[Aitor Bengoetxea] Uholde neoliberalaren aurrean, Euskal Herrian zer?

Euskal Herriko egungo lan-harremanen egoera aztertzerakoan, aurrez aurre aurkitzen dugun lehen arazoa da harreman horien araubide juridiko nagusia ezartzea, Konstituzio eta legeen bitartez, ez dagokiela Euskal Herriko botere araugileei, Frantzia eta Espainiako botereei baizik.

Bigarren maila juridiko batean, autonomia kolektiboaren esparruan, badute zeresena Euskal Herriko eragileek, langileen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituztenean. Nahiz eta joko-zelai juridikoko marra nagusiak Konstituzio eta legeen bitartez marraztu, Euskal Herriko hitzarmen kolektiboek badute zeresan handia lan-harremanen edukia finkatzerakoan.

Dena den, autonomia kolektiboaren iturritik hitzarmen kolektiboak ateratzeko, ezinbestekoa da bi alderdien adostasuna. Eta, ikusirik Espainiako legediak azken lan-erreformetan enpresaburuen interesen alde egin duela nabarmenki, zaila da enpresaburuek eskuan duten aukera horri uko egin eta, horren ordez, beste eredu konprometituago baten alde egitea. Hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasunaren auzian ikusi dugu egoera hori; hitzarmen berri batzutan, ez asko, alde batera utzi da legeak ezarritako eredua, ultraeraginkortasuna indartuz langileen interesen alde, baina enpresaburu elkarte nagusiek ez dute adostu nahi izan akordio orokor bat zentzu horretan.

Legezko heteronomia vs. autonomia kolektiboa lehia horretan, bereziki kritikagarria da Espainiako legediak enpresako hitzarmen kolektiboaren alde egindako hautua, sektoreko hitzarmenengan gailenduz. Larriena da legeak espreski dioela hitzarmen kolektibo bitartez ezin dela hautu hori aldatu.

Araubide juridikoa bultzatzen duen politika ekonomiko-laboralari dagokionez, espainiar Estatuaren kasuan oso nabarmena da politika neoliberalaren aldeko hautua, eta ez hain markatua Frantziar Estatuan. Espainian gertaturiko azken lan-erreformetan (2012-2013), Gobernuak aitortu nahi ez izan arren, helburua oso argia da: lan-kostuak jeitsiz, batez ere soldata, enpresen lehiakortasuna areagotzea. Aitorturik gabeko asmo hori egungo egitateek frogatzen dute, datuek esaten baitigute soldatak jeisten ari direla, eta Espainiako esportazioak igotzen ari direla, merke ekoizten delako.

Egun mundu mailan hain indartsu dagoen korronte neoliberala jarraituz, besteak beste troikak (Europako Komisioa, Europako Banku Zentrala, eta Nazioarteko Diru Funtsa) burubelarri bultzatzen duena, Espainiako gobernuak lan-merkatua desregulatzeari ekin dio, enpresen kostu laborala jeitsiz eta langileekiko betebeharrak murriztuz.

Horrela, langabeziaren datu kuantitatibo izugarriak  zuritu nahi dira, enpleguaren kalitatearen kontura. Enplegua sor dadila, nahiz eta enplegu merkea izan, kalitatezko enpleguaren ordez. Soldata jeitsieraz gain, ildo bereko politika erakusten dute, enpleguaren kalitatea kaltetuz kantitaren alde, azken aldiko erreformak lanaldi partzialeko kontratuak sustatu, malgutu, eta erraztuz, edota kotizazioko tarifa planoa (100 euro), kontratu mugagabe berrietan.

