Lurralde desorekak Ipar Euskal Herriaren garapen instituzionalean [2015eko azaroa]

Ipar Euskal Herria egitura instituzional bakar batean biltzeko beharra aspaldiko aldarrikapena da. Ipar Euskal Herriaren geroari eragiten dioten politika publikoak bertan erabakitzeko premia gorria dago. Frantziako errepublikaren lurralde antolamendua berrikusten ari den honetan, aukera hori eskaini izanak ilusioak piztu eta gehiengoa aktibatu du atzera berriro.

Eztabaidak hainbat gako du, esaterako, udal eta egitura instituzional horren arteko eskumen banaketa zein izango den, erabakiak hartzeko egitura integratua (denak batera) ala federalagoa izango den (udalerri handienen autonomía).

Prefetak proposatu duen eredua “hirigune elkargoa” izendatu dute. Eta bestetik, hainbat juristak eta ACADIE gabinete juridikoak proposatutakoa, “hirialde elkargoa” izenekoa. "Hirigune elkargoak" eta "hirialde elkargoak" legez eskumen bertsuak dituzte, bi egituren arteko desberdintasuna eskumenen aplikazioan datza. "Hirialde elkargoak" eredu integratua du, eta udalek haien eskumenak osoki egitura berriari emanen lizkioteke. "Hirigune elkargoan", aldiz, eskumen banaketa hori egiterakoan malgutasun gehiago dago eta udalek eskumen osoaren ordez, eskumenaren zati bat eman diezaiokete egitura berriari. Bestalde, "hirialde elkargoak" negoziazio eta eskumen bereziak jaostzeko gaiatsun gehiago luke, eskualdearen planifikazio eta prospektiba politiketan legezko parte hartzailea delako, eta legeak bestelako instituzioen (Estatu, Eskualde, Departamentu) eskumenak jasotzeko aukera ematen baitio. Beraz, erritmoak, eskumenak eta lurralde eremu bakoitzeko gobernu talde bakoitzaren xedeak daude eztabaidan nahasita.

Aste hauetan (2015eko azaroaz ari gara) herriko etxeek prefetak egin duen proposamenaren inguruan (“Hirigune elkargoa”) iritzia eman beharko dutenean hasi dira proiektuaren aurkako iritziak entzuten, hain zuzen, biztanleriaren zati garrantzitsu bat biltzen duten Aturri inguruko udalerrietako auzapezena (Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarte), egitura federalagoa eta urraska garatuko dena eskatuz, eta bestetik, barnealdeko hautetsi eta udalerri askorena, hasieratik osatutako egitura bat eskatuz.

Oro har, erantzunak argia eta sendoa izatea eskatzen du, Ipar Euskal Herria ahots bakarrarekin mintza dadin Parisen aurrean.

 

Interesak beti ez datoz bat

Ipar Euskal Herrian desberdintasun garrantzitsuak daude lurralde batzuetatik besteetara, eta ondorioz, interés programatikoak beti ez datoz bat.

Gauzak horrela, ikus dezagun zein diren lurralde desoreka horiek, balizko interesen talkari zaion erreparoa ulertzeko. Horretarako Ipar EH hiru lurralde eremu funtzionaletan banatuko dugu: (kostaldea, barnealdea eta erdian bitarteko eremua) eta horien zenbait ezaugarri sozioekonomiko aztertu.

 

Biztanleriaren bilakaera Iparralden

Gazteak Errenta Laborantza

>> Biztanleria lurraldean: Ipar Euskal Herriak 290.000 biztanle ditu.Kostaldeak biltzen du Ipar EHko biztanleen %58, bitarteko zonaldeak %27,5 eta Barnealdeak %14,5. Gainera, bitarteko zonaldean hazi da gehien biztanleria, eta besteak beste, gazteen proportzioa. Barnealdeak gazteak proportzio handian galtzen jarraitzen du. Bataz beste, barnealdean sortutakoen %17 galtzen du eta adin tartea zabalduz gero (bizitza proiektu bat garatzeko adinean dagoen biztanleriaren iratute tasa, kostaldeak eta bitarteko zonaldeak bilakaera positiboa dute, baina barnealdeak negatigoa (%-1,0)

>> Biztanleriaren jatorria: Kostaldeko udalerrietan biztanleriaren erdia Ipar EHtik kanpo sortua da (Biarritz % 61, Angelu %51, Baiona %51…) eta euskal kulturarekin eta lurralde xedearekin urruneko harremana du. Halaber, kostaldea Frantziatik datorren populazio gaztea hartzen ari da. Barnealdean, aldiz, bertan sortutakoen proportzioa nabarmen handiagoa da, esaterako, Baigorrin %80, Donibane Garazin %79, Donapaleun %78…

Esandakoak ondorio argiak ditu, hizkuntzari dagokionez ere, kostaldean euskararen ezagutza duten herritarren proportzioa apala da eta nagusi barnealdean, Zuberoan eta Garazi-Baigorri herri elkargoetan %60tik gorako proportzioetan.

