Euskal lurraldeak eta lankidetza aro berrian

Bere jarduera armatua betiko etetea erabaki du ETAk. Nazio dimentsioaren aldetik aro honi ezaugarri berezia emango dio erabaki horrek. ETAren erabakiaren ondorioak, ordea, ez dira izango aldi honen ezaugarri bakarrak. Mundu mailako joera makroekonomikoak, Espainiako Erresumaren hondamendi ekonomikoa, Frantziako Errepublikak Iparraldearekiko duen utzikeria nabarmena… norabide bera adierazten ari zaizkigu. Alegia, gure gizartearen erronkei aurre egin nahi izanez gero, euskal lurraldeek, egun duten indar guztia baliatuz, eguneroko jarduera parametro nazionaletan garatu behar dutela. Bidenabar, esan dezagun indar hori aintzat hartzekoa dela bere osotasuna eta aniztasuna aintzat hartuz gero. Ahal dugu eta behar dugu gure galderen erantzuna aurkitu eta gure etorkizuna irabazi.

Euskal Herrian erantzun zehatza behar duten hamaika auzi egon arren (estatus juridikoa, eredu soziala, estrategia sozio-ekonomikoa…) Herri gisa non gaude? Alegia, oraindik ez da abiatu tokiko ikuspegiak nazio mailakoekin uztartzen dituzten proposamenen lanketa. Krisialdi ekonomikoak, hauteskundetako erronkak… eta bestelako gertaeren eraginpean ezagutzen ari garen proposamenak tokikoak edo txokokeriaz jantziak izaten ari dira. Eta honako hau bai dela gertaera kezkagarria, are gehiago kontuan hartzen badugu egun lurraldeen arteko ikuspegia edo jarduera ildoak abian jartzeko aukerak tokiko eragileen baitan baino ez daudela. Ikus ditzagun zenbait adibide. Hauteskundeen eremuan hautagaiak aurkeztu dituzten aukera desberdinek ez dute inondik inora gure lurraldetasunean oinarritutako programa eta argudiorik eskaintzen. Zertan da alderdi abertzale baten eskaintza alderdi unionista batena baino hobea? Nazio izaerako jarduera izateak dakarren berezitasuna kenduz gero, programaren zein ataletan dago osagai nazionala? Ez legoke batere gaizki, esaterako, euskal hautetsiek Madrilgo gorteetan euskal aireportuen arteko lankidetza (Miarritzekoa barne) eta osagarritasuna sustatzeaz eztabaidak piztu eta proposamenak negoziatuko balituzte. Berritzailea litzateke honelako lankidetza eredu bat, baliabideak aurreztuko genituzke, sinergia berriak sortuko lirateke. Kutxabank egitasmoaz gauza bera esan daiteke. Beharrezko proiektua izaten jarraitzen du, baina ekimen honen alde egiten duten eragileen artean ez diogu inori entzun euskal lurraldetasun osoa aintzat hartuko duen estrategia eta eginkizunak sustatzearen aldeko apustua egiten duela. Eta zer esan BCC-ri buruz, Basque Culinary Center delakoaz, zertan datza bere “basque” izaerak? Esan nahi baita nazioartean honelako hedapen indarra duen ikastegi batek balio izan zezakeela bere edukien artean beren beregi Iparraldeko edo Nafarroako Erriberako eskaintza agroalimentario zabala bere edukien artean sartzeko. Balio izan zezakeen, halaber, titulazio berri bat sortzeko: “Sukaldeko euskal produktuetarako ordezkaria”, behar diren ziurtagiriekin hornitua eta gure lurraren zein bere ekoizleen lanaren ezagumendu sakonarekin mundu osoan barna jatetxe eta banatzaileen artean gure lurreko produktuak sustatuko dituena, “Idiazabal”, “Ossau-Iraty” edo “Roncal” izan…

Ez dugu gogoko horren gordin esatea, baina ez politikan ez ekonomian ez eta jarduera eremu gehienetan ere, ez da jokatzen gure lurraldetasuna bere osotasunean aintzat hartuz.

Onartu beharrekoa da euskaldunen arteko lankidetza egitasmoek kanpotik eragindako oztopo-lasterketa bati erantzun behar diotela. Bide horretan abiatzen dena tarteko helmugara akituta iristen da, lasterketarekin jarraitzeko indarrik gabe. Euskal Herria “desprogramatzeko” estrategia zaharraren aurrean gaude oraingoan ere, gure auzoekin berdintzea bilatzen duena. Gaindegiak bezala hainbat elkarte eta enpresa… aski jakitun da lege eta araudiak nazio izaerako jarduerak zapuzteko moduan paratuta daudela. Baina arazo horren jakitun garen aldetik adierazi nahi dugu beharrezkoa dela eragile politiko zein administratiboek euskaldunen arteko lankidetza erraztuko lukeen zolu juridiko-administratibo bat sortzeko ekimenak abian jartzea, baldintza eta mugarik gabeko euskal lankidetzari bideak irekitzeko. Ezin onar dezakegu gure premietatik urruntzen gaituzten muga eta baldintzarik, besteak beste, herri gisa ditugun aukerak baliatzen uzten ez badigute. Gure arazoak elkar lagunduz konpontzeko nazio izaera duen eremu sozio-ekonomiko funtzional bat gorpuztera iritsi behar dugu, herri honen estatus-ean aldaketak gertatu zein ez. Ez da falta euskaldunen arteko lankidetza sustatu nahi duenik. Bide hori sasiz garbitu eta aintzat hartuko gaituen ekimen politiko zabala falta da.

Xabier Isasi, Gaindegiako Lehendakaria
Imanol Esnaola, Gaindegiako Idazkaria