Austeritatearen krisia. Mikel Zurbano

Mikel Zurbano

UPV-EHUko irakaslea

Image removed.Atzeraldi Handia bezala ezagutzen den egungo krisia sistemikoa eta multidimentsionala da nahiz ekonomiaren finantzaren haustura gisa lehertu zen 2007an. Arlo ekonomiko eta sozialean duen azalpenaz arituko naizen arren gutxienez ingurugiroaren eta zaintzen krisiekin duen lotura azpimarratu behar da. Elkarrekiko lotura hori aintzat hartu ezean irtenbideen eszenatokia eraikitzeko garaian proposamen eta helburuak hankamotz geratzeko arriskua bistakoa da. Finean dugun garapen eredua iraun ezina da eta horren arrazoia ez da soilik ekonomiaren kudeaketak huts egin izana baita ekonomia, politika, ingurugiro eta sozietatearen arteko loturen beharrezko oreka bera ere pitzatu egin delako. Krisialdi honetan nabarmen geratzen ari da bikotasun batzuk batera ezinak bihurtu direla: merkatua eta demokrazia, hazkunde ekonomikoa eta iraunkortasuna, giza-kohesioa eta lehiakortasun globala… Eta haustura hauen berrosaketa egonkorra ezinezkoa da gaur egungo doktrina liberal zorrotzak kudeatzen duen garapen eredu globalean.

Nolanahi ere, Atzeraldi Handia Europako Batasuneko periferian dauden herrialdeetan eragiten ari da batez ere eta honek lehen lehenik dimentsio politikoa eta instituzionala ekartzen du eztabaidara. Jakina da 2010ko maiatzan Grezian lehertu zen euroaren krisia areagotu baino ez dutena egin troikak (FMI, Europako Banku Zentrala eta EBko Batzordea) ezarritako doikuntza egitasmoek. Hain da sakona neurri horiek orain artean ekarritako herstura ezen eurogune osoan –Alemanian barne- 2012an atzeraldiaren zantzuak bistakoak diren, are gehiago mundu osora hedatzeko aukera ere zabaldu egin da hainbat erakunde ofizialen txostenen arabera. Euroguneko krisiaren kudeaketa aztertzen badugu zera ondoriozta daiteke, indarrean ipinitako neurriak eskola zaharrekoak direla: euroaren krisiaren hasieratik ezarri dira, emaitza kaskarrekin, eta atzerago jota FMIren eskutik munduan zehar –Hego Amerikan, Afrikan, Asian…- azkeneko hamarkadetan ezarri diren –eta porrot egin duten- doikuntza plan zaharretan aurkitzen ditugu.

Gurpil zoro horretatik irteteko zailtasunak handitu egiten dira Europako Batasunan bi arrazoiengatik. Moneta batasunaren eraikuntza instituzional zitala da lehen arrazoia. Merkatuaren fundamentalismoa da honen oinarria eta horren gidari Europako Banku Zentrala (EBZ). EBZaren helburuek doktrina liberal zorrotzenarekin bat egiten dute: inflazioaren aurkako borrokari emandako lehentasun osoa eta disparekotasunak leuntzeko soldatetako eta fiskalitateko diziplina bultzatu izana. Erakunde honentzat hazkunde ekonomikoa lortzeko hastapenak desregulazioa eta liberalizazioa dira. Euroaren iraunkortasunerako ezinbestekoa den lurralde arteko barne desorekak murriztearen irizpidea ostera, ez du inondik ere kontuan hartzen. Bigarren arrazoia krisiaren diagnostiko okerra da eta, honen ondorioz, indarrean jartzen diren neurriek arazoaren handitzea dakarte. Iazko abenduko Euroaren Itun berriak diziplina fiskala zorrozten du austeritate eta egiturazko neurrien bidez lehiakortasuna irabaziko delakoan soldatak murriztuz. Honela, ikuspegi honek ekonomi krisiaren izaera estrukturalari muzin egiten dio, Europaren gaitzak diren lurralde, produkzio eta giza asimetrien arazo giltzarria alboan utzita, alegia.

Disparekotasun hauen gainean eraiki zen ekonomi eta moneta batasuna duela hogei urte Maastrichten eta honek ekarri duen emaitza lurraldeen arteko hazkunde disparekoa izan da. Euroaren krisiarekin eredu horren jasanezintasuna bistaratu da. EBeko guneko ekonomien hazkundea soldaten murrizketan eta hazkunde deflazionistan –eskariaren igoera eskasean- oinarritu da azken hamarkadan. Dinamika hau bideragarria izan zen lehen hamarkadan Europako periferian –euroguneko mailegu merkeei esker- eskariaren hedakuntza bizkorra suertatu zen heinean. Haatik, eredu honen emaitza larria ezaguna dugu: kanpo defiziten igoera bizkorrak, enpresen eta familien zorpetze ikaragarria (gero hein batez zor publikora transferitu dena) eta higiezinen eta finantza burbuilen sorrerak.

Horregatik, desoreka hauen benetako arrazoiak ahaztuta Europako Batasunak soilik krisiaren ondorio fiskaletan tematzeko eta doikuntza neurriak zorpetutako herrietan ezartzeko duen jarrera antzua eta bidegabea da. Troikaren jarrerak eurogunea deflazio iraunkorrean sartzera kondenatzen du ezinbestean, lurraldeen arteko gaur egungo hausturak areagotzeko arriskuarekin. Lehen aipatu dugun legez, bi urteko ibilbidearen ondoren bistakoa da politika hauen porrota. Atzeraldia ekarri dute, murrizketek giza kohesioa eta eskubideak arriskuan jarri dituzte eta zor subiranoaren zein defizit publikoaren arazoek bere horretan mantentzen dira.

