Gaindegiaren Piriniotako ikerketa sozio ekonomikoak argi erakusten du Baxe Nabarre, Xiberua eta Nafarroako 103 herrietako egoera eta dinamika sozio-ekonomikoak alde ezkor batzu dituela: populazioaren galera, zahartzea edo zerbitzuen desagertze prozesua, besteak beste. Argi da ere eremu hortan lehen sektoreak (bereziki laborantzak) pizu haundia duela, nahiz eta hor ere puntu ilunak agertzen diren: etxalde kopuruaren tipitzea eta honi lotua den etxaldeen haunditzea, ofizio hortarik duinki bizitzeko zailtasunak sortzen dituen egoera ekonomiko gogorra eta abar...
Garrantzitsua da oso Udalbiltzak eta bere Garapen eta Kohesio Fondoak hartu duen erabakia, hau da Pirineotako eremu hortan lan berezi baten egitea lekuko dinamikak azkartzeko. Laborantzaren ikusmoldetik gauza asko Europa mailan erabakitzen dira bainan ez da ahantzi behar Europear batasuneko estatuetako gobernu eta ministroek erabakitzen dutela. Ez da ere ahantzi behar gureganik hurbilago eta eremuan geldituz, Bordale edo Iruñako administrazioek dituzten eskumenen garrantzia. Maleruski ez dirudi berriz negoziatzen ari den laborantza politikak bere oinarriak errotik aldatuko dituenik. Bere diru laguntzen banaketak berriz ere ez du enpleguarekin loturarik izanen, injustua izaiten segituko du eta etxaldeen desagertze prozesuan ez du oztoporik ezarriko. Hamarkadetan politika horrek egin dituen desmasiak ez dirudite beraz gelditzekotan!
Dena ez da ezkor Euskal Pirineotako mendietako laborantzan... Azpimarratzekoa da Garazi eta Baigorriko eskualdea dela Europear mailan gehien gazte instalatzen den eremua. Dinamika azkar baten seinalea da hori, herrian bizi nahia, noski, bainan baita ere herrian bizitzeko tresnak eraiki izana, bai antolaketa eta bai ekonomiko aldetik. Biziki esperientzia interesgarriak badira, etsipenetik ilusiora pasatzeko ahalak badirela frogatzen dutenak! Pirineoak bizirik ekimenak lagun ditzala halako proiektuak, modu ahal den eraginkorrenez!
Gaiarekin loturiko beste materiala:
- Euskal Pirinioak: indarberritu beharreko euskal geografia
- Mendiko ekonomia: erreferentziazko irakurketa batzuk
- Adituaren analisia: Mendiko eskualdeen etorkizuna (Eduardo Malagon)