Iraupen luzeko langabezia urte betetik gora langabezian emateari deitzen zaio. Adierazle esanguratsua da, lan merkatuaren ezaugarriak agerian uzten dituelako. 2009. urtetik hazkunde handiak izan ditu iraupen-luzeko langabezia-tasak, hala ere, 2011n hazkundea baretu egin da.
2011n EUSTATen arabera iraupen-luzeko langabezia-tasa %4,66koa izan zen, aldiz INEren arabera %5,53koa eta EUROSTATen kalkuluen arabera, %3,32koa.
Iraupen luzeko langabezia nozitzen duten pertsonen kopurua EUSTATen arabera 69.797koa da eta INEren arabera 82.810koa.
2009an, krisia lehertu zen momentuan, Arabak hazkunde izugarria izan zuen, %300,2koa, hurrengo urteetan hazkundea motelagoa izan da, %69,1koa 2010ean eta %21,2koa 2011n. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren kasuan, eragina uniformeagoa izan da denboran, 2009an Bizkaian hazkundea %95,2koa izan zen, Gipuzkoan %98,3koa eta Nafarroa Garaian %110,3. 2010ean, aldiz, %102,8, %95,4 eta %85,7koa.
Bestalde, Iparralden langabezia mota honek gora egin du, baina hazkundea apalagoa izan da, 2009an %12koa eta 2010an %12,2koa. 2011n, aldiz, langabezia mota hau nozitzen zutenenak %0,2an gutxitu ziren. Azken datu hauek Frantziaren enplegu politika eta Iparraldeko jarduera ekonomikoen baitan irakurri behar dira.
[table id=6 /]Iraupen luzeko langabezi tasa. Euskal Herria, 2000-2011
Europar Batasunarekin alderaketa egiten badugu, 2010an EBko iraupen luzeko langabezia-tasa %3,84koa izan zen, Euskal Herrikoa (% 3,32) baino apurtxo bat altuagoa.
Luzaz langabe daudenen kopurua handitzen ari da eta beharrezkoa da lehen bailehen eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalek gaia aztertzea. Lan merkatuan lekurik ez duen herritar multzo bat egonkortu ez dadin zer egin behar den adostu hasi beharra dago. Halaber, gai honek dimentsio ekonomikoa edo pertsonala duen bezala, territoriala ere badu. Garrantzitsua da lurralde eremu batzuek aktibitate ekonomikoen berrikuntzatik kanpo ez gelditzea edo exodo demografikoak ez indartzea (landa eremutik hiriguneetara).
[table id=8 /]