[IRITZIA] Zaurgarritasun ibilbideetan balantzaka

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren argi-ilunak *

Aiala Elorrieta, ekonomialaria

Nire ibilbide zientifikoak gure gizartean gabezia ekonomiko larriak bizi eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) jasotzen dutenak zertan diren eta errenta hau jasotzeak haiengan duen eragina aztertzera eraman nau.

Iritzi hedatua da DBE jasotzeak erosokeria dakarrela hartzailearen aldetik. Nire ikerketak utzitako ondorioek, ordea, bestelakoa diote. Zertzelada laburretan azaltzen saiatuko naiz EHUn 2013Ko maiatzean aurkeztutako Doktorego tesian jasotakoak.

Nire ikerketan Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) titularrak hartu ditut aintzat, Gizarte Bazterkeriaren aurkako borrokaren markoan kokatzen den prestazio ekonomikoaren onuradunak, hain zuzen ere. Hauen artean ohiko iritzia da prestazio hau jaso ezean galduta leudekeela. Hein handi batean diru-laguntza hau dela haien salbazioa. Kale gorritik, delinkuentzia mundutik, eromenetik edota bere buruaz beste egitetik libratzen dituena. Kontziente dira, beraz, laguntza honek dakarkien onuraz. Aldi berean baina, esparru ekonomikoan bizi duten zaurgarritasunaz jabetzen direla adierazten dute.

Dituzten baliabide ekonomiko apurrekin, oinarri-oinarrizko gastuak estaltzeko estualdiak pasa behar dituzte, eta zer esanik ez aparteko gastuak edota ustekabeak suertatzen direnean. Azken batean guzti horrek segurtasun faltaren sentimendu handia dakar berarekin eta hauskortasun hori gizarte bazterkeriari datxekion alderdi ukaezina da.

Segurtasuna/segurtasun-eza eta bakardade sentipenak elkarren eskutik doaz oratuta, izan ere, ziurtasun-gabezia eta zaurgarritasuna indargetu baitaitezke ondoan sare bat edukiz gero. Harremanen esparruaz ari gara, familia inguruneaz bereziki. Familia ondoan daukatela jakite hutsak nolabaiteko lasaitasuna ematen dio elkarrizketatu askori. Hau da, egunerokotasunean edota une puntualagoetan familia eremuak eman diezaiekeen laguntzaz gain, nora jo badutela sentitzeak soilik dagoeneko haien hauskortasun egoera leuntzen du.

Puntu honetan saihestezina den funtsezko auzia azaleratzen zaigu: familiarekiko menpekotasunaren eta norbere autonomiaren artean sortzen den barne gatazka, alegia. Segurtasuna eta lasaitasuna ematen dien esparru bera, norbere autonomiaren garatze prozesuan galga bilaka daiteke. Kontraesan anitz sortzen dira testuinguru honetan, norberaren desioek, premiek, mugek eta errealitateek topo egiten duten bidegurutzean. Ez gara esaten ari familia esparruarekiko hartu-emana edota elkarren arteko menpekotasuna desegokia denik, auzia norbere bidea egitea galarazten denean pizten dela baizik.

Hartara, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak sorgin-gurpil gisa joka dezake. Izan ere, a priori autonomia pertsonalaren pizgarri izan daitekeen prestazio bera, familia esparruarekiko menpetasunaren indartzaile bilaka baitaiteke. Are gehiago prestazio ekonomiko honek beharrizan materialak eta oinarrizkoenak asetzeko ere ematen ez duenean eta elkarren arteko menpetasun afektiboari, menpetasun ekonomikoa atxikitzen zaionean.

Aldi berean, eta motibo desberdinengatik familia-sareak berme eta laguntza hori ematen ez duen kasuetan, hirugarren sektoreko elkarteen rola nabarmentzen da gure azterketan. Hau da, esparru domestikoak eskaini ezin duen babesgune funtzioa, nolabait elkarte, fundazio eta GKEek betetzen dute zenbait alorretan.

Hasteko prestazioari berari buruzko informazioa eta orientazioa bidera dezakete. Baina, hori gutxi balitz, bizikidetza-unitate propioaren baldintza bete ahal izateko etxebizitzarako sarbidea errazten egin ohi duten lana ukaezina da.

Bistan da hortaz, harremanen eremua –familia- eta hirugarren sektorea –elkarte, fundazio eta GKEak- direla neurri handi batean prestazioaren onuradunen egoera orekatzen duten esparruak. Sostengu horiek ondoan izan eta hortxe daudela jakiteak, ziurgabetasun egoera baretzen du, maila apalean bada ere.

Bi gune hauen absentziak, eta batez ere familia esparru sendo baten gabeziak, zaurgarritasunaren continuum horretan bazterkeriaren intentsitatea biziagotzen dute.

Horretaz gain, gizarteko zenbait eremurekin izan daitekeen lotura faltek bazterkeriaren irudi gordinenak erakusten dituzte. Parte-hartzerik eza, zaurgarritasunaren funtsezko elementu definitzaileetako bat izanik, isolamendua eta bakardadea continuum horren azken muturren ezaugarri dira.

Elkarrizketatuen artean pobrezia ekonomikoan bizi diren pertsonak ezagutu ditugu eta baita gizarte bazterkeria egoeran bizi direnak ere. Prestazioak alderdi ekonomikoa hobetzen lagun diezaiekeen arren, landa ikerketak erakutsi digu beronen zenbatekoa motz gelditzen dela oinarrizko gastuak estaltzeko ere. Zentzu askotan bizimodu duin bat izateko minimoez ari gara, autonomia ekonomikoa eta pertsonala landu eta garatu ahal izateko gutxienekoez.

Ildo honetatik, erakundeen eta tokian tokiko gobernuen ardura ere bada, prestazioaren onuradun diren pertsonei errespetua erakustea. Erantzukizun honen izaera ez da familia esparruaren edota hirugarren sektorearen ordezkatzailea izan behar, bere funtzio ez da subsidiaritatera mugatu behar. Berebizikoa da balizko onuradunei a priori eskatzen zaien autonomia hori sustatu eta bermatzea. *  Doktorego tesia eskuragarri hemen