Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Inbidiaz Korrika

Inbidiaz begiratzen diot Korrikari. Berriro ere euskalgintzak ikasgai latza eman digu. Ba al da Korrikaren pare, milaka lagun kutsatzen eta ilusionatzen dituen ekintzarik gizartean edo ekonomia arloan? Ez dut uste. Jar gaitezen pentsatzen, ordea, gai izango bagina xede bat identifikatu eta haren alde indarrak modu masiboan elkartzeko zein zailtasun ez genukeen gaindituko.

Berrikuntza sozialaren adibide paradigmatikoen artean jarri beharko litzateke Korrika. Eta horixe behar du Euskal Herriak gainerako arloetan: ilusio kolektiboa pizten duten xede eta bideak, diferentziak diferentzia gehiengo batek bere egiteko moduko erronkak.

Jabetzen naiz ekimen nazionalean bizi dugun eskasia ez dela ausazkoa, baina alderdi politikoen arteko gatazka giroaren gainetik, eragile sozialek eta pertsonok badugu geure gisa ekintzaile izateko aukera. Horixe egin zuen Korrikak, eta bere hasierako urteak ez ziren inola ere errazak izan, ederki dakigunez.

Udalbiltzak 2002an Zuberoako garapen ekonomikoari laguntzeko elkartasun funtsa sortzeak bide hori erakutsi zigun. Zein izan daiteke, ordea, XXI. mendean Herri batek bere ekonomia eta gizarte garapenari dimentsio kolektiboa emateko ariketa?

Zein gairen inguruan bildu indarrak, esaterako, “Herri txikiak bizirik”, “bertako baserri eta arrantzarekin bat”, “formakuntza gurea eta geureari erantzuteko”…

Zein prozedura erabili: ikur bat sortu eta soinean eraman, diru ekarpenak eskatu, festa erraldoiak antolatu, proiektu kolektiboren bat abian jarri.

Zein sektore jarri mobilizazioaren aintzindaritzan, herritarrak, unibertsitateko irakasleak, izen ezaguneko profesionalak, sindikatuak, ugazabak, hautetsiak, sukaldariak, kirolariak…

Galdera galderaren gainean. Ukaezina da helduen euskalduntzeak Korrika duen bezala, edo politikak “Lizarra Garazi” izan zuen bezala nazio izaerako planteamendu ekonomiko eta sozialek behar dutela berea.

Imanol Esnaola.