Datorkigunea 2010 urtean abian jarri eta 2013 urtera arte Euskal Herriko zazpi lurraldetako eta dispziplina anitzetako gazteez osatzen den THINK TANK-a izan da. Hiru edizioko bizitza izan du Datorkiguneak eta euskal gizartean egun eztabaidagai diren 6 erronka sozial landu ditugu; Euskal Herriko gazte batzuk pentsatzen dutena (ez denek, parte bat) islatzen da proiektuaren fruitu diren eta denontzat ikusgai diren txostenetan.
Baina ikusten eta irakurtzen denaren atzean Datorkiguneak beste balio erantsi batzuk ditu. Alde batetik, Eusko Ikaskuntzak Euskal Herri osoko eta izaera eta ideologi anitzeko gazteak bildu ditu, ia 100 urte dituen erakundeak jaiotzetik eta gaur arte mantentzen dituen ezaugarriak bere lanaren zutabe (lurralde aniztasuna eta disziplinartekotasuna) bilakatuz. 100 gazte oso desberdinek parte hartu dute proiektu honetan, bai ideologikoki, bai ikasketa eta profil aldetik… Eta hala ere, diagnosi, erronka eta proposamen amankomun batzuetara iritsi dira. Hor dago Eusko Ikaskuntzaren ustez gakoa, horrek proiektuari eta emaitzei ematen dien aberastasunean.
Horrez gain, Euskal Herriko ehun gaztek, disziplina eta lurralde desberdinetakoak, elkarrekin parte hartzen ikasi dute, ulertuz parte-hartzea ez dela gure iritzia gailentzea, baizik eta nirea eta zurea partekatuz elkarrekin zerbait eraikitzea. Hori gizartean oro har ikastear dugu denok, parte hartzea ez baita iritzia ematea eta diodanaz aurrean dudana konbentzitzea.
Erreflexio eta ikasketa gune eta prozesu bat izan da Datorkigunea, non adituak entzunez, bilbiografia irakurriz eta beste gazteak entzunez asko ikasi dugun eta horrez gain euskal gizarteari gai hauen inguruan gure irtzia eta proposamenak luzatu dizkiogun.
Orotara landu ditugun gai bakoitzeko 30 edo 40 ideia proposamen atera ditugu. Batzuk ametsak, besteak ideia hutsak eta besteak gauzatu daitezkeen ekimenak. Abian jarri daitezke nahi izanez gero.
Gazteek perfilaturiko ideia eta proposamen askoren atzean ekonomiak azaleratutako krisi orokor, askotarikoa, bizi dugula sumatzen da eta, ziurrenik, garrantzitsuena ez da ekonomikoa. Krisia dimentsio anitzekoa da. Egungo etapa, kontsumismo eta indibidualismoarena amaitzear da eta, une hauetan, definitzeke duguna etaparen amaiera nolakoa izango den da. Balioen ikuspegian, gizarteak hautua egin behar du, non gauden kontziente izan eta erabakiak hartu. Gizarte horretan erabaki politikoak daude, gizartearen etorkizuna eta bizitzeko modu eta balioak definitzen dituenak baina badaude era berean, erabaki indibidual eta komunitarioak ere, guzti hauek batuz gure etorkizunaren direkzioa definitzen doazenak hain zuzen.
Datorkiguneko gazteak aldaketa horren beharraren kontziente izan dira eta aldaketa horri heldu behar diogula argi dute, modu arrazional batean egiteko xedez. Etorkizunera begira gure herriak hartu beharreko direkzio eta erabaki batzuk zirriborratu ditugu Datorkigunean. Etapa berri honen definizioan eta eraikuntzan erakundeek eta politikariek dute erantzunkizuna maila handi batean, baina egunerokotasunean eta bakoitzaren hautuetan ere herritarrok eta gazteok ere badugu gure ardura.