Grezian edo Italian bezala Espainiako Estatuan gobernu berriak lehengo lepotik burua du. Austeritate politikek geldialdia sakondu dutena jakina izan arren doikuntza epea luzatu eta malgutu ordez tematu egin da PPko gobernua, Merkelen aginduetara makurtuta. Gurpil beretik datoz murrizketa gehiago egonkortasun fiskalaren izenean, hauek ekonomia errealean izango dituen ondorio kaltegarriak kontuan hartzeke eta defizitaren jaitsieraren helburu sinesgaitzak are zailagoak bihurtuta. Eta gurpilari beste bira bat emanda langabezia handitu denez arrakastarik ez duen lan erreformaren tresna erabili berri dute beste behin ere. Debaluaketa konkurrentzialaren ezintasunaren ordez deflazio konkurrentziala -hots, kaleratze ia libreak eta soldaten jaitsierak- Espainiako estatuko egiturazko gabezien konponketa balitz bezala. Bestelako eredu produktibo baten inguruko oinarrizko kontsentsua bera haustera dator neurri multzo hau, izan ere berrikuntza eta balio erantsi eta teknologi eduki handiko produktuen aldeko dibertsifikazioa zen Espainiako ekonomiaren erronka ikuspegi partekatu batetik. Haatik, kontraerreforma fiskala eta laboralaren aurrean gaude inondik ere, trantsizioan Moncloako Itunetako oinarriak apurtzera eta ongizate estatu ahularen zantzuak deuseztera datorrena.

Europara ekarri daiteke Rodrik-ek bere azken liburuan (The globalization paradox: Democracy and the Future of World Economy) globalizazioaren inguruan egindako hausnarketaren ondorioa krisiaren esparruko erantzun batzuk bilatze aldera. Ekonomialariak Estatu-nazioa, demokrazia eta hiperglobalizazioaren arteko munduko ekonomiaren trilemaz idazten du. Eta hiru oinarri horien artean bi baino ezin direla aldi berean bateragarriak izan baiezten du. Horrenbestez, hauek dira hiru eszenatoki posibleak Rodrik-en arabera: Estatu-nazioa globalizazioak irensten duenean demokrazia ahuldu egiten da; edo demokrazia eta Estatu-nazioa bateragarriak dira globalizazioak atzera egiten badu; edo demokrazia bideragarria da globalizazioaren kontestuan soilik gobernantza globala eraikitzen bada eta Estatu-nazioa ahultzea esan nahi du honek. Gaur egungo krisialdian lehen eszenatokiaren esparruan geundeke. Azken buruan, atzeraldi handiaren kudeaketa zera bistaratzen ari da, Espainiako estatuko proiektu ekonomiko eta politikoaren ahulezia, Europako Batasuneko eraikuntza ekonomiko eta instituzionalaren hauskortasuna eta oro har demokraziaren narriadura sakona.

Demokrazia lurperatzen ari da Europako Batasuna, eztabaida tekniko bezala mozorrotuz benetan aberastasunaren birbanaketaren inguruko gatazka eta botere ekonomiko eta politikoaren kontrola dena. Gaur gaurkoz EBan gailentzen ari den proiektuan botere ekonomikoek irensten dituzte instituzio europarrak, ongizate estatuen eraispena nabarmena da, lan merkatuetako desregulazioa eta langileen botere gabetzea oso bizkor ari dira gertatzen eta baliabide publikoak bereganatuta zein gizarte eremuak pribatizatuta krisia sortu duten finantza taldeek zuzeneko boterea irabazi dute.

Rodrik-ek aurkeztutako hiru eszenatokietatik aukeran dago Estatu nazioa ahultzea gobernantza globala eraikiz eta demokrazia eta politikaren arloa bideragarria eginda. Ildo hau bat letorke Europak nazioz gaindiko egitasmoa gauzatzeko etorkizunean egin beharko lukeen ibilbidearekin. Europa federala eta politikoa eta ez soilik ekonomikoa eraikitzekotan bateragarria litzateke demokrazia eta globalizazioaren bideak elkarrekin uztartzea. Nolanahi ere, EBren orain arteko ibilbidea ez da horretarako eredu egokia eta bidezkoa izan.

Joan den abenduan hitzartutako Euroaren Itun berriak ez du urrats sakonik ekarriko batasun fiskalean eta ekonomikoan. Bruselan Europako Kontseiluaren gobernuarteko boterea gero eta indartsuagoa da -batik bat Alemania eta Frantziaren- Batzordea edo Europako Legebiltzarraren ahultasunarekin alderatuta. Europako eraikuntza demokratikoa eta nazioz gaindikoa urruneko helburua da oraindik orain. Herritarren parte hartzea eta kohesio soziala ezinbestekoak dira proiektu federalaren diseinuan. Aldi berean, gaur egungo Moneta eta Ekonomi Batasunaren norabide aldaketa ezinbestekoa da Europa federala eta apolitikoa eraikitzekotan. Hona hemen eraikuntza horretarako ildo batzuk: moneta politika ortodoxoen amaiera malgutasuna eta enpleguaren sorrera lehenetsita, merkataritza politikaren doktrina librekanbista erlaxatu elkartrukeetan solidaritatea eta jasangarritasun printzipioak barneratuta, austeritate-atzeraldiaren arteko gurpila eten, botere eta instituzio publikoen papera baieztatu ekonomiaren finantzarizazioa ahultzeko, aberastasunaren bidezko birbanaketa antolatzea belaunaldi barneko eta arteko solidaritatea hastapen nagusitzat hartuta.