Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, enpresa txikiez solasean

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:

“Enpresa txiki askok egin dute lan bakardadean eta bezero bakar batekin”

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea ETB1eko Azpimarra saioan egon zen atzo, maiatzak 12. Harekin batera izan ziren Begoña Errazti kudeatzailea, Felix Arrieta politologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Karlos del Olmo itzultzailea eta interpretea.

Besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria, Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera, Europako hauteskundeak eta euskal presoen sakabanatzea izan zituzten hizpide. Dena dela, Esnaolak enpresa txikien auzia jarri zuen mahai gainean nagusiki (bideoan, 52:30 minututik aurrera). Izan ere, enpresek handitzera egin behar dutela adierazi zuen lehengo astean Confebaskek, eta neurri batean horrek bat egiten du Gaindegiak iazko azaroan plazaratutako enpresa demografiari buruzko txostenaren ondorioekin.

Esnaolak azaldu bezala, Euskal Herriko enpresen %86 txikiak dira, hamar langiletik beherakoak. Hamar lanpostutik sei enpresa txiki horietan metatzen da. “Asko eta asko industriak dira, eta haien eskualdeko motorra izan dira”, azaldu zuen. Horrek oso egoera larrian utzi ditu eskualdeok, halako enpresek teknologia eta berrikuntza maila txikia baitute, eta krisiak gogor jo die. Oarsoaldea, Ultzama, Arratia… dira horren adibide.

Europako antzeko erregioetan ere enpresa txikiak nagusitzen dira, baina Esnaolak azaldu bezala, “diferentzia enpresen arteko lankidetzan dago. Gurean atomizazio handia dago, eta bezero gutxirekin egiten da lan. Fagorren kasuan ikusi genuen (haren itxierak 200 enpresa txiki jarri ditu kolokan). Formula ez da beti enpresa handitzea izango, baina saretzea garrantzitsua da, elkar hartzea. Txiki askok bakardadean egin dute lan, bezero bakar batekin”.

Bestalde, berrikuntzarako diru laguntza gehienak enpresa handietara joan direla azpimarratu zuen Esnaolak, eta txikietara eta hiriburuetatik urrun dauden eskualdeetara ere iritsi behar direla adierazi. “Balio katea ez da Zamudion edo Miramonen agortzen. Aktibitate garatua eskualde guztietara zabaldu behar da. Tafalla, Malerreka... halako eskualdeek indar asko galdu dute eta behar dute”, esan zuen.

 

Aurreko saioak:

Langabezia Euskal Herrian

Euskadi-Akitania euroeskualdeaz

Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian