Euskal Herriko geroari begira, Iparraldetik
Krisia hor dago, sakon sakona… Bainan ondo pentsatuta, ez da krisi bat. Krisi batek suposatuko luke irteera baduela eta guti gora behera lehengo egoerara itzuliko ginela. Nere ustez, gauzak ez direla horrela begiratu behar!
Mendebaldetik joan da ekonomiaren zentrua, Pazifiko aldera eta emergenteetara. Horrek erran nahi du zentru berri horietatik aspirazio erraldoi bat garatzen ari dela, gure hemengo lurraldeak, herriak, eta enpresak hustuz eta erahilez. Gainera, oso modu klasikoan gertazen ari dira aldaketa horiek: eragile berri horiek (eta hara joan diren betikoek) segitzen dutela betiko logikekin, planetarentzat katastrofea prestatzen (ekonomikoa, sanitarioa, ekologikoa, klimatikoa, kulturala…) eta abiadura handian gainera…
Gure Euskal Herriak, beste lurraldeek bezala, erreakzionatu behar du. Badu gaitasuna beste ekonomia mota bat eta beste gizarte mota bat asmatzeko. Eta horrek eskatzen du bi printzipio mota gurutzatzea : alde batetik iniziatiba, kreazioa, berrikuntza… eta bestetik elkartasuna, solidaritate, sareak... Aipaturiko aspirazio erraldoi horri buru egiteko, gertakizun guzi horiek behar dute lurraldeari lotuak izan, molde sozial eta solidario batetan. Lurraldeari, bere osotasunean (eta ez orain arte soilik enpresei) lotutako garapen iraunkorra asmatu behar dugu, ideia berriak eta alternatibak asmatuz. Nere ustez, Iparralde-Hegoalde espazioak, bere ezberdintasunak oinarri, oportunitate ederra eskaintzen du gure adimen kolektiboa presio pean ezarteko…