[IRITZIA] Datorkigunaz, Imanol Esnaola

Datorkigunaz

Estu eta larri dabiltza Gipuzkoako herritarrak, familiak eta estamentu gehientsuenak. Eguna joan eta eguna etorri gainbehera doaz enpresa ezagun ugari, eta txiki-ezezagunak are gehiago.  Fagor Etxetresnak (FET) kooperatibaren ibilerak are gehiago astindu ditu bazterrak, izan ere, honekin batera 200 enpresa hornitzaile eta 4.000 lanpostu inguru auzitan gelditu dira. Tajo eta Grumal izan dira kaltetuen artean aipatuenak, baina asko dira oraintxe herio bidaian doazenak. Etsiak jo du euskal herritar asko eta asko, 80ko hamarkadan bizi izandakoak egin zuen bezala.

Enpresa guztiak ez dira, ordea, hilzorian. Bada aurrera begira, gogotik lan eginez, baikortasun errealista batean bizi denik. Gipuzkoak lurralde bezala, baditu, beraz, garapenerako egiturak, enpresa eta profesional eraginkorrak, eta irtenbideari oinarria jarri nahi dioten instituzioak (Jaurlaritza eta Aldundia, Udalak eta Garapen Agentziak). Mondragon Korporazioak FET-en auziari eman dion erantzuna aintzat hartzekoa da alde horretatik, labur esanda: baditugu gaitasuna, ezagutza eta kapitala, enpresa berriak sustatuz enplegua sortu eta aberastasuna eragiteko gai gara eta egitera goaz.

Datorkigunaz, Imanol EsnaolaBeraz, badirudi hurrengo urtetan oraindik enpresa asko ixten ikusiko dugula, txikienak eta maila teknologiko apalenekoak gehien bat, eta berriak sortzen ere ikusiko ditugu. Lanik gabe geldituko da eskarmentu handiko hainbat profesional, hasi berriak diren hainbat gazte aukerarik gabe. Eta zer esan, formazio urrikoez, gutxitasun fisikoak dituztenez, umeak bere kargu dituzten guraso bakarrez…

Gaindegiak azaroan aurkeztu du Euskal Herriko enpresa demografiaren lehen azterketa. Hainbat emaitza utzi digu, horien artean lurralde batzuetan jarduera ekonomikoa ahulegia dela (dibertsifikazio txikia, enpresa ahulak…), edo enpresa txikiak proportzioan nagusi direla, agian txikiegi eta agian bezero bakar batentzat lan egiten ohituegi, horra hor FET-ek eragindako domino efektua.  Industria arloko enpresa txikienak dira maila teknologiko apalenekoak eta etorkizun eskasenekoak.  Enpresa industrialak ari dira galtzen eta zerbitzuen alorrekoak nagusitzen (enplegu eskasagoarekin).

Honek guztiak Gipuzkoako lurraldean auzi garrantzitsuak plazaratzen ditu. Besteak beste, zer egin eta nola egin Gipuzkoak duen geografia produktiboari eusteko (bailara guztietan eta bertako jabegoaren kontrolpean), zer egin eta nola egin enpresa gehiago ez ixteko, zer egin eta nola egin enpresa txikiak elkarrekin aliatu eta egitasmo berritzaileak (produktu berriak, merkatu berriak) martxan jartzeko. Zer egin eta nola egin prozesu horretan behar duten laguntza teknikoa eta finantzazioa bermatzeko, jakintza berria dutenak eta zaharkitutakoak enplegatzeko. Galdera gehiegi beharbada…

Gaurko Munduak, halaber, hemendik oso urrun dauden plaza ekonomiko garrantzitsuak ditu. Beste lurraldeetako premiek eta erabakiek hemengo lan eta aberastasunean berebiziko eragina dute. Aurreko mendean Atlantikoaren itsas hegia jarduera ekonomikoaren gune izan bazen, gaur egun beste nonbait dago ardatz hori. Ez dirudi Euskal Herrira dagoen lekuan dagoelako atzerriko inbertsioa orain arte bezala etorriko zaionik. Zerbait sortzekotan geuk egin beharko. Debagoienan, Goierrin… ikasi dugu horri buruz  zerbait.

Hortaz, erronkak zein izan daitezkeen badakigu, eta erronka horiei erantzuteko azken 100 urtetan izan ez dugun bakardadea (gozatu? Sufritu?) behar izango dugula ere bai. Beraz, badirudi, oraingoan, geure indarrez eta geure kapitalaz sare produktiboa eraiki beste aukerarik ez dugula izango. 80ko hamarkadan gertatu bezalaxe, bere ezagutza eta gogoa beste kapitalik ez duten langileek elkar hartu eta egitasmo berriak martxan jarri beharko dituzte eta sare instituzional handia beharko dute ondoan, enpresa horiek ongi antolatu, bideragarri egin eta kalitatezko enplegua sortu eta horri eusteko.

Ez da, ordea, enpresa mailako auzia. Auzi soziala ere bada, lan mundura sartzeko egoerarik eskasenean daudenek lana izan dezaten, heldu zein gazte. Auzi instituzionala ere bada, tokian tokiko egitasmoek askoren arteko adostasunak eskatuko baititu bailaraz bailara.  Lurrari lotutako auzia ere bada, bertako nekazaritza eta arrantzak berriro jendea enplega dezaten.  Hamaika xede aipa liteke.

Errenteria 2025ko egitasmo estrategiko berria ezagutu dugu. Aurkezpen ekitaldian Caceresen sortu eta 17 urterekin Euskal Herrira etorritako neska gazte batek euskara jasoan adierazi zuena ekarri nahi nuke hona amaitzeko. Alegia,  horrelako egitasmo estrategiko eta ilusionagarri bat martxan jartzeko lan egin beharko dugu, nekatu arte lan egin, eta nekatutakoan lanean jarraitu.  Lortu arte lan egin, eta lortu ondoren ere bai.

Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak, Gipuzkoako Hitzarentzat idatzitako artikulua