Eta uholde neoliberal horren aurrean Euskal Herrian zer?  Ba goian aipaturikoa berretsi behar da; joko esparru juridikoa Estatuek markatzen dutela, egoera larria bihurtuz Hego Euskal Herrian, eta aurre egiteko tresna juridiko baliagarriak hitzarmen kolektiboak direla. Autonomia kolektiboko eragileek borondatea balute, hitzarmen kolektiboa oso eraginkorra izan liteke bestelako eredu baten alde, baina enpresaburuak, oro har, eroso daude legediak beren interes ekonomikoen (gutxienez epe motzekoak) aldeko haizea dakarrelako.

Euskal Herriko etorkizuneko lan-harremanen eredu komenigarria irudikatzearen ariketan murgiltzerakoan, edukian zentratuko naiz, ereduan, alde batera utzita aipaturiko egiturazko arazoa, hots, araubide juridiko nagusia Estatuei dagokiela, eta oraingoz Estaturik gabeko nazio den Euskal Herriari hitzarmen kolektiboen bidea gelditzen zaiola.

Gaindegiak eskaintzen dizkigun azken datuen arabera, Euskal Herriko langabezi tasa %15ekoa da (%10 EB-28n, %10 ere frantziar Estatuan, eta % 25 espainiar Estatuan). Espainiar Estatukoaren erdia inguru egonda ere, langabezia maila oso altua dugu, EBko testuinguruarekin alderatuta. Hortik abiatuta, enplegu politika aktiboak behar dira, langabetuen enplegua sustatzeko, eta langileek enplegua mantentzeko.

Alde batetik, kolokaziorako bitartekaritza sistema publiko eraginkorra beharko genuke, eta teknologia berriek ematen dituzten aukera ugariak baliatu. Ardatza sistema publikoa izan beharko litzateke beti, eta agente pribatuen lankidetza justifikaturiko zailtasun teknikoko egoeretan onartu liteke, betiere kontrol publiko eta mugekin, agente pribatuen irabazi-asmoak kolokazioarekin negozio egitera bultza ditzakeelako, enplegua merkantzia bihurtuz.

Enplegu politika aktiboen gakoa langileen formazioa izan beharko litzateke. Abiapuntu aski ona dugu arlo honetan, Gaindegiak esaten baitigu EHn populazio aktiboaren %43k goi-mailako ikasketak dituela, datu azpimarragarria, EB-28ren %27arekin alderatuta.

Horrela, lan-harremanen euskal ereduak kalitatezko enpleguaren alde jo beharko luke, kalitatezko ekoizpena eta hazkunde ekonomikoa ekarriko dituena. Enplegu politika aktiboetako inbertsioak gehienbat langileen formazioan zentratu beharko litzateke, bai langabetuen formazioan, eta bai langileen trebakuntzan, eta ez egungo kontratatzeko dirulaguntza eta kotizazio hobarietan.

Kontratatzeko dirulaguntza publikoen politika orokorrak balorazio oso kritikoa merezi du, Frantziako doktrinak effet d'aubaine gisa izendatzen duen fenomenoagatik. Izan ere, askotan, dirulaguntzaren eragina ez da kontratazio berriak sustatzea, baizik eta dirulaguntzarik gabe ere enpresak egingo zukeen kontratuaren kostua diru publikoaren kontura merketzea. Horrexegatik, dirulaguntzak plantea daitezke enplegua lortzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboetan fokalizatzen badira (desgaitasunak dituzten pertsonak, gazteak, etab.). Esparrua zenbat eta gehiago hedatu, sustapen-eragina proportzionalki jeitsi egiten da.
Soldatapeko langileen enplegua sustatzeaz gain, enplegu politika aktiboek enplegu autonomoa sustatzeko atala eduki behar dute. Langile autonomoen kasuan, epe luzerako politika integrala beharko litzateke, eta ez gaurregun batzutan eskaintzen diren sustapen neurri puntualak, langile autonomoen ekimen berriak errazten dituztenak, ekimen horien iraunkortasuna kontuan hartu gabe, autonomoen ekimenen hilkortasun-tasa handiek erakusten dutenez.

