Euskal ekonomiaren egoera
Deustuko Unibertsitatea
Desberdintasunak eta gizarte-alorreko murrizketak egoera berrian
- Gizarte-alorreko desberdintasunak gizarte-politikaren murrizketen atzean
- Gizarte-alorreko murrizketak al dira krisialditik irteteko bidea?
- Pentsio-sistemaren erreforma
- Negoziazio kolektiborako esparru berri bat ezartzea, lan-faktorearen kostua merkatzeko
- Gizarte-laguntzako programetarako sarbidea mugatzea
- Negoziazio kolektiborako esparru berri bat ezartzea, lan-faktorearen kostua merkatzeko
Nora goaz? Hemendik aurrera gerta daitezkeen egoerak
- Fiskalitateari buruzko debatea da lehen ildoa. Fiskalitatearen harmonizazioaren nolakotasunari eta erreforma handi baten premiari buruz hitz egiten da alde batetik, orain baino diru gehiago bildu nahi baitu botere exekutiboak, eta, bestetik, itun berri baten premia da eztabaidagai, dirua birbanatzeko sistema-berri baten oinarriak zehazteko. Agerikoa da Europar Batasuneko erakundeek ikuskatuko dituztela gobernuek bete beharrekoak izango dituzten zorpetze-mugak; beraz, administrazioen jarduera-eremuak baldintza edo muga nabarmen bat izango du, diru-sarrerak biltzeko premia izango baitute beti bezala, baina hemendik aurrera ezingo baitute beren zorpetze-maila handitu, edo, handitzeko aukera izatekotan, oso modu apal eta kontrolatuan egin beharko baitute, arautzen diren mugak betetzeko.
Eskura dauden datuen arabera, fiskalitatea %33aren ingurukoa da, batez beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eta %32,5ekoa Nafarroan. Batez bestekoa %39,8koa da 27 herrialdeko Europar Batasunean, eta %48tik gertu dago Suedian eta Danimarkan.
Nire ustez, premiazkoa eta presazkoa da eredu fiskal harmonizatu eta koherente bat asmatzea, ahulenen aldeko diskriminazio positiboa egingo duena, hori baita oreka lortzeko bidea. Ildo horretatik, beharrezkoak diren gizarte-murrizketak egin eta, aldi berean, zerbitzu publikoen kalitateari eusteko bide bakarra da, nire ustez, fiskalitateari buruzko debate kontzeptual bat abiatzea, erabakitzeko zer ordaindu nahi dugun zergen bidez eta zer ez. Esate baterako, zergen bidez ordaindu behar al da, zahartzen ari den gizarte batean, gizarte-baliabideen sistemaren zati bat? Bai ala ez? Zergatik ez da zerga-sistema moldatzen zahartzeak ekarriko dituen gizarte-beharrizanak asetzeko behar den funtsa osatzeko? Galdera eta gai horiek jarri behar dira, beste batzuekin batera, mahai gainean.
- Administrazio Publikoaren tamaina egokitzeko premiari buruzko eztabaida da bigarren ildoa. Ongizate-estatua menderatzeko asmoak bultzatuta, pribatizazioak egitearen aldeko presioa egiten dute merkatuek, eta, alde horretatik, mahai gainean jarri diren proposamen askoren asmoa da baliabideen kudeaketa publikoari “pastel-zati bat” kentzea. Pentsio-funtsak, osasun-arloko baliabideak edo hezkuntza-zerbitzuak dira, besteak beste, pastel-zati horiek.
- Pribatizazioen aldeko presioak eta sistema bideragarrien bilaketak osatzen dute hirugarren ildoa. Lehen adierazi dudan moduan, presio oso handia egiten da pribatizazioen alde. Sistema osoak egiten du presio pentsio-funts pribatuak indartu eta, ondorioz, finantza-erakundeak mesedetzeko, mediku-aseguru pribatuen garapena sustatzeko, eta antzeko neurriak bultzatzeko. Pentsatzekoa da gai horiei buruzko eztabaidak indartu egingo direla hemendik aurrera, beldurraren logikan oinarritzen diren arrazoiak baliatuz: sobera ezagunak dira pentsio-sistema defizitarioa da, ezingo du 2020. urtetik aurrera iraun, eta antzeko aldarriak. Komunikabideak eta zenbait erakunde aspaldi ari dira horrelako kontsignak zabaltzen, ez da entzuten ditugun lehen aldia. Horrenbestez, ez da harritzekoa euskal gizarteak Soziometroan eman dituen erantzunetan etsipen-tonu bat sumatzea.
- Ongizate-estatuaren inguruan itun edo hitzarmen politikoak adostu beharraz dihardu laugarren ildoak.Hego Euskal Herrian, ETA protagonista izan duen gatazka politikoaren indarkeriazko adierazpenarekiko normalizazio-prozesu bat bizi dugu. Egoera-diagnostikoaren erdira ekarri behar da ongizate-estatuaren gaia, gizarte integratzaile bat eraikitzen hasteko, herri-ikuspegia hartuta.
Ez da ahaztu behar, halere, azken hamarkadatan sortu diren desoreka demografiko, ekonomiko eta sozialek erantzun berriak behar dituztela, baina, orain artean behintzat, desorekak handitzen ari dira, ondorio ekonomiko, politiko eta sozial larriak eraginez.
Hego Euskal Herriari erreparatzen badiogu, komeni da erakunde publikoek berrikustea gizarte-zerbitzuetako, laguntzen politikako eta bestelako zerbitzuak hornitzeko modua. Orain arte Jaurlaritzak arautu eta antolatu izan ditu gizarte-politikak eta toki-administrazioek kudeatu eta finantzatu dituzte; ondorioz, nolabaiteko nahasmendua sortu da, lurraldetik lurraldera aldaketak hautematen baitira laguntza-sisteman bederen, eta kontuan izan behar da osasun-arloan, esaterako, ez dela halakorik gertatzen. Ez du hankarik ez bururik erakundeen aldetik horrelako aldeak izatea hain sentikorrak diren bi gai-alor horietan. Hori azpimarratu nahi dut atal honetan.
Zinez uste dut elkartasunarena izango dela, hemendik aurrera, eztabaida politiko nagusia, eta, horren harian, indar politikoek haienera eraman nahi izango dutela ongizate-estatuari buruzko diskurtsoa. Krisi ekonomikoaren eraginez, gizarte-mailen arteko elkartasunaren arazoari erreparatuko zaio koordenatu politiko berrietan, eta, euskal herritarren aukera edo hautu politikoak zehazteko, erabakigarriak izango dira alderdi politikoek hartzen duten posizionamendua ongizate-estatuarekiko, haren defentsarekiko eta harekin lotuta dauden gaiekiko.
Jakina da 80ko hamarkadako krisiaren hasieran Pobreziaren aurkako Legea onartu zela Euskal Autonomia Erkidegoan. Mugarri hori eredugarria izan zen beste erkidego askorentzat, jardun-modu hori bereganatu eta zabaldu baitzuten. Horrek lidergo moral moduko bat eta zilegitasun plus bat eman zion, nolabait, euskal sistemari. Uste dut, egoera zail honetan, gizarte-hitzarmena berradostu behar dela, errealitate ekonomiko eta sozialaren ikuspegi egiazko eta egoki bat hartuz. Euskadik abantaila handi bat du zeregin horri ekiteko, gizarte-kohesio handia baitu, euskal gizartearen maila arteko desberdintasunak gure inguruko beste gizarte batzuetakoak baino txikiagoak direlako, besteak beste.