Enpresa guztien artean %2,5 baino ez dira handiak Euskal Herrian, baina ekonomia eta enpleguan duten eragina oso nabarmena da
Normalean 250 langiletik gorako enpresak jo ohi dira handitzat, baina Euskal Herrian enpresa txiki eta ertainak nabarmen dira nagusi, eta alderatzen jarrita, 50 langiletik gorako enpresa oro da handia gurean. Hori horrela, 3.089 enpresa handi daude zenbatuta gaur egun. Negozio guztien artean %2,5 baino gutxiago da hori. Enpresa horien ia bi heren zerbitzuen sektorekoak dira, eta ia heren bat industriaren alorrekoa.
Proportzioan gutxi badira ere, enpresa handi batek bere eskualdeko ekonomian duen eragina oso handia da; enpleguaren eta batez besteko errenta erabilgarriaren aldetik, adibidez. Krisialdi garai honetan, gainera, Euskal Herrian egoitza duten establezimendu handiak zeresan handia ematen ari dira. Batzuk kanpo inbertsoreen beharrean daudelako aurrera egiteko (Euskaltelen kasua, berriena, eta Fagorrena ezin ahaztu), beste batzuk kanpo salmentetan nabarmentzen direlako (CAF, Irizar, Orona), eta kanpoko enpresa zenbaitek euskal herriratzeko aukera ikusi dutelako azken urteotan (Mercadona Hego Euskal Herrian, IKEA Barakaldon eta Baionan).
Eskualdeka, establezimendu handien proportzioari dagokionez, Bilbo Handia da jaun eta jabe Euskal Herrian: 865 enpresa handi, edo bestela esanda, eskualdean egoitza duten enpresa guztien artean %28. Zifra apalagoetan dabiltza, baina atzetik ditu Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuak, Durangaldea, Baiona ingurua eta Debagoiena. Industrialdeek bezala, establezimendu handiek ere bat egiten dute Euskal Herriko errepide sare nagusiarekin.
Enpresa handi horietako askok atzerriko kapitalarekin egiten dute lan; batzuk multinazionalak direlako zuzenean, eta besteek atzerriko inbertsoreak dituztelako.
Hego Euskal Herriko datuek erakusten dute kanpo inbertsioen bilakaera oso gorabeheratsua dela urtez urte, ez dagoela egonkortasunik. Hala ere, krisialdiaren eragina oso nabarmena izan da: kanpo kapitalaren zifrak 2007an jo zuen goia, eta hurrengo urteko beherakadak 1998ko zifren pare jarri zuten atzerriko inbertsioa. 2013an igoera izan zen, baina kontuan izan behar da 2007an iaz halako bi inbertitzen zela.
Hain zuzen, enpresa handiak eta kanpo kapitala izan ditu hizpide aste honetan Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, ETB1eko Azpimarra saioan. Endika Alabort ekonomialariak hartu zuen parte programan, berarekin batera.
Bideoa (30.30 minututik aurrera):