Gaindegiako Zuzendaritza Batzordeak, ohiko deialdian bildurik, Noticias Taldeko egunkarietan argitaratutako albisteen aurrean honakoa adierazi nahi du:
GAINDEGIA Euskal Herriko Ekonomia eta Gizartearen Garapenerako Behategia orain dela bost urte sortutako lukuru asmorik gabeko elkartea da.
Bere xede nagusia jakintza alor anitzeko behategia, zabala eta eraginkorra eraikitzea da, garapen ekonomiko eta sozialari buruz datu eta analisiak eskaini ahal izateko.
GAINDEGIAren jarduerak eta eginkizunak, beraz, behategi bati dagozkionak dira, ikerketa, hedapena eta gogoeta, gure kasuan Euskal Herriko ekonomia eta gizarte alorreko gai eta eragileen inguruan, eta beti auzi ekonomiko eta sozialei dagozkien datuen inguruan.
Hori da, hain zuzen ere, GAINDEGIAk azken urteetan egindako ekarpena eta ildo horietako lanak egingo ditu aurrerantzean ere. Azken hauek edozeinentzat eskuragarri daude bere web gunean (www.gaindegia.org), interesa duenak bertan ikus dezake GAINDEGIAk zer egiten duen eta zertan dabilen.
Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapenerako behategi-lanetatik harago, GAINDEGIAk ez du besterik egiten. GAINDEGIA sortu zenetik, Euskal Herriko erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan jardun da, bai eta Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomikoaren alde lanean ari diren elkarteekin ere.
GAINDEGIAra biltzen garenon sentsibilitate sozial eta politikoak askotarikoak dira eta gure jarduera aniztasun horri leiala zaio.
Beraz, Gaindegia eragile politikoei dagozkien jarduera alderdikoiekin lotzen duen edozein informazio ez da zuzena, NOTICIAS TALDEKO albistea, adibide.