Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:
“Nola bizi daiteke herri bat aberastasun maila handi batekin, eta bere baliabideak kudeatu ez?”
ETB1eko Azpimarra saioak aste honetan ekin dio denboraldi berriari, eta Gaindegiak asteroko tarte bat izango du bertan berriz ere. Oraingoan, asteartero izango da hitzordua, 17.30ak aldean.
Astearte honetako estreinako tartean, Euskal Herria, Katalunia eta Eskozia izan zituen hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak. Berak azaldu bezala, herri txikiak dira hirurak: 3 milioi, 7 milioi eta erdi eta 5 milioi biztanle dituzte, hurrenez hurren. Hala ere, antzeko neurria dute Europan biztanleko BPG handiena duten estatuek ere (Luxenburgo, Suitza, Austria, Norvegia, Irlanda…), eta beraz, ez dirudi txikitasuna erabakigarria denik estatu baten balizko bideragarritasun ekonomikoan.
“Katalunian, balantza fiskalak izugarrizko istilua eragin du; jartzen dutena baino 16.000 milioi euro gutxiago jasotzen dutela diote katalanek. Eskozian, berriz, osasun zerbitzuen balizko pribatizazioa dute hizpide”, esan zuen Esnaolak. Halako faktore materialak gakoak izan dira bi herriok hain zuzen orain burujabetza ariketak garatze aldera.
Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriko ekonomiaren datu batzuk alderatu zituen Esnaolak saioan. Esaterako, langabezia-tasa %23,4 da Katalunian, %16,4 Euskal Herrian, eta %7,1 Eskozian; azken hau Europako batez bestekotik behera dago. Gaindegiako koordinatzaileak azaldu bezala, Espainiako lan erreformak eragin zuzena du Katalunia eta EHko datu kaskar horietan.
Barne Produktu Gordinari dagokionez, berriz, egoera oso bestelakoa da: Euskal Herrian 30.100 euro dira biztanleko, Katalunian 28.400 eta Eskozian 24.500. Hain zuzen, Eskoziako BPGa Erresuma Batukoa baino txikiagoa da, eta horren inguruan hausnarketa egin zuen Esnaolak: “Euren baliabide guztiak (petrolioa, gasa…) eurenak bezala kontatuko balira, BPG askoz handiagoa izango lukete”.
Hori horrela, beste estatu baten menpe egoteak herrioi dakarzkion askotariko arazoak jarri zituen Gaindegiak agerian. “Nola bizi daiteke herri bat ongizate eta aberastasun maila handi batekin, eta bere baliabideak kudeatu ezinean?”, bota zuen galdera Esnaolak.
Tartea bukatzeko, Ander Larunbe Anderson elkarrizketatu zuten Azpimarran. Ama eskoziarra duen euskal herritarra da Larunbe, eta hango errealitatea eta erreferendumaren biharamuna xehatzen lagundu zuen.