Patenteak Euskal Herrian

Euskal herritarrak kopiatzaile onak baina asmatzaile makalak garela esan izan da. Datuek hori baieztatzen dutela dirudi: gure enpresek ikerketa eta garapenean egiten duten gastu proportzionala Europar Batasuneko batez bestekoaren pare dago, baina zifrak ez dira hain onak ikerketak, garapenak eta berrikuntzak erabat baldintzatzen duten adierazle batean: patenteak. 2010ean (Eurostaten datu berrienak), 159 patente erregistratu ziren Euskal Herrian; 51,4 patente milioi bat biztanleko. EBn, batez beste, milioi bat biztanleko 111 patente egin ziren urte berean.

Patenteak tresna garrantzitsua dira bertako industriak produktu propioak garatu eta sal ditzan, eta besteek sortutako teknologiaren eta ezarritako prezioen arabera ibili behar ez izateko. Are gehiago orain, eraldaketa teknologiko bete-betean gaudenean: etorkizuneko teknologia horientzat aplikazio berriak sortzeko unea da.

Txosten honetan Euskal Herriko patenteen erregistroari begiratu diogu, eta Europako datuekin alderatu.