>> Herritarren joera politikoa: Antzekoa esan daiteke herritarren joera politikoari dagokionez, kostaldeko hiri handietan nabarmen handiagoa da indar jakobinoen babesa eta barnealdean aldiz, bertako egitasmoekin engaiatutako indarrena, hautagai abertzaleena edo sentsibilitate hau barneratzen duten zerrendena gero eta gehiago.

>> Biztanleriaren errenta maila: Pertsonalaren mediana %20 baxuagoa da barnealdean kostaldean baino. Agerikoak dira diferentziak, esaterako, Errobi-Aturri herri elkargoan 21.631 euro dira eta 17.369 Iholdi-Oztibarreko herri elkargoan (2012). Xiberoa herri elkargoan eta Garazi-Baigorrikoan dira errenta baxuenak ondoren.

>> Jarduera ekonomikoa: Kostaldean merkataritza, turismoa eta zerbitzuak dira nagusi (populazio aktiboaren %80), barnealdean berriz, laborantza, sektore agroalimentarioa eta industria, laborantzan biztanleria aktiboaren %20 ari da eta industria-eraikuntzan %26,4). Gainera, kostaldean enpresen sorrera bizkortu egin da azken urteotan (%53ko hazkundea hiri handien eremuan), ez, ordea, barnealdean.

>> Zerbitzuen eskuragarritasuna: Barnealdean kostaldean baino nabarmen zerbitzu gutxiago dago eta daudenak urrunago, esaterako, Nafarroa Beherean gizarte laguntza zerbitzuetara iristeko bataz beste 9,5 kilometro dago eta lapurdin 2,9. Bigarren hezkuntzako zentroak Zuberoan bataz beste 30 kmtara daude, Lapurdin 10 km. Azken urteotan barnealdeko hautetsien kezka eta protesta-gai ezaguna izan da zerbitzu publiko zenbaiten itxieraren aurrean (postetxeak, gizarte babeserako bulegoak…).

 

Gauzak honela, eremu bakoitzean aldarrikapen edo xede batzuk nagusitzen dira:

  • Barnealdeak biztanleria eta euskal identiateari eusteko balio izango duen garapen egitasmo bat aldarrikatzen du. Besteak beste, laborantzako lurrak gorde eta espekulazio inmobiliarioa eragozten duena, zerbitzu eta azpiegitura indartsuagoak izango dituena, euskara ofizialtzat hartuko duena, unibertsitate eskaintza osoagoa…  Halaber, lurraldearen jasangarritasunari lotutako ikuspegi ideologiko indartsu batean oinarritua. Bere egoerak eta helburuek egitasmo berriak eta egungo inbertsio irizpideak aldatzea eskatzen ditu.
  • Kostaldean, aldiz, handiak dira hirigintzari eta lurralde antolamenduari lotutako auziak (eta interesak), baita gizarte kohesioari lotutakoak ere. Kostaldearentzat barnealdea, izatekotan bere interesen hedapenerako eremu interesgarri bat izan daiteke (bitarteko zonaldea nozitzen ari dena), esaterako sustapen urbanistikoari, turismoari, aisiari edo ospe txarreko egiturei lotua (zabortegiak), baina ez inbertsio hartzaile handi bat. Gainera, ez dugu ahaztu behar, Kostaldea atsedenerako harrera lekua dela eta talka egiten duela barnealdeak zerbitzu turistikoen garapenak dakartzan ondorioez duen ikuspegi kritikoarekin. Beraz, kontrako ikuspegiak nagusitzen dira garapen edo inbertsio publikoaren premiaren inguruan.
  • Honela, biztanleriaren pisuaren arabera ordezkatu behar balira hautetsiak balizko instituzio horren organu erabakitzaileetan, kostaldeko lau udalerri jendetsuenen esku legoke eserlekuen %40 eta ondorioz, nagusigoa luke barnealdeko egitasmoak baldintzatzeko eta bereak sustatzeko.
  • Egitura honen antolamendu eta eskumen banaketaren arabera, elkarbizitza eredu bat sortzen edo lurralde interesen arteko talka ikusiko dugu.