Skip to main content

Zahartze demografikoa Euskal Herrian

ZERTAN DATZA ZAHARTZE DEMOGRAFIKOA?2>

Marta Luxán Serrano, Soziologoa, EHUko irakaslea, Soziologia II Saila
Unai Martin Roncero, Soziologoa, EHUko Irakasleak, Soziologia II Saila

Erretiro-pentsioen inguruko eztabaida dela eta, aurtengo udazkenean zahartze demografikoa behin eta berriz aipatutako gaia izan dugu. Baina gai honi buruz politikoek zein hedabideek helarazten diguten informazioa, nahasia izateaz gain, askotan ez da zuzena. Hona hemen zahartze demografikoaren definizioa, Euskal Herrian dugun egoeraren azterketa laburra eta prozesu honen ondorioen inguruko gure hausnarketa.

Zahartze demografikoa populazioaren bataz besteko adinaren igoera izendatzeko erabili ohi den terminoa dugu. Praktikan, zahartze demografikoa 64 urte eta gehiagoko biztanleriaren proportzioaren handitzean datza eta joera hau islatzeko gehienetan erabiltzen den adierazlea zahartze indizea da, hots, 64 urte eta gehiagokoen eta 20 urte baino gutxiagoko pertsonen arteko proportzioa.

Zahartze demografikoa hilkortasun, ugalkortasun eta migrazio mugimenduetan oinarritutako gertakaria da. Nola eragiten dute faktore hauek? Hilkortasunari dagokionez, XX. mendean zehar nabarmen murriztu da, batez ere umeen hilkortasunaren beherakada dela medio. Euskal Herria bezalako jendarteetan, XX. mendearen bukaeran hilkortasunaren beherakada adin nagusietan kontzentratzen da, honek adin egituraren zahartzea dakarrela. Prozesu hauen emaitzarik nabarmenena bizi-itxaropenaren luzatzea dugu eta, horren ondorioz, 64 urte eta gehiagokoen proportzioa gero eta handiagoa da.

Hala ere, ugalkortasunaren beherakada dugu Europan azken hamarkadetan ezagututako zahartze demografikoa ulertzeko gakoa. Jaiotzak murriztean, populazioaren piramidearen oinarria txikitu egiten da; beraz, adin nagusiko biztanleriaren garrantzi erlatiboa (proportzioa) handitu egiten da. Euskal Herrian ugalkortasunaren jaitsiera hirurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean hasten da eta, Europako hegoaldeko beste herrietan gertatu bezala, intentsitate handikoa eta oso azkar gertatu den prozesua da.

Migrazioei dagokienez, ondorio ezberdinak dituzte jatorri eta harrera lurraldetan. Migrante gehienak adin zentraletan koka ditzakegu, hots, ugaltze eta lan egiteko adinetan. Beraz, jatorriko lurraldeetan adin zentralek pisua galtzeaz gain, jaiotzak ere gutxitu egiten dira, zahartze demografikoa areagotuz. Harrera lekuetan, ordea, kontrako eragina izaten dute. Euskal Herrian, kanpoko migrazioak zahartze prozesuaren galga dira eta barne migrazioak, aldiz, lurraldeka dauden ezberdintasunen oinarria ditugu kasu askotan.

Begira ditzagun datuak. Azken zentsuko datuen arabera, 2001.ean Euskal Herriak Europako estatuen artean zahartze indizerik altuena du, 125,65 zahar 100 ume/gazteko, Europako Batasuneko-25 indizearen (91,3) oso gainetik. Bestalde, lurraldeka ere ezberdintasun azpimarragarriak daude: Zuberoan indizea 173,5ekoa da eta Araban, aldiz, 117,1ekoa. Zuberoako egoeraren oinarrian migrazio prozesuak ditugu, gazte ugarik alde egiten baitu. Paradoxikoki, Zuberoan eta Nafarroa Beherean zahartze indizerik eta jaiotza-tasarik altuenak erregistratzen dira. Eskualdeka, Lapurdiko Erdialdea, Beherea eta Ekialdea, Plentzia-Mungia eta Iruñea 100 azpitik daude, hots, nagusi baino gazte gehiago dago. Pirinio Aldean, Arabako Ibarran eta Arabako Mendialdean aitzitik 200 zahar baino gehiago dago ume/gazte bakoitzeko.

