoagoa da dagoeneko borrero direnak borrero izaten jarraitzea. Batzuek eta besteek defendatzen dugun gizarte ereduaren eta aberastasunaren banaketa da eztabaidan dagoena enplegu kontuan ere.