Autoenplegu kolektiboak kapitulu berezia merezi du Euskal Herrian. Kooperatibek eta lan-sozietateek (kapitalaren gehiengoa langileena denean) une honetan pisu kuantitatibo moderatua duten arren (Euskal Autonomi Erkidegoan enplegatuen %6 inguru), eredu kualitatibo oso interesgarria erakusten dute. Euskal Herrian dugun MCC, bere argi-ilunekin, mundu osoko talde kooperatibo handiena da,.
Ezin da kasualitatea izan EHn kooperatibismoak hain garapen ikusgarria edukitzea. Izan ere, kooperatibismoaren sustraiak, eredu bezala elkarlanean oinarrituz, antropologikoki hain garrantzitsua den auzolanean aurkitu ditzakegu. Merezi du botere publikoek autoenplegu kolektiboa tinko sustatzea, langileen arteko elkarlan, eta konpromisoko eredua bultzatuz.

Politika pasiboei dagokienez, langabetuak egoera horretan dauden bitartean ekonomikoki babesteko, bizi dugun krisian ikusten ari garen moduan, langabezia-tasa altua denean iraupen luzeko langabezia handitzen da. Une honetan espainiar sistemako langabeziaren babesa nahiko desordenatua da, eta, lehen maila kontributiboa agortuz gero (2 urte gehienez), laguntza mailara igarotzen gara, normalean 400 euro inguru. Larriena da une honetan langabetu askok ez dutela inolako prestaziorik jasotzen.

Etorkizuneko Euskal Herriko sistemak babes nahikoa eskaini beharko lioke gogoz kontrako langabezian dagoenari. Benetan bere borondatearen kontra egon eta modu aktiboan enplegua bilatzen ari denak modu duinean bizitzeko babes publikoa merezi du, pertsona horri Estatuak kale egin baitio, bere lanerako eskubidea ezin duelako baliatu. Aipaturiko baldintzapean babesa bermatu, kotizatu duenari, kotizatu duenaren araberakoa, eta nahiko kotizatu ez duenari, kontsumorako prezioen adierazlearen arabera.

Malgusegurtasunaren ideiari dagokionez, Europar Batasuna bultzazen ari den fetitxea dugu. Malgutasuna enpresaburuentzat eta segurtasuna langileentzat. Primeran. Oreka perfektua. Win-win. Arazoa da galdetzen dugunean zehazki malgutasuna eta segurtasuna, hurrenez hurren, zeren inguruan.

Sarritan errepikatzen da Danimarkako eredu arrakastatsua, “urrezko hirukia”. Kaleratze librea (malgutasuna), politika aktibo eraginkorrak langabetuak azkar beste enplegu bat lortzeko, eta politika pasibo sendoak babes ekonomikoa nahikoa izateko (bien artean, segurtasuna lan-merkatuan). Baina Danimarkako egoera ezin da, besteak beste, gurearekin alderatu. Han konfidantzako harremanak daude enpresaburu eta langileen artean, 1899ko itun estrategiko batean errotuta. Presio fiskala oso altua da, kalitatezko politika aktiboak eta nahiko diru eskaintzen duten politika pasiboak behar bezala hornitzeko.
Ez da serioa “urrezko hiruki” hori hemen planteatzea, ditugun baldintzekin. Kaleratze librea errealitate bat da aspaldi, doanekoa ez, baina kausarik gabekoa bai. Baina politika aktiboak eskasak dira, eta pasiboak ere. Horregatik, iraupen luzeko langabezia handituz doa, eta segurtasuna ezerezean gelditzen da.

Beste gauza bat da barruko malgusegurtasuna deritzana, kaleratze librerik gabe: malgutasuna lan-baldintzetan (soldata, lanaldia, lantokia, etab.) enpleguko segurtasunaren truke. Enplegua galdu soilik hori justifikatzen duen kausa bat dagoenean. Hori arrazoizko oreka dirudi. Kooperatibetan ohiko eredua da.