Biztanleriaren eguneraketen arabera, hamarkadako zahartze indizerik altuena 2003an erregistratzen da -129,17 - eta gerora behera egiten du. Joera aldaketa hau Hegoaldeko lurraldeetara heltzen diren etorkinen eraginaren ondorioa badugu ere, oso intentsitate txikikoa da: 2010an 100 ume/gazteko 123,14 pertsona adinduak daude Euskal Herrian. Iparraldean, aldiz, zahartze prozesuak ez du etenik izan: 2010koa hamarkadako zahartze indizerik altuena da, 147,23 pertsona nagusi 100 ume/gazteko.

Kontzeptuaren sorrera eta interpretazioak

Zahartze demografikoaren inguruko jarrerak ulertzeko, ezinbestekoa dugu kontzeptuaren sorrerari buruz hitz egitea. Ideologia ultranazionalista, aberkoia, eta populazioen ikuskera organizista, darwinianoa, ditugu kontzeptu honen oinarrian. XX. mendearen hasieran pizten da zahartze demografikoari buruzko diskurtso alarmista Europan eta, zenbait urte beranduago, Frantzian sendotzen da kontzeptua, natalismoaren aldeko diskurtsoari oso lotuta.

Berriz, zenbait demografoen arabera (hala nola, Julio Pérez Díaz) zahartze demografiko kontzeptua errotik pozoindutako terminoa dugu, prozesua arazotzat aurkezten baitigu. Honen ordez, bizi-iraupenaren demokratizazioa erabiltzea proposatzen digu demografo kataluniar honek.

Beraz, gertakari hau interpretatzeko orduan, kontrajarritako bi jarrera ditugu. Alde batetik, zahartze demografikoa prozesu alarmagarria eta oso ondorio negatibokoa dela adierazten duena. Darwinismoaren ildoa jarraituz, populazioak izakiak lirateke, jaio, garatu, zahartu eta hil egiten diren izakiak alegia. Horren harira, zahartutako populazioak bizitasunik gabekoak eta kontserbadoreak izateaz gain, pentsioak eta nagusien zaintza beharren ondorioz arazo ekonomiko larriak dituzte. Jarrera hau oraindik ere indarrean dago zenbait testuinguru politikotan (azken hilabeteetako pentsioei buruzko eztabaida dugu honen adibide) zein akademikotan (ikus Global Aging Iniciative).

Bestetik, populazioak baino pertsonak zahartzen direla defendatzen duen jarrera dugu, bizi-itxaropenen hobekuntza garapenaren adierazlea dela esaten dutenena. Aipatu dugun moduan, gure artean bizi-iraupena demokratizatu da, hau da, jende gehiena zaharra izatera heltzen da. Denbora bizitzaren lehengaia dugu eta, printzipioz, bizitzeko denbora gehiago izatea berri ona litzateke, hobera egiten dugun seinale. Aldaketa hauek, bai norbanakoen bizitzan baita populazioen egituretan ere, ondorio garrantzitsuak dituztela ez dute ukatzen, baina alarmak alde batera utzi eta etorkizuna aurreikusi eta era egokian kudeatu behar dugula aldarrikatzen dute.

Iritzi hau mantentzen duten demografoen artean zeharkako azterketaren beharra azpimarratzen da, koiunturako adierazleekin oso zaila baita portaera demografikoen nondik norakoak azaltzea. Ildo berean, gertatutako aldaketen oinarrian “iraultza erreproduktiboa” legoke zenbait egileen arabera. Hau da, jaiotzen diren pertsona gehienak bizitza luzea izaten dute, beraz bizitza bermatzeko askoz ere jaiotza gutxiago behar ditugu.

Ondorioak

Edozein kasutan, bizitza luzatu izanak adinen birdefinizioa suposatu du, jakin badakigulako urte luzeak biziko ditugula eta ziurtasun hau pertsonala izateaz gain, soziala ere badelako. Honek, alde batetik, gaztaroaren luzatzea ekarri du: gaur egun 40 urteko pertsonak gazteak direla diogu. Bestetik, adinekoa izatea zer den, zenbat urterekin zahartzen garenaren pertzepzioa aldatu du. Eta aldaketa hauek garrantzitsuak dira maila pertsonal zein kolektiboan.

