Udako oporraldiak atzean utzi ditugu eta Gaindegiako bulegoan lanean hasi gara dagoeneko. Aurtengo ikasturteari, gainera, gogoz eman diogu ongi etorria, asmoz beteriko hilabeteak baitugu aurretik.
Aipagarriak:
- Gure irudia indartzea, jende gehiagorengana iristeko.
- Gure lanaren hedapena indartzea: Gaindegiatik begi eta ahots gehiago bildu nahi ditugu Euskal Herriaren inguruko ezagutza eta gogoeta hedatzeko. Hori lortze aldera, 2013-2014 ikasturtean hedapenari begirako lana indartuko dugu; batetik, baliabide gehiago hedapen helburuetara zuzenduta, eta, bestetik, arlo horretan lan egingo duen kide berri baten laguntzaz.
- Webgune korporatiboaren berritzea: Une hauetan Gaindegia.org webgunea berritzeko lanetan gaude. Webgune berri honek askotariko zerbitzuak eskainiko dizkio erabiltzaileari: informazio gaurkotua, argitalpenak, bilatzaileak, online kanalak, gure bestelako atariekin harreman zuzena, etab.
- Gure zenbait zerbitzuren atariak berritzea: Webgunearekin batera, gure zenbait zerbitzuren atariak ere abian jarriko ditugu: mapak, dokumentazioa, datuak…
Berrikuntzez gain, orain arte egin bezala,
Buletina argitaratzen jarraituko dugu. Gainera, aurten ere
hitzaldiak nahiz
mintegiak antolatuko ditugu; horietan euskal adituak ez ezik, atzerriko ahotsen bat edo beste gure herrira ekartzeko asmoa ere badugu. Azkenik,
blog-ak ere berebiziko garrantzia hartuko du Gaindegiaren aro berri honetan.
Adi, beraz, aurretik dugun ikasturteari!