Skip to main content

[ETB1] Azpimarra, Europar Parlamenturako hauteskundeez

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:

“Lurraldearen hiru laurdenetan, EH aintzat hartzen duten alderdien presentzia handitu da”

Joan den asteartean, maiatzak 27, Europar Parlamenturako hauteskundeen biharamunari buruzko saio berezia egin zuten ETB1eko Azpimarra+ saioan. Bertan izan zen Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea, Euskal Herriak hauteskundeotan emandako datuak xehatzen.

(24:15etik aurrera)

Aurreikusi baino txikiagoa izan arren, abstentzioak pisu handia izan du pasa berri diren hauteskundeetan: %55,4 Euskal Herrian. Erabakitze eskubidearen auzia pil-pilean duten beste bi nazioren datua jarri zuen mahai gainean Esnaolak, alderaketa egiteko: Eskozian botoa emateko eskubidea zutenen artean %66,5 geratu dira etxean, eta Katalunian, %52,6. Europako batez besteko abstentzioa %59,6 izan da.

Abstentzioa Europan_mapaEuskal Herrian, abstentziorik handiena Baztanaldeak izan du: %62. Esnaolak saioan azaldu bezala, bereziki azpimarratzekoa da Bidasoa Beheretik Tolosaldera arteko tartean pilatu izana eskualderik abstentzionistenak. Gipuzkoan, beraz, eremurik populatuenetan metatu dira %60tik gertu ibili diren abstentzioak.

Joera politiko batzuen hazkunde nabarmena eta beste batzuen jaitsiera ere azpimarratzekoa izan da hauteskunde hauetan. Esnaolak adierazi zuenez, “Erabakitze eskubidearen aldeko alderdien nagusitasuna ikusi da: EAJ, EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-Iratzarri”. Bereziki EH Bildu eta EAJren kasuak nabarmendu zituen Esnaolak: “Lurraldearen hiru laurdenetan, Euskal Herria aintzat hartzen duten alderdien presentzia handitu da”. Nafarroa ekialdean eta Pirinioetan bereziki nabarmena izan da hazkunde hori, bai eta Nafarroa zein Arabako hiriburuetan ere: Iruñerrian 4.400 boto gehiago lortu dituzte duela bost urte baino, eta Araban, eta batez ere Gasteizen, 4.500 boto gehiago.

Era berean, bere erabakigunea Euskal Herritik kanpo duten indar politikoek bozka galera oso handia izan dute. Hiru kasu paradigmatiko aipatu zituen Esnaolak: Tutera aldean 5.000 boto galdu dituzte, Araba Lautadan 3.500, eta Goierrin 3.000.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Fronte Nazionalaren agerpen indartsua izan zuen hizpide Esnaolak. Hendaia, Donibane Lohizune eta Miarritzeko kasuak aipatu izan dira hedabideetan, baina horietan joera hori zigor boto gisa interpretatu daitekeela azaldu zuen Esnaolak: FNk irabazi du UMPk galdu duen heinean. Iparralde barnealdeko hazkundea nabarmenagoa dela esan zuen Gaindegiako koordinatzaileak. Kasu batzuk aipatzearren, Donibane Garazin 4 bozka izatetik 55 izatera igaro da FN, eta Senperen eta Azkainen %800eko hazkundea izan du.

 

Indar abertzalea_mapa

Indar abertzalea_mapa

 

Aurreko saioak: 

Euskal Herria Europan: adierazle nagusiei begira

Enpresa txikiez

Langabezia Euskal Herrian

Euskadi-Akitania euroeskualdeaz

Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian