Aberri egunaren atarian, balantzea eta egitekoak

Urtero lez Aberri Eguna ospatzeko prestatzen hasi gara, nork bere erara eginen du, ordea. Askorentzat egun seinalatua da Aberri Eguna, zenbaitek besterik adierazi arren. Izango da mahai baten inguruan ospatuko duenik, bai eta Shangai edo Melbournen garagardoa dastatuz euskal nazioko kidegoa aldarrikatuko duenik ere. Lanik gabe dagoen askok, zailtasunak bizi dituzten enpresariek, egoera txarrean lanean ari direnek, baliabidez urri dabiltzan guraso bakarreko familiek, gazte ekintzaileek, gainbehera bizi duten lurraldeek… babesa eta itxaropena eskainiko dien herri bat amestuko dute. Euskal nazioa sentitzeko modua ez dago arautua, baina behar du Euskal Herria izan dadin lurralde eremu funtzionala aipatutako auziei eta beste batzuei erantzuteko.

Aurtengo Aberri Eguna ekaitz giroan dator, aurretik ikasitakoak auzitan ikusten ditugu eta erantzun berrien bila gabiltza. Halaber, hainbat emakume, gizon eta organizazio denontzat etorkizun hobea ekartzeko ahaleginean tematurik dabil. Hauen grina eta ahalegina herri honentzat bermea dira. Bistan da Euskal Herria funtzional eta operatibo baten beharra gero eta sentituagoa dela.

Aberri Egunaren bezperan gaude, ordea, eta oraindik ez diogu lanari ekin. Lurraldeen arteko harremanaz ari gara, sektore mailako saretzeaz, erakundeen arteko lankidetzaz… herri gisa ditugun indar guztiak baliatzen asmatu behar dugu. Ez da gure xedea giza eskubideen alorrean edo jarduera politikoaren eremuan gertatzen ari diren aldaketak gutxiestea. Ozen esan beharrean gara, ordea, ekonomian, gizartean, hedabideetan, azpiegituretan, ikerkuntzan… nazio ikuspegia duten ekimenak aldarrikatzen ditugunok gutxietsiak eta baztertuak izaten garela izaera lokala edo alderdikoia duten ekimenen mesedetan.

Premiazkoa da, beraz, lanean has gaitezen. Euskal Herriak atzera egiten du ekonomia eta gizartearen alorrean gorpuzten ez den bitartean. Gaindegiako kideok horretan ahaleginduko gara.