Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:
“Gure lan merkatua ez da gure ekonomia eta aberastasunaren parekoa”
Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea ETB1eko Azpimarra saioan izan zen joan den astelehenean, maiatzak 19. Solaskide izan zituen Begoña Errazti kudeatzailea eta Eguzki Urteaga soziologoa.
Saioaren lehen minutuetan Lorea Agirre Jakineko zuzendari berria elkarrizketatu zuen Maddalen Iriarte aurkezleak. Jarraian, Maria Servini Argentinako epaileak Euskal Herrira egindako bisita eta Garoñako zentral nuklearra izan zituzten hizpide, besteak beste. Dena dela, Europar Parlamenturako hauteskundeen harira, batez ere Euskal Herria Europan kokatzen jardun zuen Esnaolak (bideoa, 40 minututik aurrera).
Gaindegiako koordinatzaileak Euskal Herriko ekonomiaren argi-ilunak jarri zituen mahai gainean. Batetik, oso ekonomia eraginkorra dela eta gure Barne Produktu Gordina Europako handienetakoa dela azaldu zuen, nahiz eta krisiaren ondorioz behera egiten ari den orain, Europako antzeko lurralde batzuetan hazten ari den bitartean. Enpresa inbertsioa, esportazioak, errenta maila eta produktibitatea dira gure ekonomiaren beste argi batzuk.
Ilunei dagokienez, aberastasunaren banaketa azpimarratu zuen Esnaolak. “Gure lan merkatua ez da gure ekonomia eta aberastasunaren parekoa”, esan zuen, eta langabezian dagoen izugarrizko hutsunea nabarmendu. Izan ere, Euskal Herriko langabezia arrunta %16 da gaur egun, eta iraupen luzeko langabezia %6; Europako handienetakoa.
[AUDIOA] Gai honi buruz ere, Info 7 irratian
Aurreko saioak:
Euskadi-Akitania euroeskualdeaz
Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian