Espainiako Gobernuak martxoaren 15an ezarri zuen berrogeialdia, eta Frantziako Gobernuak, bi egun beranduago. Munduko herritarren heren batek normaltasunez etxetik atera ezinik dabil. Ezohiko egoerak erpin anitz ditu, baina COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiak herritarren artean uneko egoerari aurre egiteko premia desberdinak sortu ditu.
Familia eta seme-alaben ardura dutenentzako gizarte babes apala du Euskal Herriak (BPGren %0,9a), Turkia eta Errumaniaren parekoa, belaunaldi ordezkapen traketsa eragingo duen krisi demografiko baten erdian ere.
Aspalditik tamaina txikiko bizikidetza-unitateak gero eta ugariagoak dira, familia-eredu mediterraneoaren ezaugarriak gero eta lausoagoak, eta Euskal Herriak Europar Batasunaren antz handiagoa dauka. Dagoeneko, Euskal Herrian gehienez bi pertsonez osaturiko bizikidetza-unitateak guztien %60,5a dira.