Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:
“Hego Euskal Herriak elkarrekin osatzen du muga, interakzioak oso handiak baitira”
Atzo, ekainak 16, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea ETB1eko Azpimarra saioan izan zen, administrazio mugaz gaindi, Hego Euskal Herria osatzen duten lau herrialdeen artean dauden lotura sendoez hitz egiteko. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak (EAJ), Begoña Errazti kudeatzaileak eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak (EH Bildu) ere hartu zuten parte saioan.
(26. minututik aurrera)
Lotura horietako batzuk aipatzearren, Nafarroa Garaitik kanpo lan egiten duten nafarren %40a Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan aritzen dela azaldu zuen Esnaolak, eta EHU eta Nafarroako unibertsitateen artean Hegoaldeko lau herrialdeetako ikasleek duten mugikortasuna ere beste hainbestekoa dela. Negozioei dagokienez ere, Nafarroa Garaiak kanpoan saltzen duenaren 10etik 3 Araba, Bizkaia edo Gipuzkoara doala esan zuen, eta erosten duena ere bertatik datorrela proportzio berean.
Hori horrela, bi administrazio izan arren, Hego Euskal Herrian muga efekturik ez dagoela azaldu zuen Gaindegiako koordinatzaileak (AEBetan, esaterako, Seattle-eko enpresa batek gehiago begiratzen du Kaliforniara Kanadara baino, nahiz eta azken hau gertuago izan, eta horri deitzen zaio muga efektua): “Hego Euskal Herriak elkarrekin osatzen du muga, interakzioak oso handiak baitira”. Hala, Nafarroako Gobernuak Aragoi edo Errioxarekin elkarlana izatea lehenesten duenean, “errealitatearen kontra doazen politikak” sustatzen ari dela azpimarratu zuen Esnaolak.
Krisia hasi zenetik, gainera, gizarte eta ekonomia lotura hori areagotu egin dela adierazi zuen Gaindegiako koordinatzaileak, eta merkataritza ganberen eta beste zenbait erakunderen bitartez lankidetza sareak indartzeko garaia dela adierazi zuen: “Datuek diote interakzio maila beste inorekin baina handiagoa dela Hegoaldeko herrialdeen artean. Datuek diote hemen badela herri bat”.
Aurreko saioak:
Euskadi-Akitania euroeskualdeaz
Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian