Europa beste krisi batean sartzen ari dela entzuten ari gara, zor subiranoaren krisian, baina, egiaz, ez dugu inoiz gainditu 2007an hasi zen krisia, burbuila immobiliarioaren lehertzearekin abiatu zena. Krisi hori, gaur egun, orduz gero egin den gestio publiko kaltegarriaren ondorio da (kaltegarria herritar xumeentzat, ez finantza-kapitalarentzat).
Hau esaten da krisiaren arduradunetako bat gizartea bera dela sinestarazteko: “oparotasun garaian zorpetu gara, eta orain ez dago indarrik aldaketak egiteko, eta horregatik derrigortu zaie zorpetze handieneko herrialdeei zero defizitera inguratzeko neurriak hartzera. Nabarmen urritu da zenbait herrialdek duten erantzun-gaitasuna, zorraren, zorpetu ezinaren eta ildo horretako faktoreen ondorioz”.
Baieztapen hori, ordea, okerra da euskal sektore publikoaren portaerari dagokionean; izan ere, 2007. urtea bitartean, superabit egoeran zuen aurrekontua, eta haren zor publikoa oso txikia zen Barne Produktu Gordinarekiko. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren zor publikoak, 2007an, 628,4 eta 642 milioi eurokoak ziren, hurrenez hurren (BPGren %8,1 eta %1).
Finantza-sektoreak gaizki kudeatu zuen oparotasun hura. “Zabor-hipoteken krisian”, kapital-metaketa apaldu zuten bankuek, eta sektore publikoak ahalegin handiak egin zituen metaketa horrekin jarraitzeko behar zituzten elementu guztiak sortzeko. 2011. urte erdira bitartean, Europako bankuek 1,6 bilioi euro jaso dituzte laguntza publikoen bidez, eta bankari eman zaion diru publiko hori guztia da, hain justu, egungo egoeraren giltzarria. Herrialdeek gutxitu egin dute beren gastu publikoa eta zorpetu egin dira, bankari dirua emateko. Diru hori, noski, ez da mailegu produktiboak emateko erabiltzen, herrialde horiei beraiei mailegatzeko baizik (eta, amaigabeko sorgin gurpil batean, bankuei ematen zaie berriro), lau bider edo gehiago handituz, kobratzen dutenarekiko, ordaintzen dutenaren gaineko interes-tasa. Horiek horrela, izugarri igo da herrialdeen zor publikoa eta harengatik ordaintzen dituzten interes-tasak, eta ordaintzeko zailak ziren hipoteka-maileguek eragindako krisi hori ordaintzeko zaila den zor publiko baten krisi bihurtu da, eta “zor subiranoaren krisia” esaten diote. Ez da, beraz, sinetsarazi nahi diguten moduan, krisi berri bat, aurreko krisiaren ondorengoa baizik, eta, gainera, proposatu duten sendabidea lehengo bera da, bankari diru gehiago ematea eta gastu publikoa gero eta gehiago murriztea.
Hego Euskal Herrian, zergen bidez bildutako diruaren jaitsiera handia nabarmendu behar da, jardueraren beherakada baino askoz handiagoa izan baita. Zerga-bilketaren jaitsiera handi hori xehetasunez aztertuz gero, ondorio larri honetara iristen gara: iruzur fiskala handitzeko erabili da krisia.
Hori argi eta garbi ikusten da presio fiskalari erreparatzen badiogu (zergen bidez bildutakoaren eta BPGaren arteko koziente moduan ulertuta), hura 2007. urtean BPGaren %20,9koa zen arren, BPGaren %15,3koa izan baitzen 2009. urtean (eta beheranzko joerari eusten dio). Burtsako IBEX-35 indizeko enpresen %69k negozioak dituzte paradisu fiskaletan, eta horien artean bereziki nabarmentzen dira, hain justu, Iberdrola, Iberdrola Renovables eta BBVA euskal enpresak (esaterako, azken banku horrek, 2010. urtean, 12.628 milioi euroko gordailuak zituen Kaiman Uharteetan).
Zergen bidez bildutakoaren beherakada handiak igo du, izugarri, zor publikoa, harik eta 1.839,1 eta 5.394,62 milioi eurokoa izan arte Nafarroako Gobernuarentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat 2011. urtearen amaieran (EAEn 6.432,93 milioi euroko zor bizia aurreikusten dute aurrekontuek 2012. urtearen amaierarako).
Bestelako aukera egingarririk badenez, aipatzekoak dira, besteak beste:
- Egiazko erreforma fiskal sakon bat egitea, kapitalen mugimendua zergapetuko duena eta paradisu fiskalak egiaz zigortuko dituena, errotik desagerrarazteko iruzur eta ihes fiskalak.
- Banku publiko bat sortzea, kreditua zuzenean bideratzeko sektore publikotik familia eta enpresengana.
- Euro bat gehiago ere ez ematea finantza-sektore pribatuari eta erantzukizun penalak jasanaraztea banku-porrotei.
- Gizarte-alorreko gastu publikoa bultzatzea, ekonomia berpizteko elementua baita, eskariarekiko eta barne-produkzioarekiko eragin biderkatzaile nabarmena duen aldetik.
- Gizarte-eskubide moduan bermatzea lana, eta, ondorioz, lana banatzea eta lan-merkatua babestu eta duintzea, batez besteko per capita errentaren %50ean finkatuz Lanbide arteko Gutxieneko Soldata.
Irtenbidearen kontrako noranzkoan doazen neurriak hartzen ari dira, eta bide horrek gizarte-suizidiora garamatza. Norabidez aldatu behar dugu, gure seme-alabek beste Euskal Herri bat merezi baitute, baina estatu subiranoek dute aginte-makila beren eskuetan. Horrenbestez, independentzia politikoak soilik eman ditzake paradigma ekonomiko berri bat eratzeko aukera errealak.
Nekane Jurado, Ekonomialaria.