Gipuzkoako geografia, Imanol Esnaola

Gipuzkoako Hitzarekin elkarlanean, hainbat artikulu idatzi ditu manol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak. Gaur: Gipuzkoako geografia berria titulupean.

Hona hemen artikulua:

Gipuzkoako geografia berria “Gipuzkoa” esatean zer datorkigu burura? Momentua eta pertsonaren arabera hamaika erantzun etor litezke (Erreala, Donostia eta bere hondartzak, danborrada eta bixigu-txuleta janak…) eta erantzun gehienen oinarrian marketing egitasmo zahar edo berriagoen oihartzuna sumatuko dugu. Nago, ordea, Gipuzkoa zer den erantzun ahal izateko ezinbestekoa dela lurraldearen ezagumendu geografikoa, bai espazio fisikoari dagokiona, bai giza espazioari dagokiona (gizartea, ekonomia, egitura instituzionala…). Esango nuke, ordea, egungo gipuzkoar askok etxeko ataritik Donostiara edo hurbileneko hondartzara joateko dagoen bidea dugula ezagun, handik aurrera, Erreala.

Oiartzualdean hazitakook maiz ezagutu ditugu Irun eta Donostiaren artean zer zegoen ez zekitenak; herrialdeko futbol ligan jokatzen hasi arte Deba edo Mutriku inon bazirela ez zekitenak; edo besterik gabe, ez dira gutxi lan bila hasi arte Beasainen etorkizun handiko lantegi bat baino gehiago bazela ikasitakoak. Norberaren edo lurralde eremu bateko gizartearen ezagumendu geografikoa osagai sasi-intelektuala izan daiteke askorentzat. Arrazoi izan lezake gure egunerokoan eragingo ez balu, esaterako, gure jarduera profesionalean edo jasotzen ditugun zerbitzuetan. Txillardegi edo Koldo Izagirrek emandako geografia lezioak ezinbestekoak izan behar lukete euskal hiztunentzat, eta ez direnentzat ere bai. Nahi edo ez, gipuzkoarrontzat herrialdearen geografia sozial eta ekonomikoa ezagutzea ezinbesteko osagaia bihurtzen ari zaigu.

Hain da horrela, gure bizimoduaren hamaika alderditan eragin dezakeela. Aspaldi ari zen eragiten, orain, ordea, ez dago ezagutzea beste aukerarik. Fagor Etxetresnak = Arrasate, Corrugados = Azpeitia/Lasao, Grumal= Azpeitia, Porcelanas Bidasoa = Irun, Tajo = Oiartzun… Amaigabea da aktualitate ekonomiko eta soziala ematen ari zaigun geografia ikasgaia. Dela etxebizitzaren prezioa, dela euskararen presentzia soziala, dela lantoki “segurua eta ongi ordaindua”… Gipuzkoan bizi garen oro hasiak gara gure auzotik haratago xerka. Ez da fenomeno berria, baina esango nuke ikaragarri hazi dela egun. Eta horrek, halaber, badu bere alde ona, izan ere, atzeak erakusten badu aurrea nola dantzatu, Gipuzkoa osatzen duten herri eta bailaren geroaz kezkatzeko motiboak baditugula ohartzeko garaia iritsi zaigu, izan gazte zein heldu, irakasle, mekanikari edo saltzaile.

Agerian jartzen ari zaigun geografia horretan, orain badakigu gure zonaldearentzat noren moduko baldintzak nahi ditugun. Ondoren etorriko da nor bere mugez jabetzea, baina ez da abiapuntu txarra. Gipuzkoaren lurralde plangintza ekonomiko eta sozialaren auzia mahai gainean dago, bai eragile politiko-instituzionalentzat, baina baita eragile sozialentzat ere. Etorkizunean ez da aski izango enpresek zer behar duten edo langileen eskubideak nola bermatu behar diren esaten ibiltzea (horiek ere ezinbesteko). Non-zer esaten hasi beharko da, non izango den lana eta produkzioa, non adinekoen arretarako zentroak, non etxebizitzak eta horrek guztiak zein oinarrirekin eginda izan den, etorkizunean letorkeenari sendo erantzuteko. Esaterako, Gipuzkoako herritarren lanaren errentari erreparatuz 2009-2011 aldian Urola-Kostan beste inon ez bezala behera egin dute lanaren errentek, eta Irun-Donostialdean (Irun, Pasaia, Andoain, Altza…) izan da igoerarik apalenetakoa. Jaitsierarik larrienak, herriz-herri, Urola-kostako udalerrietan ditugu: Beizama (-16,5), Errezil (-9,2)… Eta igoerak aldiz Debagoiena eta Goierrin (Leintz Gatzaga, Olaberria, Elgeta, Gabiria…).

Krisia beraz, gure geografia eraldatzen ari da, ongi erreparatu beharko zaio etorkizuneko estrategietan. Inoiz Gipuzkoako politikari ezagun batek “Gipuzkoa Ereduaz” hitz egin beharko genukeela aipatu zidan, bailaraz bailara eratutako egitura ekonomiko eta sozialaz. Ez zuen arrazoirik falta, hamarkada luzetako ibilbide batekin osatutako geografia dugu. Ezagutu dezagun ordea, zerk huts egin duen eta zerk irauten duen jakiteko. Horrela, beharbada, etsia gainditu eta nor berean eta beretik hasiko da, elkar hartuta. Horren ordez, ezer gutxi dugu. Donostia erdigune duen geografia ekonomiko eta sozialak lo dagoenari ez dakarkio ezer. Edo hobe esan, onenak eman eta bidean itxarotea eskaintzen dio.

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea