Kontsumo Prezioen Indizeak behera egin zuen iaz Hego Euskal Herrian, eta paretsu mantendu zen 2020ko urte amaieran iazko epealdi berdinarekiko alderaketan. Aldiz, apalki bada ere, salneurriak hazi egin ziren Europan.
Osasun larrialdia tarteko, KPI Kontsumo Prezioen Indizeak igotzeari utzi zion iaz. Izan ere, -%0,4an itxi zuen urtea Hego Euskal Herrian, eta, Ipar Euskal Herrian, urtebete lehenagoko maila berean geratu zen.
Pandemiaren testuinguruan KPI orokorraren igoera eten egin bazen ere, urtean zehar zenbait produktuen garestitzea nabarmena izan zen. Udaberrian barazkiek eta fruta freskoak edota arrainak prezio igoera garrantzitsua izan zuten. Aldi berean, Brent upelaren prezioaren jaitsiera historikoak erregaien prezioa merketzea eragin zuen. Saudi Arabia eta Pertsiar golkoko beste estatu arabiarrek produkzioa handitzearen ondorioz petrolioa lehenagotik ere merketze joera batean murgilduta zegoen. Horrek, pandemia hasieraren ziurgabetasunarekin batera, 2020ko martxoan Brent upelaren balioa minimo historikoetan jarri zuen. Testuinguru horretan petrolioaren kontsumoa mundu mailan murriztu egin zen arren, produkzioa gutxitu eta petroleoaren prezioak gora egin zuen urtea bukatu arte.
Elikagaien salneurriak gora. Garraioarenak eta etxebizitzenak behera
COVID-19ak ohiko kontsumo joerak guztiz baldintzatu zituen urtearen amaieran, garraioari eta etxebizitzari loturiko gastuen prezioek behera egin zuten Euskal Herrian, ipar zein hego. Jantzi eta oinetakoek ere beherantz jo zuten Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, ordea, komunikazioak eta aisia eta kultura merketu egin ziren.
Euskal Herri osoko salneurriek gorakada esanguratsua izan zuten janarian eta edari alkoholgabeetan, irakaskuntzan, etxeko tresnerian eta medikuntzan. Ipar Euskal Herrian, bestalde, prezioen igoera garrantzitsua izan zuten edari alkoholdunek eta tabakoak. Hego Euskal Herrian hotelak, kafetegiak eta jatetxeak garestitu egin ziren.
Europan prezioek apalki hazi ziren
Europar Batasunean (27) KPIren igoera apalarekin itxi zen 2020a. Prezioen igoera garrantzitsua izan zen Polonian, Hungarian, Txekiar Errepublikan, Errumanian eta Eslovakian. Europar Batasunetik kanpo, salneurrien garestitze esanguratsua izan zen Turkian, Ipar Mazedonian eta Islandian. AEBtan KPIk joera bera izan zuen. Bien artean, bizitza nabarmen merketu zen Grezian, Eslovenian, Suitzan edo Irlandan. Euskal Herriko salneurrien pareko bilakaera izan zuten Portugalek, Luxenburgok, Italiak edo Kroaziak.