[2014ko maiatzaren 30ean Gipuzkoako Hitzan argitaratua]
Enpresen tamaina txikia arazo izatetik hizpide izatera pasa da. Gaindegiak urrian aurkeztu zituen Euskal Herriko enpresa demografiaren datuetan aipatu zuen, eta aurreko egunetan Confebask enpresarien elkarteak gai berari heldu dio enpresen batez besteko tamaina handitu behar dela esanez.
Enpresa txikiek, hamar langile baino gutxiagokoek, enpleguaren %60ari eusten dioten aldetik ez da txantxetakoa horrelako enpresen osasuna. Horrekin batera, garrantzitsua da bertako enpresa indartsuenei egiten dieten zerbitzu ekarpena, hurbilekoa eta eraginkorra. 2008an finantza krisialdiak eztanda egin zuenetik, ordea, hainbat enpresa ikusi ditugu ateak ixten edo zailtasun larrietan, horietako asko enpresa txikiak eta langile autonomoenak.
Izan ere, Gipuzkoan enpresa industrial txiki eta ertain askok —%92 hemeretzi langiletik beherakoak dira— bezero bakarrarentzat jardun dute lanean, garapen teknologiko eta merkaturatze baliabideak, inbertsioa azken batean, doi-doi eguneratuz; maximizazioa eta errentagarritasuna berrikuntzaren aurretik egon dira, harik eta gazteak kontratatzeari utzi dioten arte. Fagor Etxetresnak edo beste hainbat enpresa handiren zailtasunek enpresa txiki askoren etorkizuna nola baldintzatu duten ikusi dugu, eta horrek ikusarazi digu, halaber, zeinen garrantzitsua den enpresa txikien gaitasuna bere puntuan mantentzea.
Zoritxarrez, azken urteotako gorabehera ekonomiko larriak oinarriak dantzan jartzeraino iritsi ez balira, ez ginateke jardungo enpresa txikiak indartzearen garrantziaz. Datu bat aski da esandakoa ulertzeko: berrikuntzara bideratutako baliabide ekonomiko gehienak enpresa ertain eta handietara joan dira, txikienen eguneratzea berez etorriko zelakoan.
Gauzak ez dira, ordea, horrela gertatu, eta, egun, badakigu hainbat eta hainbat lanposturi eusteko nahiz herrialde honen gaitasun produktiboa bermatzeko ezinbestekoa dugula enpresa txiki horiek sasoian egotea. Are gehiago, enpresa industrialak edo industriarentzat laguntzaileak badira; horiek baitira enplegu gehien eta kalitate handienekoa sortzen dutenak.
Enpresa txikien eraginkortasun eta sendotasunak, baina, ertz gehiago ditu. Batetik, kontuan izan behar genuke enpresa txikietan ahulenak eskualde periferikoetan daudela. Hiriburuen eragin eremutik kanpo. Beraz, gainbehera ekonomikoak herri eta bailara osoen gainbehera eragin dezake. Horra hor, Gipuzkoan Urolak eta Debabarrenak duten egoera, Oarsoaldea ahaztu gabe. Halaber, sektore ahulenetan dauden enpresa txikienak are larriago ibiltzen dira horrelakoetan; besteak beste, baserriko produkzioa, transformazio agroalimentarioa, merkataritza txikia, baxurako arrantza eta abar.
Gipuzkoan eta Euskal Herrian enpresa txikien proportzioa ez da Europako beste lurralde batzuetakoa baino handiagoa. Desberdintasuna, ordea, beste nonbait dago, enpresen arteko saretze eta lankidetza kulturak indar handiagoa du hainbat kasutan. Beraz, baliteke enpresen tamaina handitzea izatea erronka berriei erantzuteko bide eraginkorra, esaterako, atzerrira jo edo prozesu berriak indarrean jartzeko. Baina badira formula osagarriak ere, besteak beste, enpresen arteko saretze eta lankidetzarena; balio katea osatuz zerbitzu eta produktu berriak eskaintzeko aukera dugu, esaterako, Lapurdiko enpresekin elkar hartuta.
Gauzak horrela, enpresa txikienen sendotze prozesuak erabateko apustua eskatzen du, maila askotan. Instituzioek inteligentzia ekonomikoko zerbitzu indartsuak bideratu beharko lituzkete, baita formazio politika indartsuagoak ere, enpresek parte hartze eta konpromisorako formula berriak bideratu, finantzaketa tresna konprometituak…
Ezagutzen dugu baliabide publikoak xahutu eta enplegu eskasa sortzen duen industria, ezagutzen dugu bertako enpleguari eusteko konpromisorik ez duena, bertako hornitzaile eta baliabideak baztertzen dituena, bertako eskola eta instituzioak ulertzen ez dituena. Orain, gure egitura produktiboa ikasitakotik indartzeko gai garela erakutsi beharko dugu.