Era berean, famili guneen tamaina horizontalki gutxitu bada ere, bertikalki gero eta belaunaldi gehiago daude presente. Hots, egun jaiotako pertsona batek aiton amonak eta hauen gurasoak ezagutzeko aukera handiak ditu, eta ziurrenez bere bizitzaren urte gehiago pasako ditu gurasoekin guraso gabe baino. Honek, orokorrean, ziurtasun emozional zein materiala biderkatzen duela baiezta dezakegu. Bestalde, gu baino nagusiagoak diren ahaideak izateak gazteagotu egiten gaituela azpimarratzen du zenbait autorek.

Feminizazioa ere badugu prozesu honen ondorio. Emakumeek bizi-itxaropen luzeago izateak emakume eta gizonen arteko desoreka numerikoa areagotzen baitu adin nagusietan. Hau da, pertsona nagusien artean emakumeen portzentajea bereziki altua da.

Baina horren baikorrak ez diren ondorioak ere mahai gainean jar ditzagun. Osasuna eta adina estuki lotuta daude eta honen ondorioz erikortasun eta menpekotasun egoerak areagotu egin dira. Nahiz eta gaur egungo 64 urte baino gehiagoko biztanleak iraganekoak baino osasuntsuagoak izan, zahartze prozesuak besteen zaintzak behar dituen pertsonen kopurua handitu egin duela uka ezina da. Eta zaintza behar honek kolokan jar dezake gaur egungo sistema soziala, merkatuaren beharrei pertsonen beharrei baino garrantzi gehiago ematen dien sistema, alegia. Autore batzuk “zaintzaren krisialdi” moduan definitu duten gertaera honek agerian uzten du merkatuaren eskakizunak eta, batez ere, emakumeek betetako zaintza lanen uztartzearen ezintasuna.

Azkenik, zahartze prozesuaren ondoriorik aipatuena pentsioen balizko krisialdia dugu. Pentsioei buruzko diskurtsoetan erabilitako argudio demografikoak adin egituraren azterketan oinarritzen dira eta ez lan merkatuaren antolaketarenean. Pentsioen inguruko eztabaida lan merkatuaren desorekekin lotu beharko genuke, ordea, eta desoreka hauek zuzentzeko enpleguaren egiturari begiratu beharko genioke, eta ez populazioaren piramideari. Lehen aipatu bezala, eztabaidan erabiltzen diren argudio demografikoak nahasiak izateaz gain, askotan ez dira zuzenak eta gehienetan bestelako interes ekonomikoak ezkutatzen dituzte. Adibide bat azter dezagun.

“Bizi-itxaropena luzatu denez, erretirorako adina ere atzeratu beharko litzateke”, entzun dugu askotan. Baina jakin badakigu bizi-itxaropenaren luzatze hori bizi-iraupenaren demokratizazioarekin lotuta dagoela, hots, teorian enplegatuta egon daitekeen jende kopurua handitu egin dela. Beraz, bizi-iraupenaren demokratizazioak pentsio sistema ahuldu baino indartu egingo luke. Era berean, sozialki zein pertsonalki daukagun denbora “extra” horrekin zer egin nahi/ahal dugun eztabaidagaitzat jotzen dugu: enplegua ez delako esku artean dugun lan bakarra eta bizitzan lana baino eginkizun gehiago izan baditugulako.

Bestalde, bizi-itxaropenak kantitateari egiten dio erreferentzia, ez kalitateari. Bizitza luzeagoa da, baina osasun egoeran bizi ote dugu? Eta pertsona guztien bizitzak modu berean luzatu al dira? Argudio demografikoak eskuan, lanbideak eta klase sozialak gure bizi-itxaropenetan eragin handia dutela baieztatu dezakegu eta, horren ondorioz, erretiro adina orokorki atzeratzeak dagoeneko garrantzitsuak diren ezberdintasun sozialak areagotuko lituzke.